INFO

Bidaiariei covid ziurtagiria besterik ez eskatzeko gomendatu die EBk Estatu kideei

Mugikortasuna errazteko xedez, bidaiariei txertaketa ziurtagiria besterik ez eskatzeko gomendioa egin die Europar Batasunak Estatu kideei. Hala ere, aholku bat denez, ez dute nahitaez bete beharko.

Bidaiariak Loiuko Aireportuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Europar Batasuneko herrialde kideek bidaiari europarrei ezartzen zaizkien covid kontrolen inguruko irizpideak aldatzea erabaki dute astearte honetan. Hori horrela, otsailaren 1etik aurrera, bidaiatzeko neurri murritzaileak jatorri eta helmugako herrialdeen egoera epidemiologikoaren araberakoak izan ordez, bidaiarien txertaketa ziurtagirian oinarritu daitezen gomendatu du EBk. Hala ere, irizpide berria gomendio bat baino ez denez izango, estatu kideek mugaz gaindiko bidaiariak berrogeialdiak eta bestelako probak egitera behartu ahalko dituzte.

EBk ohar baten bidez argudiatu duenez, bidaia protokolo proposamen berriak Europako txertaketa mailaren «gorakada nabarmenari» eta «covid ziurtagiriaren aplikazio azkarrari» erantzuten dio. Hori horrela, proposamenak neurri murritzaileak «sinplifikatzea» eta bidaiariei «argitasun zein aurreikuspen ahalmen» handiagoa ematea bilatzen duela azaldu du EBk.

Gomendio berriak barnebiltzen duenaren arabera, covid ziurtagiri bat duten bidaiariek, txertaketa prozesu guztia osatuta dutenek, gaixotasuna berriki gainditu dutenek edo bidaiatu aurretik test negatibo bat egin dutela frogatzen dutenek, estatu kideen artean bidaiatu ahal izango dute beste mugarik gabe, eta, horrela, ez dute berrogeialdirik edo proba diagnostiko gehigarririk egin beharko helmugara iristean.

Txertaketa ziurtagiriaren iraupenari dagokionez, EBko estatuek adostu dute 9 hilabeteko iraupena ezartzea baldin eta bidaiariak ez badu errefortzuko dosirik hartu. Bidaiariak errefortzuko dosia jaso baldin badu, ziurtagiriaren balizkotasuna mugagabea izango da. Dena den, herrialde batzuek 9 hilabete baino iraunkortasun murritzagoa aitortuko diote ziurtagiriari.

Nolanahi ere, neurria ez da loteslea izango eta Europako 10 herrialdek EBren aholkuari muzin egingo dietela iragarri dute jada, tartean Estatu frantsesak, Italiak, Portugalek, Alemaniak eta Herbehereek. Herrialde hauek, txertaketa ziurtagiriaz gain, test bat exijituko diete herrialdera sartu nahi duten bidaiariei.

Proba gehigarrien berrezarpena

Era berean, EBk bidaiariei mugikortasun murrizketak, test diagnostikoak eta berrogeialdiak bezalako proba gehigarriak berrezartzeko bi eszenario aurreikusten ditu: bata, covid aldaera «kezkagarri» berri baten agerpena eta, bestea, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak argitaratzen duen Europako herrialdeen semaforo epidemiologikoan helmugako herrialdea gorri ilun kolorean egotea.