INFO

Leire Iribarne musikari baxe nafarra auto istripu batean hil da

Leire Iribarne Diabolo Kiwi taldeko musikaria zendu da auto istripu bate ondorioz. Ezbeharra ostiral gauean gertatu zen A64 autobidean, Baionako noranzkoan hiru autok talka egin zutenean.

Leire Iribarne Lasako musikaria. (Paul BALAZEY | Badok.eus)

Irulegiko Irratiak eman du albistea larunbat goizean. Nafarroa Behereko Lasa herrian 1997an sortu zen Leire Iribarne musikari gaztea zendu da auto istripu baten ondorioz.

Oso gazte hasi zen musikan Iribarne, Ipar Euskal Herriko beste gazte anitz bezala haur kantu txapelketatik igaro zelarik.

Diabolo Kiwi taldeko kidea zen lasatarra. Abeslari gisa eta baita teklatuetan ari zen musikari gaztea.

Baxe Nafarroako musika taldearen bueltan 2016an elkartu ziren Leire Iribarne, Julen Etxeberri, Allande Etxeberri eta Amaiur Epher.

Pop eta funk estiloak landuz euskarazko kantuak sortu dituzte, gehienbat, naiz eta beraien esanetan ardatz nagusirik ez duten segitu.

“Kokinkeriak fini” diskoa aurkeztu zuten 2019an. Dantzagarria izateaz gain, «musika eguzkitsua» egiteko gogoa azaldu zuten musikari gazteek.

Seaskatik igarotako gazteak izanik Ellande Etxeberrik eta orain zendutako Leire Iribarnek aitortu zutenez beraientzat naturala izan zen Piarres Larzabal kolegioko ikasleekin batera 2020ko Herri Urratsen bideoklipa grabatzea.

Iazko irailean, berriz, “Uhin galduak” diskoa atera zuen taldeak. «Teklatuekin hasi ginen testurak bilatzen eta kantu guztien inguruan burbuila batean sartzea ekarri zigun, bidaia intergalaktiko bat egiteko», aipatu zuten baxenabartarrek Naiz irratiko uhinetan.

‘Uhin Galduak’ diskoaren presentazioa zuzenean eginen zuten urriaren 16an Izpurako Bentaberri gelan eskaini zuten kontzertu «bereziarekin».

Eragindako samina oso zabala izan da, musika mundutik haratago. Adibide gisa, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoaren lehendakaria eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea gogoratu dute sare sozialetan:

 

Istripuari buruzko informazioak

Oraindik ere informazio gutxi badaude ere Leire Iribarne istripua ostiral gauean gertatu zen A64 autobidean. 20.23ak aldera sorospen zerbitzuek trafiko ezbeharraren berri emanez deia jaso zuten.

Biarnoko Salies herriaren gertu, Baionako noranzkoan zihoazen hiru autok talka egin zuten "La Republique des Pyrenees" kazeta biarnesak jasotako albistearen arabera.

Iduriz basurde bat sartu zen errepidean eta horrek eragin zuen lehen autoak talka egitea Bellocq (Beloke) herriaren parean. Horren ondotik bertze bi autok talka egin zuten bata bestearen atzetik. Orotara zoztzi lagun zauritu ziren ezbeharrean.

Bigarren autoan zihoala hil den musikari gaztea zehaztu du France Bleu irratiak. Zaurituko bat bertan artatu zuten eta beste sei lagun Baiona eta Paueko erietxera eraman behar izan zituzten.

Orotara 20 bat hogei bat suhiltzaile mobilizatua izan ziren baita Orthez hiriko Samur zerbitzua ere.