INFO

Txapelketaren oreka orokorraren barruan oreka pertsonala ere bilatu beharrean

Iker Irribarria nabarmen ari da gora egiten bere jokoan txapelketak aurrera egin duen heinean, baina lidertzan egonagatik, kanpoko zaratatik at egon nahi du aramarrak.

Iker Irribarriak partida borobila jokatu zuen Etxebarrin. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Azkenerako partida nahi baino gehiago zaildu bazitzaien ere, erakustaldia emanda itzuli ziren igandean lidertzara Iker Irribarria eta Beñat Rezusta, hori bai, beste hiru bikoterekin batera zazpina puntura berdinduta. Emaitzez harago, aramarrak pozik egoteko motiboak ditu, belaunak ez baitio inolako minik egiten eta bere jokoan nabarmen ari delako gora egiten. Fresko dago oso, pilota abiaduraz irteten zaio bi eskuetatik eta, binakako jokora berriz ere moldatuta, errematean ere gero eta eraginkorrago agertzen da.

Baina historiako Buruz Buruko txapeldunik gazteenak inork baino hobeto daki kirola bi aurpegi dituen txanpona dela, gaur goian zauden bezala bihar behean egon zaitezkeela, eta horrexegatik, hankak lurrean izan nahi ditu. «Kirolean gauzak neurriz kanpo jartzen dira eta epai denak epe motzerakoak izaten dira. Hiru partida jarraian galdu genituenean ez ginen horren gaizki eta orain ez diegu jaramon handirik egin behar komunikabideetan entzuten ditugun iruzkinei. Bikote bezala gure lanean jarri behar dugu arreta guztia, gure inguruan esaten den on edo txar guztiari jaramon handirik egin gabe. Liderrak gara, bai, baina laugarrenarekin puntuetara berdinduta eta horren txapelketa orekatu batean ez dago erlaxatzeko denborarik», azaldu du asteazkeneko Eibarko material aukeraketan.

Aurkariekin identifikatua

Lehen aipatutako txanpon horren beste aldetik irten ezinda dagoen bikote bat izango dute arerio igandean Eibarren, azkeneko postuetatik ihes egin nahi duten Jaka-Mariezkurrenaren aurka arituko dira. «Gora-behera handiak izaten ari den bikote baten aurka ariko gara. Guk ere izan genuen hiru partida jarraian galdu genueneko bolada bat. Pilotari bezala asko identifikatzen naiz Erik eta Jonekin, nik ere gorabehera handiak izan ditut eta. Baina gutxien uste duzunean lanak fruituak ematen ditu eta eurek erakutsia dute oso bikote arriskutsua direla. Euren mailan aritzeko gai direnean, edonori irabazteko gai dira», azaldu du goierritarrak.