INFO

Elxen Alavesek gol aukerak ugaritu behar dituela nabarmendu du Jose Luis Mendilibarrek

Golak egiteari baino garrantzia handiagoa eman dio Alaveseko entrenatzaileak gol aukera gehiago egiteari, hori baita, bere ustez, taldeari falta zaion faktoreetako bat. Aulkira itzuliko da zaldibartarra zigorra bete ostean.

Mendilibar Alavesen aulkira itzuliko da Elxen, partida bateko zigorra jaso ostean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hamar partida daramatza Alavesek garaipena lortu gabe Ligan. Lehen Mailako sailkapeneko azken-aurreko postuan kokaturik dago momentu honetan talde babazorroa eta larunbat honetan gasteiztarrek baino sei puntu gehiago dituen Elxen zelaia bisitatuko du (14.00, Movistar LaLiga).

Jose Luis Mendilibarren etorrerak esperantzarako ate bat ireki zuen, eta Zaldibarkoak ez zuen gaizki hasi bere ibilbidea Alavesen. Hala ere, taldeak beheranzko joera hartu du eta bizkaitarrak badaki zer den hobetu beharreko faktore bat, eta hori gol aukerak dira.

«Gol falta» dagoela onartu du Mendilibarrek ostiral honetan eskaini duen prentsaurrekoan, eta horrekin batera gasteiztarrek ez dituztela gol aukera asko egin  gaineratu du. «Garrantzia gehiago ematen diot gol aukerak egiteari. Jokaldiak ez baditugu erdiraketekin amaitzen eta erremate zonetara gogoekin ez bagara sartzen, aukera gutxiago izango ditugu», azpimarratu du.

«Konbentzimenduz joan behar gara tokietara gola egin ahal izateko», gaineratu du zalbibartarrak. Hori bai, bihar ezin izango du bere taldea aulkitik gidatu, Bartzelonaren aurkako azken partidan kaleratua izan baitzen.

«Jokalariengandik gertu egotea eta entzun nazaten gustatzen zait, nahiz eta batzuetan agian ez nauten entzuten», adierazi du Mendilibarrek, zeinek, nahiz eta esaten den goitik hobeto ikusten diren partidak, berak gertu egotea nahiago duen.

Bizkaitarrak ezin izango du lesionatuta dagoen Ximo Navarrorekin kontatu, eta Mamadou Loum Senegalekin ari da Afrika Kopa jokatzen. Gainera, Facundo Pellistri bueltatu berria da Uruguairekin jokatu ostean, eta deialditik kanpo utzi du.

Talde dinamikan sartu berri da Jesus Owono atezaina, Kopa Afrikan maila bikaina eman ostean Ekuatore Ginearekin. Gaur bertan entrenamenduetara itzuli da eta taldekideek ongietorri beroa eskaini diote.

Bestalde, jokatzeko prest egongo da Nahuel Tenaglia. Argentinarrak eskuin hegalean joka lezake, Martin Agirregabiriaren ordez. Ruben Duarte eskerrera itzuliko da, behin lesioa gaindituta, eta atzekaldean Victor Laguardia eta Florian Lejeune arituko dira.

Gerta liteke neguko merkatuan iritsi diren lau jokalariak hamaikakoan izatea: Jason Remeirok eskuinetik joka lezake, Gonzalo Escalante zelai erdian arituko litzateke eta Manu Vallejo Joselu Matoren bikotea izan liteke aurrean.

Luis Rioja ezkerretik arituko litzateke, eta postu batengatik borrokatu beharko dute tomas Pinak eta Toni Moyak zelai erdian.

Elxek jaitsiera postuak aldendu nahi ditu, eta denboraldiko momenturik onenean dago. Azken 12 puntuetatik zortzi eskuratu ditu, eta oraindik ez du partidarik galdu 2022. urte honetan.

Hori dena Francisco Rodriguez entrenatzailea hilabete bat baino gehiago aulkitik kanpo egon denean, zigorrak eta covidarengatik.

Bi taldeek oso argi dute aurkari zuzenak direla. Beraz, larunbat honetan irabaztea pauso garrantzitsua litzateke. Alavesek badakit zer den Elxen etxean gailentzea, azken bi bisitetan garaipena erdietsi baitute eta golik jaso gabe gainera (0-1 eta 0-2).