INFO

Bizkaiko feminismoaren historia hurbilari buruzko erakusketa ireki du EHUk

1968tik 1994ra bitarte berdintasunaren aldeko borrokari lotuta Bizkaian egindako material grafiko nahiz idatzizko material ugariren kopiak jasotzen ditu EHUk Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean antolatutako erakusketak.

Bilboko manifestazio feminista baten artxiboko argazkia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak ‘Zutik, zutik, zutik. Bizkaiko mugimendu feministaren historia eta memoria (1968-1994)’ erakusketa inauguratu du eraikin berriaren atondoan astearte honetan, eta martxoaren 31ra bitarte ikusi ahal izango da.

Mercedes Arbaiza erakusketaren komisarioak, Miren Llona Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroko ordezkariak, Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasunerako zuzendari nagusiak eta Ana Irene del Valle Gizarte eta komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak parte hartu dute aurkezpenean.

Azaldu dutenez, Bizkaiko Aldundiaren Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun Sailak babestu du erakusketa, eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean jarraitzen du bere ibilbidea, ikastegiaren 40. urteurrenaren barruan.

1968tik 1994ra bitarte berdintasunaren aldeko borrokari lotuta Bizkaian egindako material grafiko nahiz idatzizko material ugariren kopiak jasotzen ditu erakusketak. Ibilbide historikoa egiten du mugimendu feministaren unerik garrantzitsuenetakoen artean.

«Urte haietan, bigarren olatuko feminismoak, intuizio eta ausardia handiz, bizia aldatu digun gizarte mugimendua jarri zuen martxan. Ezinegonaren eta esnatzearen garaia, eztanda politikoarena eta antolaketarena nahiz egonkortzearena, eraketako aniztasunetik abiatuta», azaldu dute.

Funts dokumental pribatu askoren laguntza izan du erakusketak, bereziki Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroarena, eta liburuak, aldizkariak, pegatinak, aktak, argazkiak edo kartelak erakusten ditu, besteak beste. Erakusketak ez du jatorrizko dokumenturik, eta erreprodukzioak, fotokopiak, kopien kopiak, puskak eta zatiak ditu.