INFO

Frantziar Elizak 20 milioi euro bildu ditu sexu-abusuen biktimei kalte-ordaina emateko

1950 eta 2020 bitartean Estatu frantseseko 330.000 adin txikiko Eliza katolikoko kideen biktimak izan zirela kalkulatzen da. Erakundeak 20 milioi euro batu ditu biktima horiek indemnizatzeko.

Eric de Moulins-Beaufort, presidente de la conferencia episcopal, cuando anunció las conclusiones de la asamblea que reunió a 120 obispos en Lourdes. (Valentine CHAPUIS /AFP)

Gilles Vermont-Desrochesek, Adingabekoen Abusuen Aurkako Borroka eta Sorospen Funtseko (SELAM) presidenteak, astearte honetan iragarri du frantziar Estatuko Eliza katolikoak 20 milioi euro bildu dituela bere komunitateko pederasten sexu-abusuen biktima izandako milaka pertsonei kalte-ordaina emateko.

«Lehen pauso bat da. Elizak hitzemandakoa bete du», azaldu du Vermont-Desrochesek. Izan ere, joan den urrian, erakunde erlijiosoek hala eskatuta, batzorde independente batek 1950 eta 2020 bitartean frantziar Elizako kideek adin txikikoei egindako sexu-abusuak ikertu zituen. Ikerketa amaitutakoan ondorioztatu zuten 330.000 adingabe baino gehiago izan zitezkeela elizgizonen sexu-abusuen biktimak.

Kasuen zifra ikaragarriak Estatu osoa astindu zuen eta gotzain frantsesek, zeinak hilabete beranduago Lurdesen batu ziren ikerketen ondorioekin zer egin erabakitzeko, sexu-abusuen biktimak indemnizatuko zituztela agindu zuten. Diru bilketarako, «Elizaren jabetzako» eraikinen salmentaz baliatuko zirela iragarri zuten.

Salerosketa prozesuaren ostean, Eliza katolikoak 20 milioi euro eskuratu ditu. 20 milioi euro horietatik bost oraindik eratzen ari den erakunde independente bati finantza-ordaina eskatzen dioten biktimentzat izango dira, eta beste milioi bat prebentzio eta memoriara bideratuko da.

Erakundearen erantzukizuna

Eliza katolikoaren barruan adingabeei egindako sexu-abusuen irismenari buruzko txostena argitaratu zenean, apezpikuek eraso horietan izandako «erantzukizun instituzionala» aitortu behar izan zuten. Ikerketa publikatu ondoren, Frantzisko aita santuak, sexu-erasoen aurkako borroka bere lehentasunetako bat bihurtu duela dioenak, «min izugarria» eta «lotsa» sentitzen zuela aitortu zuen.

Eliza espainiarrean ikerketarik ez

Eliza espainiarrak, bere aldetik, «momentuz» uko egin Eliza frantsesaren ereduari jarraitzeari eta bere baitako elizgizonek burutu zitzaketen pederastia delituak ikertzeari. Espainiar Estatuko Elizaren aburuz, oraingoz «ez da beharrezkoa» ikerketa independente bat abiatzea.