INFO

Zazpi preso Euskal Herriratuko dituzte; Lakuak erabakiko du nora

Zazpi preso gehiago ekarriko dituzte Euskal Herrira, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak astearte honetan iragarri duenaren arabera. Madrilen eta Logroño artean dira orain zazpi horiek. Ez da gradu aldaketarik onartu komunikazio honetan.

Urtarrilaren 8an Donostian eginiko mobilizazioa. (Gorka Rubio | Foku)

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak astearte honetan jakitera eman duenez, zazpi preso gehiago Euskal Herriratuko dituzte. Zehazki nora ekarriko dituzten Lakuako Gobernuak erabakiko du, eskumena orain bere eskuetan dago eta; momentuz ez da informazio hau publiko egiten ari, aurretik Estatuko zuzendaritzak normaltasunez egiten zuen arren.

Gotzon Aranburu, Lierni Armendariz, Bittor Franco, Asier Garcia Justo, Imanol Miner, Iñaki Reta eta Jabier Zabalo dira ekarriko dituzten presoak. Madrilgo Soto del Real zegoen orain arte urrutiratuena, eta Logroñon eta Kantabrian gertuen zirenak.

Soton ez da euskal presorik geratuko bertatik Iñaki Reta ekartzen dutenean. Kantabriako Duesotik Imanol Miner eta Lierni Armendariz Euskal Herriratuko dituzte. Logroñotik, Jabier Zabalo eta Bittor Franco. Eta Palentziako Dueñasetik, Gotzon Aranburu.

Hirugarren graduen berririk ez

Batzuetan hirugarren graduen onarpenen berri emateko ere baliatu da komunikazio hau, baina oraingo honetan ez da kasu bakar bat ere aipatzen. NAIZek astelehenean jakitera eman zuenez, Martuteneko Tratamendu Batzordeak hori proposatu du gaixotasun larria duen Francisco Jose Ramadarentzat, baina kasu honetan Lakuari dagokio lehen erantzuna, presoa bere lurraldean dago eta.

Aurretik iragarritako lekualdatze batzuek gauzatu gabe segitzen dute, bestalde. Gaur asteartean bertan burutu da premiazkoena: Maria Lizarraga, Izadiren ama, Aranjuezetik Zaballara ekarri dute, bere alabarengandik igandean banatuta geratu ostean, umeak hiru urte betetzerakoan. Abenduaren 30an iragarri zuten erabakia baina hiru aste luze behar izan dira burutzeko.

Gaur, hain zuzen ere, urruntzearen berri zehatza eman du Sarek, salbuespen politika aztertzen duen txosten baten bitartez. Egun 92 dira Euskal Herriko kartzeletan diren presoak, gehi hamar etxean, espetxaldi arinduan. Gaurko erabakiarekin eta gauzatu gabe diren aurrekoekin ehundik gora izango dira, beraz, Euskal Herrian diren espetxeratuak, %50a aise gaindituz.