INFO

Bidasoa Ospitaleko auzian Sagarduiren isiltasuna salatu dute profesional eta herritarrek

Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren birmoldaketa proiektuaren aitzinean Gotzone Sagardui Osasun sailburua «isilik» gelditu dela kritikatu du Osasun Bidasoa plataformak. Lanek iraun bitartean bertako ebakuntzak Donostiako Onkologikora eramateak «zerbitzuari kalitatea kenduko diola» erantsi du.

Osasun Bidasoak deitutako protesta baten artxiboko irudia. (OSASUN BIDASOA)

Bidasoa Ospitaleko profesionalek eta Osasun Bidasoa herri plataformak ostiraleroko elkarretaratzea egin dute Irunen, erietxe honetako ebakuntza-gelak erabat ixteko Osakidetzaren plana gaitzesteko. Obrek irautea espero duten 18 hilabeteetan ebakuntzak Onkologikoan egiteko erabakia hartu du Osasun sailak.

Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuaren jarrera kritikatu dute. «Inguruko alderdi politiko eta udalek hala eskatu arren, ez du txintik esaten, baina aurrera jarraitzen du planteamenduarekin», adierazi diote Efe agentziari Osasun Bidasoako iturriek.

Irungo Udalak bilera eskatu zion joan den abenduan sailburuari, 90.000 biztanle ingururi eragingo dien birmoldaketa honetaz mintzatzeko. Izan ere, Bidasoa Ospitaleak, irundar eta hondarribiarrei soilik ez, Gipuzkoatik hurbil dauden Nafarroako hainbat herriri ere ematen baitio zerbitzua.

Onkologikoa «ez dago prest» ebakuntza horiek hartzeko

Herri plataformaren iritziz, Onkologikoa «ez dago prest» Bidasoa Ospitaleko ebakuntza horiek bere gain hartzeko. «Bidasoa Ospitaleak bost ebakuntza-gela ditu. Onkologikoak, ordea, hiru. Gainera, Bidasoak ordutegi zabalagoa du», azaldu du.

Jakinarazi duenez, erietxe honetan lanak hasiko dituzte otsailean «ebakuntza-gelatxo bat» moldatzeko. Zehaztu duenez, orain laborategia dagoen lekuan anestesiarik behar ez duten ebakuntza txikiak egiteko asmoa dute. Maiatzaren 2an, alor kirurgikoko langileak Onkologikora lekualdatuko dituztela gehitu du plataformak.

Salatu duenez, Osakidetzak Bidasoa Ospitaleko «Anatomia Patologikoko saila behin betiko desagerraraztea» aurreikusten du, eta ez du erabaki horren gaineko azalpenik eman.

Otsailaren 19an, manifestazioa

«Obrak hasi aurretik Osasun sailak profesionalen iritzia kontuan hartzea litzateke normalena, baina ez da horrela izan, eta ez dute zentimetro bat mugitu beren jarrera», ondorioztatu dute plataformako iturriek.

Egoera honen aitzinean, manifestazioa deitu dute datorren otsailaren 19rako, Irunen.