INFO

Ashleigh Barty tenislaria eta jatorri aborigenaren defentsa harroa

Ashleigh Barty tenislaria Australiako Irekiko finalera sailkatu da txapelketa zinez ikusgarria burutu ostean. Sendo ari da etxeko tenislaria, bere jatorri aborigena harrotasunez plazaratuz. Txapelketa handi hau irabazi zuen azken australiarra Chris O’Neil izan en, 1978an. 

Ashleigh Barty finalerdietako garaipena ospatzen. (William WEST | AFP)

Azken 44 urtetan ez da australiarrik nagusitu Australiako Irekian. Ashleigh Barty lorpen hori erdiestetik oso gertu dago, finalerako txartela lortu baitzuen ostegun honetan Madison Keys erraz gainditu ostean (6-1, 6-2). Zinez txapelketa ikusgarria ari da egiten australia, parean jartzen zaion bakoitza sendotasunez kanporatuz. 

Mundu mailako ranking-eko tenislari onena da, lehendabiziko postuan dago sailkapenean. Iaz Wimbledon irabazi zuen eta 2019an, Roland Garros. Japoniako Olinpiar Jokoetan ere urrezko domina kolkoratu zuen eta horrek eraman zion berriro ere sailkapenaren gorenera. 

Tenisean izarra izan arren, fokoetatik nahiko aldentuta mantendu da australiarra, itzalean lan egiten. Queensland estatuan jaioa, bere jatorri aborigena ere harrotasunez darama –aita ngarigo indigena komunitatekoa da– eta Evonne Goolagong izan da bere erreferentea, zazpi Ireki irabazitako tenislaria eta jatorri aborigenekoa bera ere. Evonne Goolagong-ek erabiltzen zuen erropan inspiratutako jantziarekin jokatzen du, gainera, berarentzat «sekulako ohorea» dela onartuz. 

Orain, Barty bihurtu da Australiako indigena komunitateetako gaztetxoen eredu. Pistatik kanpo jarrera xumea eta handinahikeria larregi erakutsi gabe, bere umiltasunak erakarrita. «Ni neu izaten saiatzen naiz eta gazte horiek nirekin disfrutatzen badute eta kirol honen bitartez beraien arreta bereganatzeko gai izatea hunkigarria da niretzat», adierazi zuen Bartyk. 

«Gazteenek miresten duten magnetismo berezi bat du», adierazi zuen Australiako "The Age" hedabideak. Honek, teniseko lizentzietan %30eko igoera ekarri duela azpimarratzen du egunkariak. 

Junior mailan Wimbledon irabazi zuen 15 urte zituela eta garaipen horren ostean, inguruan sortu ziren aurreikuspen altuek presionatuta, tenisa utzi behar izan zuen. 17 hilebetez pistetatik at egon zen 2014 eta 2015. urtean. Azkenean, itzultzea erabaki zuen eta poliki-poliki, xume-xume, sailkapenean gorantz egiten hasi zen. Partidak irabazi, sendotasuna erakutsi eta 2019an bere lehendabiziko txapelketa handia irabazita. 

100 aste baino gehiago lehendabiziko postuan

Pasa den urriaren 18an, 100 aste bete zituen munduko sailkapeneko lehendabiziko postua defendatzen. 2019ko ekainean lortu zuen gorenera iristea estreinakoz eta ordutik, gorabehera batzuk izan dituen arren –esaterako, 2020an koronabirusaren eraginez apenas lehiatu zuen eta iazko Estatu Batuetako Irekiaren hirugarren kanporaketan galdu egin zuen–, inork ezin izan dio gainditu sailkapen orokorrean. 

Bartyrekin batera, soilik beste 8 tenislarik lortu izan dute historian zehar lehendabiziko postuan 100 astez mantentzea: Steffi Graf (377), Martina Navratilova (332), Serena Williams (319), Chris Evert (260), Martina Hingis (209), Monica Seles (178) eta Justine Henin (117). 

Australiako Irekian finalera hain tinko iritsi izanak ere lagunduko dio lehendabiziko postu hori defendatzen. Momentuz, 110 aste doa. Finalean Danielle Collins estatubatuarra izango du aurrean, Ireki bateko bere lehendabiziko finala jokatuko duena.