INFO

Pentsioa aitortu diote amiantoaren eraginez hildako langile baten alargunari

Sunsundegiko langile baten alagunari amiantoak sortutako gaixotasun profesionalaren ondoriozko alarguntza-pentsioa onartu diote. Langilerari erretiratu eta gero diagnostikatu zion Osakidetzak biriketako mesotelioma, eta 2021eko urtarrilaren 1ean hil zen.

Amiantoaren biktimen elkartearen elkarretaratze bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

ELA sindikatuak ohar baten bitartez jakitera eman duenez, langile baten alagunari amiantoak sortutako gaixotasun profesionalaren ondoriozko alarguntza pentsioa onartu dio Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN). Langilea, gipuzkoarra, Sunsundegiren Altsasuko lantokian egiten zuen lan. Erretiratu eta gero diagnostikatu zion Osakidetzak biriketako Mesotelioma, eta 2021eko urtarrilaren 1ean hil zen.

Hildako langilea Sunsundegiko txapa atalaren arduraduna izan zen 1991ko urtarriletik 2000ko apirilera. ISPLNk 2021ko apirilean egindako txosten kliniko-laboralean jasotzen denez, Sunsundeguiren Altsasuko instalazioetan «barrutik amiantoz estalita zeuden tren bagoiak eraberritzen ziren», eta ondorioztatzen du «ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik, esposizio irizpidea dutela bai latentzia denboragatik (30 urte inguru), bai eta pairatzen duen patologiagatik (pleurako mesotelioma)».

Berrespen horren ondotik, orain hildakoaren alargunak zein senideek aukerak dituzte segutasun neurri gabeziengatik prestazioen errekagua eskatzeko, edota erantzunkizun zibilaren arloko ekintza abiatzeko.

ELAk berriz ere azpimarratu nahi du amiantoa «ondorio dramatikoak dituen laneko pandemia dela, enpresaburuen eta administrazioen mespretxuaren ondorio».

Era berean, sindikatuak erakunde publikoei eskatu die langile klasearen osasunerako eskubidea eta eragindako kalteen ordaina modu eraginkorrean bermatzeko beharrezko baliabideak eslei ditzala, eta lantokietatik produktu kantzerigenoak ezabatzeko konpromisoa berresten du. Izan ere, EH Bilduk amiantoaren biktimentzako 25 milioiko partida adostu zuen espainiar Gobernuarekin 2022ko aurrekontuetan.

Sindikatuak dei egin die amiantoak kaltetutako langile eta senideei euren eskubideak erreklama ditzaten, «gaixotasunak amiantoaren eraginpean egon eta urte askotara agertzen baitira».

Duela astebete pasatxo, amiantoaren eraginez hildako beste langile baten alargunari ere %30eko errekargua eman zioten.