INFO

«Denona eta denontzat» den eskola publikoaren aldeko legea aldarrikatu dute

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «denona eta denontzat» den eskola publikoaren aldeko Hezkuntza Legea aldarrikatu du, «egun dugun eskola segregazioarekin eta gizarte hausturarekin bukatuok duen legea», eta euskara ardatz izango duena.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Gasteizen eguerdian egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma osatzen duten eragileek «denona eta denontzat» den eskola publikoaren aldeko Hezkuntza Legea aldarrikatu dute, gaur egungo eskola segregazioarekin eta gizarte hausturarekin bukatzeko. Halaber, «euskara ardatz» izango duen legea eskatu dute, EAEko herritarrei «kalitatezko hezkuntza eredua eskainiko diena».

Hala adierazi dute plataformako kideak diren Kattalin Aizkorreta eta Maribel Lopez de Luzuriagak ostegun honetan Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan. Bertan azaldu dutenez, «gizarte gisa, ezin dugu gaur egungo sistema duala legitimatuko duen lege bat onartu. Lege berri bat egitekotan, eskola publikoak sistemaren erdigunean kokatu behar du, bere ardatz egituratzaile gisa».

«Egoera horretan soilik garatu ahal izango dituzte hezkuntza sistemako ikasle guztiek beren bizikidetza gaitasunak», gaineratu dute lege berriak jaso beharreko zenbait konpromiso eta mugak plazaratu ondoren.

Plataformaren esanetan, «ez da onargarria izango eskola publikoa eta pribatua parekatzen duen akordiorik edo legerik. Eskola bakarraren alde egin beharko luke Hezkuntza Lege berriak eta araudi adostua sortu, bokazio publikoa duten ikastetxeak publifikatzeko aukera izan dezaten».

Zentzu honetan, eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar duela azpimarratu dute, eta, horregatik, «lege berriak eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu beharko du 0tik 18 urtera, udalerri eta auzo guztietan». Halaber, legeak hezkuntza pribatu-itunduari mugak jarri beharko dizkiola esan dute, halako lerroak saihestuz eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean.

Haurreskolei dagokienez, doako zerbitzu publiko unibertsal bezala egonkortu behar dela azaldu dute, «0-3 ziklo publikoa ziurtatzeko, ikastetxe pribatu-itunduei ematen zaizkien 0-2 zikloko diru-laguntzak kenduz».

«Segregazioa sortzen duten ikastetxeak finantzatzen ari gara»

«Ezin da onartu egun ikastetxe pribatuek duten finantzaketa egonkortuko edo handitu nahi duen akordioa», nabarmendu dute, izan ere, plataformako kideek diotenez, «diskriminazioa eta segregazioa sortzen duten ikastetxeak finantzatzen ari gara».

«Kontzertazio unibertsalarekin bukatu behar du lege berriak, eta sare pribatuaren egungo finantzaketa eredua eztabaidan ipini, hezkuntza ekitatea zein gizarte kohesioari erantzuten ez dieten proiektu pribatuak finantzatzeari utzi», gaineratu dute. Galdera bat ere egin dute: «Zergatik finantzatu guztion diruarekin guztiontzat ez diren ikastetxeak?».

Segregazioa ekidin eta gizarte kohesioa bermatuko duten politikak eta matrikulazio prozesu gardenak eskatu dituzte, «segregazioaren lehenengo urratsa» amaitu berri den aurrematrikula aldian sortzen delako. «Lege berriak oraingo araudia goitik behera aldatu beharko du ikasleen matrikulazio orekatua ziurtatzeko», esan dute.

Halaber, euskalduntzen ez duten «eta, beraz, ikasleak diskriminatzen dituzten» hizkuntza ereduak kritikatu dituzte. «Euskara ikastea haur guztien eskubidea da, eta hori bermatzea guztion erantzukizuna da, administraziotik hasita. Euskararik gabe, ez dago integraziorik, eta integraziorik gabe orduan eta aukera gutxiago euskara normalizatzeko. Eskola publikoa indartzeak euskara indartzea dakar, sare publikoa baita ikasle gehien euskaldundu dituen eta euskalduntzen jarraitzen duen sarea», ohartarazi dute.

Parte-hartzea, ezinbestekoa

Amaitzeko, legea guztion artean egin behar dela esan dute. «Jaurlaritzak dioen bezala, datozen 30 urteetarako hezkuntza sistema lege berri honen bidez arautuko bada, alderdi politikoen arteko akordioa beharrezkoa da, bai, baina hori bezain garrantzitsua da hezkuntza eragileekin eta, batez ere, eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea, eta hori ez da egin. Hau aldatu ezean, salaketara eta mobilizazioetara jotzea baino ez zaigula geratzen ikusten dugu».

Mezu horrekin bat egin dute Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko eta Lasarte-Oriako plataformek, baita Zabaleko Bizirik Amurrioko plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Debagoieneko Goieskolak, Ehigek, Ehizek, Ikasle Sindikatuak, Ikasle Ekintzak, Gazte Komunistak mugimenduak eta Steilas, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek.

LABen Dekalogoa

LABek ere bat egin du Euskal Eskola Publikoaz Harrok plazaratutako aldarrikapenekin. Hala izanda ere, Hezkuntza Akordioari dagokionez, LABek bere proposamena duela adierazi du. Hauxe da urtarrilaren 24an aurkeztutako Dekalogoa, non hezkuntza sistema antolatzeko «proposamen integrala» eta eremu laboralari loturikoak biltzen dituen. Adierazi duenez, «LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea proposatzen du, titularitate publikoko eta hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritutako hezkuntza sare bakar eta burujabea».

«Norabide horretan, egungo eredu dualetik sare bakarrerako konfluentziarako proposamena egiten dugu. Eta horretarako, Harrok plazaratutako aldarrikapenez gain, bestelako eskaera batzuk ere jasotzen ditugu; hala nola, tokian tokiko hezkuntza antolaketa publikoa, non planifikazio eta eskolaratze batzorde bateratuek matrikulazioaren eta diru publikoaren kontrola egingo duten, edota diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen titularitatean parte hartze publikoa bermatzea», gaineratu du.