INFO

Nagore Martin eta Maider Huizik jantzi dituzte Bizkaia Torneoko txapelak

Final estu eta gogor batean (12-10, 11-12 eta 10-12) gailendu zaizkie Irazustabarrena eta Etxanizi.

Nagore Martinek eta Maider Huizik merezitako txapelak jantzi dituzte. (NAIZ)

Nagore Martin eta Maider Huizi dira paleta larruzko Bizkaia Torneoaren IV. edizioaren txapeldun berriak, igande honetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean Irazustabarrena eta Etxanizi (12-10, 11-12 eta 10-12) irabazita. Finalean ez ezik, jokatutako partida guztietan gailendu dira gasteiztarra eta hernaniarra eta hortaz ezin esan merezimendurik gabeko garaipena izan denik.

Gaurko finalean esaterako 576 pilotakada eta ordubete baino gehiago behar izan dituzte garaikurrak etxera eraman ahal izateko. Final handia izan da gaurkoa Miribillako pilotalekukoa eta lau pilotariak maila oso onean aritu dira, bertaratu eta telebistaz jarraitu duten zaleen gozamenerako.

Jokatutako hiru setak oso izan dira berdinduak, garaipena alde batera zein bestera eror zitekeen, baina azkenerako Nagore Martinen ahalmen fisikoa eta Maider Huiziren segurtasuna erabakigarriak suertatu dira txapelak urdinen aldera eror zitezen.

Galdos-Erasun, hirugarren

Jaialdia ireki duen partida, hirugarren posturako lehia ere luze eta orekatua izan da eta hirugarren joko bat behar izan da kontsolaziozko finala zein aldetara erortzen zen jakiteko. Azkenerako, Galdos eta Erasun nagusitu dira, Agirresarobe-Arrietari 12-6, 10-12 eta 12-9 irabazita. Eskuaren oihartzunik ez badu ere, argi dago larruzko paleta emakumeentzat oso joko molde aproposa dela eta ematen duten ikuskizuna handia dela.