INFO

«Menuba», saskibaloiari loturiko aplikazioa sortu da kirol nutrizioko gabeziak zuzentzeko

Ignacio Escribano Ott Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta saskibaloiko entrenatzaile eta nutrizionistak bere doktorego tesiaren barruan burutu duen artikulu batean oinarritu du aipatu aplikazioa, «nutrizio espezifikoaren ezagutza eskasa» hobetu nahian.

Ignacio Escribano, bere aplikazioa erakusten. (EHU)

Oro har, nutrizioak funtsezko zeresan handia du kirol errendimendua azken muturrera eraman eta errekuperazioa azkartzeko; saskibaloian, bereziki. Kirol horren ezaugarri nagusiena mugimendu azkarrak, bat-bateko eta errepikatuak dira, eta jokalariek ahalegin handia egin behar dute.

Bestalde, txikitatik nutrizio hezkuntza ona izatea funtsezkoa da ohitura onak sortzeko, helduarora arte luzatuko baitira ohiturok. Ignacio Escribano Ott Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta saskibaloiko 1. mailako Ligako goi mailako entrenatzaile eta nutrizionistak artikulu zientifiko bat argitaratu berri du, bere doktorego tesiaren barruan, honako izenburu honekin: «A Glimpse of the Sports Nutrition Awareness in Spanish Basketball Players».

Azterketa honen helburu behinena izan zen kirol nutrizioari buruzko ezagutzak eta ohiturak deskribatzeko ikerketa bat egitea Espainiar estatuko saskibaloi jokalarien lagin batean –18 urtetik beherako kirolariengandik hasi eta profesionalak ez direnetara eta helduen mailan profesionaletara iritsi direnetara arte–. Lortutako emaitzen arabera, nutrizio espezifikoaren ezagutza eskasa da kategoria eta maila guztietan.

Ignacio Escribano Ottek berak adierazi duenez, «ezagutzek aurrerago ohitura bihurtuko diren portaerak azaltzen dituzte. Hala ere, ezagutza falta hori dela eta, egokiak ez diren nutrizio jokabideak eta ohiturak hartzen dira, eta horrek osasuna eta kirol errendimendua arriskuan jar ditzake».

Hala, nutrizionista profesionalengandik jaso beharreko laguntzarek faltak eraginda, denbora kudeatzeko zailtasunak eta ezagutza falta dira saskibaloi jokalariek, adituen gomendioen ildotik, jokabide osasuntsuak
garatzea eragotzi dezaketen oztopo nagusiak. Gabezia horiei aurre egiteko, UPV/EHUko ikertzaile honek Menuba garatu du, saskibaloiari aplikatutako kirol nutrizioko app bat.

Nutrizio portaera desegokiak

Escribanok bere artikuluan adierazten duenez, saskibaloi jokalarien nutrizio ezagutzak, ohiturak eta portaerak ez datoz bat adituen gomendioekin. Ondorioz horiek kirolariek beren osasuna arriskuan jar dezaketela iradokitzen dute, eta muturreko egoeretara irits daitezkeela; hau da, energia faltara edo gehiegizko energiara.

Horrez gain, nutrizio gehigarriak gaizki kudeatzea eta hautatzea dakarten mezuak jasotzen dituzte, eta elikadura kantitatea, mota eta unea oker aukeratzen dituzte; horrek guztiak eragin negatiboa du beren kirol errendimenduan.

«Nutrizio heziketaren gabezia hori betetzeko sortu da Menuba app-a», zehaztu du ikertzaileak. Proiektu berritzaile bat da, pandemia sasoian sortu zena, eta UPV/EHUren Gazte Ekintzailetza programako 25 enpresa ideietako bat da.

Escribanoren hitzetan, «Menubak modu arin eta berritzailean hurbiltzen ditu zientziaren arloan garatutako ezagutzak, teknologia berrien bidez».

Egun, Menuba (www.menuba.com) Google Playstoren eskura daiteke doan, eta, laster, Apple Storen kaleratuko da iO-rako.