INFO

Bergarako Udalak berretsi du Valogreeneren planta ez dela bateragarria hirigintza planarekin

Larramendi poligonoko H partzelan hondakinen kudeaketari buruzko jarduera ezartzea ez dela hirigintza araudiarekin bateragarria berretsi dio Bergarako Udalak Valogreene enpresari, txosten berri batek hala konfirmatu ondotik.

Errauste plantaren aurkako elkarretaratzea Bergarako plazan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Bergarako Udalak arkitekto zerbitzuburuari galdegin zion aztertzeko Valogreene enpresak bultzatu nahi duen erraustegia bateragarria ote den herriko hirigintza planarekin, eta ezetz ondorioztatzu du txostenak. Aurretik ere esana zuen Udalak proiektua ez dela bateragarria Plan Orokorrarekin.

Urtarrilaren 31n jakinarazi zien Bergarako Udalak Larramendi poligonoko H partzelan paper hondakinetarako erraustegia ezarri nahi duen Greene Waste To Energy SL enpresari, Lakuako lngurumen Jasangarritasuneko sailburuordetzari eta gai horretan alegazioak jarri dituztenei jarduera hori ez datorrela bat aplikatu beharreko hirigintza araudiarekin, Udalak berak ohar batean adierazi duenez.

Bergarako Udalak jakitera eman du Lakuako Gobernuko lngurumen Jasangarritasuneko sailburuordetzak idatzi bat aurkeztu duela 2022ko urtarrilaren 3ko sarrera erregistroko datarekin, Valogreene enpresak bideratu nahi duen proiektuari dagokion ingurumen baimen bateratuaren eta ingurumen inpaktuaren azterketaren espedientearen barruan. «Bertan, Bergarako Udalari eskatzen dio egin dezala, 30 eguneko epean, bere eskumenen barruan egokitzat jotzen dituen oharrak jasoko dituen txostena», azaldu du.

Udalak esan du Greene Waste To Energy SL enpresa sustatzaileak ez duela aurkeztu garatu nahi duen jarduerarekin bat datorren hirigintza bateragarritasunari buruzko txosten eskaera berririk, Udalak 2021eko azaroaren 2ko Alkatetzaren Dekretu bidez hala eskatu zion arren.

Alkatearekin eskariz, ordea, udal arkitekto zerbitzuburuak hirigintza bateragarritasunari buruzko txostena egin duela esan du Udalak eta lan honetan ondorioztatzen da «gauzatu nahi den erabilera/jarduera ez dela hirigintza aldetik bateragarria aplikatu beharreko hirigintza araudiarekin».