INFO

Arabako Bertsolari Txapelketa apirilaren lehenean hasiko da Amurrion

Arabako Bertsolari Txapelketaren 15. edizioa martxoaren 19an aurkeztuko da, eta jokoa bera apirilaren 1ean hasiko da Amurrion. Finala ekainaren 11n izango da, Gasteizen, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.

Iñaki Viñaspre, gaur egungo Arabako bertsolari txapelduna, 2019ko martxoaren 30ean txapela jantzi zuen momentuan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Urtarrilean zen hastekoa 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa, baina atzeratu egin zuten, covid-19aren pandemiaren bilakaera zela-eta behar bezala antolatzeko modurik ez zegoela ikusita. Orain, data berriak ezarri dituzte udaberriari begira.

Bertsozale Elkarteak zehaztu duenez, martxoaren 19an aurkeztu ondoren, txapelketa apirilaren 1ean hasiko da Amurrion, eta ekainaren 11n izango da finala Gasteizen. Lau fasetan banatuko da lehia, final zortzirenak 30 bertsolarirekin: final laurdenak 18rekin, finalerdiak 12rekin eta finala seirekin. Gaia jartzen eta aurkezle lanetan 11 lagun arituko dira eta bertsolarien lanak epaitzen, beste sei lagun.

Arabako azken Bertsolari Txapelketa 2019an egin zen. Iñaki Viñasprek irabazi zuen. Bera da, hortaz, gaur egungo txapelduna. Manex Agirrerekin jokatu zuen buruz burukoa, 700 lagunek berotutako Gasteizko Printzipal Antzokian. Lierni Altunak jantzi zion txapela Viñaspreri.

Binakakoa eta Kuadrillakoa

2021ean, Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa egin zen lehen aldiz. Banakako txapelketa egokitzen zen, baina izurritearekin banakakoa baino binakakoa bideragarriagoa zelakoan antolatu zuten, bertso plaza eta kultura sustatzen jarraitzeko asmoz. Martin Abarrategi eta Manex Agirre izan ziren garaile Legution jokatu zen finalean. 200 bertsozale elkartu ziren bertako kiroldegian eta txapeldunek elkarri jarri zioten okasiorako bordaturiko txapela.

2020an Arabako Bertso Kuadrilla Artekoaren txanda izan zen. Bertsolari Txapelketarik ez dagoen urtean egiten da, bi urtetik behin. Taldekako egitasmoa izanik, kutsu jolastiagoa du eta talde sentimendua indartzea du helburu, bertsolaritzaren mugimendua berritzeko eta maila lokalean kohesionatzeko. Aramaioko Izenbakuek taldea izan zen garaile azken edizioan, Murgian jokatu zen finalean.

2021a bertsolariak plazara itzultzen hasteko urtea izan zela esan daiteke. Xilaba Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko txapelketa egin zen aurrena. Amets Arzallus Antia nagusitu zen bertan eta Miren Artetxe Sarasola izan zen bigarren. Ondotik, txapela estreinatu zuten Saioa Alkaiza Guallarrek Nafarroan –Eneko Lazkozekin kantatu zuen buruz burukoa– eta Nerea Ibarzabal Salegik Bizkaian –Jone Uriarekin iritsi zen azken txanpara–.