INFO

Egungo sistema ekonomikoaren ikuspegi kritikoa proposatzen duen unitate didaktikoa sortu dute

Finantzaz Haratago eta Steilas eragileek sortutako ‘Hezkuntza finantzario kritikoa eta etikoa gizartea eraldatzeko’ unitate didaktikoak egungo sistema ekonomikoaren ikuspegi kritikoa proposatzen du.

Finantzaz Haratago eta Steilas eragileek ‘Hezkuntza finantzario kritikoa eta etikoa gizartea eraldatzeko’ unitate didaktikoa sortu dute. (Finantzaz Haratago)

Finantzaz Haratago eta Steilas eragileek ‘Hezkuntza finantzario kritikoa eta etikoa gizartea eraldatzeko’ unitate didaktikoa sortu dute. Egungo sistema ekonomikoaren ikuspegi kritikoa proposatzen du, batez ere finantza-sistemarena, eta «bizitza erdigunean» jartzen duten beste antolaketa-modu batzuk aurkezten ditu.

Unitate didaktiko hau Lehen Hezkuntzako 5.-6. mailatik Batxilergora arteko ikasleentzat (10 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat) egina dago.

Azaldu dutenez, unitate didaktiko honetan, ikasleek eta irakasleek gaiak aztertzeko era ezberdin bat topatuko dute, ikuspegi kritiko eta eraldatzaile batetik, «balioa emateko pertsonen eta planetaren zerbitzura dagoen eta gutxi batzuen onura helburutzat ez duen ekonomia bat sustatzeak duen garrantziari».

Unitateak truke-sistema, tokian-tokian kontsumo iraunkorra sustatzeko sortutako moneta soziala, etxegabetzeak edo armen negozioan parte hartzen duten finantza-erakundeak aztertzen ditu.

«Unitate didaktikoak ikasleari lagundu egingo dio beste errealitate batzuk pentsatzeko eta ezagutzeko bidean, bultzatu egingo du zalantzak eta jakin mina izatera, eta lagundu egingo dio justifikatzen, argudiatzen eta aztertzen, haren autonomia sustatuz eta errealitatea beste ikuspegi batetik erakutsiz. Azken finean, lan horrek pentsamendu kritikoa sustatuko du», azaldu dute bultzatzaileek.