INFO

‘Uhinak’ Korrikaren inguruko dokumentala ostiralean estreinatuko dute Laudion

Estreinaldiaren ostean, herriz herri ikusi ahal izango da, baita internet bidez ere. Txakur Gorra kolektiboko sortzaileek egin dute ordu erdi pasatxo irauten duen lana, zeinak Korrikaren ibilbideari begirada zuzentzen dion, udaberrian etorriko den edizio berria ardatz.


22. Korrikaren inguruko dokumentala, ‘Uhinak’, heldu den ostiralean estreinatuko dute Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Trailerra ikusgai dago jada. Ekitaldia iluntzeko 20:30ean hasiko da eta bertan Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek, dokumentalaren egileek, hartuko dute hitza, baita Asier Amondo Korrikako arduradunak ere.

Emanaldira sartzeko sarrera doakoa da, baina interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute internet bidez.

‏Behin estreinaldia eginda, datozen asteotan hainbat herritan ere ‘Uhinak’ lanaren emanaldiak programatuko dira. Era berean, laster, telebista nahiz internet bidez zabalduko da.

«Euskal Herriaren zain eta arteria grisetan barrena abiatu gara eta bederatzi ahots topatu ditugu bide bazterretan. Ahots hauei esker, bederatzi paisaia desberdin ezagutu ditugu: bederatzi errealitate linguistiko eta emozional. Hitzekin jolasteko gonbita egin diegu, eta elkarrekin ekiten jarraitzeko irrika jaso dugu bueltan», deskribatu dute filmaren egileek.

33 minututan zehar, Korrikarekin harreman zuzena izan duten pertsonak elkarrizketatu dituzte eta artxiboko irudi ederrei esker, Euskal Herria euskararen alde zeharkatzen duen lasterketaren historia errepasatzen du lanak. Korrikaren 22. edizioa iragartzeko balioko du ‘Uhinak’ lanak. Izan ere, martxoaren 31n hasi eta apirilaren 10era arte Euskal Herria zeharkatuko du lekukoak.