INFO

Hegazti-gripearen aurkako «zentzuzko kudeaketa» eskatu dute laborariek Donapaleun

«Kanpoko hazkuntza, biharko laborantxa» zioen pankartaren atzean ehunka lagunek manifestazioa egin dute gaur larunbatean Donapaleun, hegazti-griparen aurrean hartutako neurriak salatzeko. Arazoa ez dela etxalde txikietan, industrializazio joeran baizik, nabarmendu dute.

Laborariak eta laborarien aldekoak, larunbat honetan Donapaleuko karriketan. (Guillaume Fauveau.)

ELB sindikatuak eginiko deialdiari jarraiki, ehunka lagunek Donapaleuko karrikak zeharkatu dituzte gaur larunbatean, 14.00etan abiaturik, haien bizibide diren kabalak galdu dituztenen sostengatzeko, eta bereziki «Ministeritzako zentzugabeko politika sanitarioa salatzeko».

Urtero errepikatzen den sakrifikatze politika kritikatzen dute Euskal Herriko laborariek. Horrek ez duela hegazti-gripea urtero hedatzea saihesten gogorarazi dute, eta benetako arazoa etxaldeen industrializazioa dela ziurtatu dute. Eredu hori gelditzea egokiena litzatekeelakoan daude.

«Zentzuzko kudeaketa» sanitarioa eskatzen dute beraz, non etxalde txikien berezitasuna kontuan hartuko litzatekeen. Hazkuntza industralizatuekiko dagoen ezberdintasuna horrela azaldu du ELBk: «Etxalde barneko funzionamendua ez da kabale bizirik ateratzen etxaldetik, kanpoko parte hartzalerik ez da, ondorioz beren etxaldea babesten dute eta ez dituzte beste hazkuntzak lanjerrean ezartzen».

Aurretik ere izan dira mobilizazioak, gaurko manifetazio honetarako iristeko. Azkena, pasa den ostegunean Lohizüne-Oihergiko Beti Aitzina etxaldearen aurrean, non Julen Perez eta Sabrina Larzabal laborariei sostengua erakutsi zitzaien, beraien kriaxera espezieko 1.100 ahateak sakrifikatuak izan ostean.

Hegazti-gripearen aztarnak atzeman zuten animalietan, eta hil behar zirela ezartzen du Gobernu frantsesak eritasunari aurre egiteko daraman politikak. Behin eta berriz errepikatzen ari den egoera tamalgarria.