INFO

Inuiten hizkuntza Kanadan ofizial bihurtzeko eskatu dute

Aluki Kotierkek, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko lan-talde batean parte hartzen duenak, inuiten hizkuntza Kanadan frantsesarekin eta ingelesarekin maila ofizialean parekide izatea eskatu du.

Bi haur ingelesez eta inuiterazko kartel batetik pasatzen dira, Nunavuten. (AFP)

Aluki Kotierk, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko (Unesco) inuiten ordezkari denak, hizkuntza hau Kanadan estatus ofiziala izatea eskatu du, ingelesarekin eta frantsesarekin batera.

Nunavut lurraldean «inuiten eskubideak eta interesak» babesten dituen Nunavut Tunngavik Incorporated presidente den Aluki Kotierk esanetan, Kanadak hizkuntza ofizial gisa onartu beharko luke inuiten hizkuntza, bertan hezkuntza eta beste zerbitzu batzuk inuiteraz eskaintzen direla bermatu ahal izateko.

Kanadak eskaera hori onartuko balu, hizkuntza babesteko baliabide egokiak finkatuko lirateke, nabarmendu du Aluki Kotierkek.

Nunavuteko biztanleen %70 inguruk inuiteraz hitz egiten dute eta lurraldeko hiru hizkuntza ofizialetako bat da, nahiz eta eskola gehienetan ingelesa irakaskuntzarako hizkuntza den.

Aluki Kotierkek, Nunavuteko diputatu federal Lori Idloutekin batera, inuit haurrek beren hizkuntzan irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela adierazi du.

Pablo Rodriguez Kanadako Ondarearen ministroaren bozeramaileak, bere aldetik, Gobernu federalak hizkuntza indigenak sustatzeko eta biziberritzeko ekimenak planifikatzen dituela esan du, eta balizko galeraz sentsibilizatzeko eragiten duela ere.

Unescok Kanadan identifikatutako 90 hizkuntza indigena gehienak galzorian daude. Kotierkek parte hartzen duen Unescoko Hizkuntza Indigenentzako hamarkada bateko munduko lan taldearen helburua da mundu guztiko hizkuntza indigenak, hizkuntzak mehatxupean dituztenak, bizirauteko babestea, horren premia larria dago eta.