INFO

Askotariko helburu eta egoerak astea osatzeko

Relak Atletico Madril aurkari zuzena hartuko du arantza kentzeko gogoekin, Athletic abiadura mantentzen saiatuko da, Alavesek erritmoa berreskuratu nahi du eta Eibarrek arerio ia garaiezina bisitatuko du Bartzelonan.

Asteazkenean gertatutakoari buelta eman nahi dio Realak beste aurkari gogor baten kontra. Irudian, Eizagirre Kaciren aurrean. (Jon Urbe | Foku)

Otsaileko lehen aste gogorra igandean amaituko da Ligako 21. jardunaldiarekin, Lehen Mailako taldeek zortzi egunetan lehiatuko duten hirugarrena. Eta askotariko helburuekin eta egoeratan ekingo diote lau euskal taldeek.

Realak arerio zuzena jasoko du(11.30, ETB1)

Kolpe handia hartu zuten donostiarrek asteazkenean Real Madrilen kontrako porrotagatik baina, batez ere, porrotaren zergatiagatik. Akats larriak egin zituen taldeak eta hauek, aurkariaren kalitateari lotuta, txuri-urdinen bolada ikusgarriaren amaiera ekarri zuten.

Amorrua baretzeko aukera egoki eta berehalakoa eskaini dio lehiak Realari. Atletico Madrilek Zubieta bisitatuko du igande honetan (11.30, ETB1) eta donostiarrek zortzi puntuko aldea lortuko lukete partida irabaziz gero. Eta talde biek berreskuratzear dituzten partida eta puntu guztiak madrildarren alde amaituko balira ere, Realak aurretik jarraituko luke. 

«Ez da nolanahiko partida», onartu du Natalia Arroyok. Alde batetik, «atzetik daukagun lehen aurkaria delako eta gure abantaila handitu nahi dugulako» eta, bestetik, bere postuak erakusten duen bezela, oso aurkari zaila delako. «Baliabide asko dauzka» Atleticok, Arroyoren esanetan. «Gaitasun indibiduala iskin egiteko, pasatzeko eta maniobratzeko, tokia badago ondo konpontzen da eta azkar mugitzen da, abiadura handiko jokalariak baititu goian», aztertu du entrenatzaileak eta horregatik ezinbestekoa izango da asteazkenean egindako akatsak ez errepikatzea eta «gure egun onenetan izan dugun maila defentsiboa eskaintzea».

Defentsan galduko du jokalari bat Realak, Ane Etxezarretak ezker eskuko laugarren metakarpianoa hautsi baitu. Atzo ebakuntza egin zioten eta denboratxo bat eman beharko du jokatu barik. Maddik edo Tejadak hartuko dute bere lekua hamaikakoan.

Bestetik, Realaren eta Bartzelonaren arteko 18. jardunaldiko partida, aldagela txuri-urdinean egondako covid-agerraldiarengatik atzeratutakoa, datorren asteazkenean jokatuko da Zubietan. Printzipioz 12.00etatik aurrera baina Reala saiakerak egiten ari da arratsaldera pasatzen, zaletuentzat ordutegi egokiagoa ezarriz.

Athleticek Huelvan jokatuko du (12.00)

Athleticek ere esfortzuak luzatu beharko ditu otsailaren hasiera gogor honetan, asteazkenean Atletico Madril hartuko baitu Lezaman (19.00), talde madrildarran egondako covid agerraldiarengatik atzeratutako 15. jardunaldiko norgehiagoka jokatzeko.

Oso partida garrantzitsua da bizkaitarrek Europan jokatzeko duten ilusioa bizirik mantentzeko. Baina horrela izateko, aurretik aste hau burutu beharko dute hirugarren garaipena ospatuz, sailkapenean dauden aldeek ez baitiote Athletici hutsegiteko aukerarik ematen. «Talde onenekin borrukatu nahi badugu, epe motzeko helburuekin jarraitu behar dugu. Aste honetarako bederatzi puntutik bederatzi lortu nahi genituen eta momentuz seitik sei baditugu. Orain bederatzitik bederatzi egiten saiatuko gara», azaldu du Iraia Iturregik.

Huelvako Sporting-en kontra bilatuko dituzte zuri-gorriek hurrengo hiru puntu horiek. Erronka eskuragarria da sailkapenari begiratzen badiogu baina entrenatzaile bizkaitarrak badaki bere taldeak ez duela inolako erreztasunik topatuko. Zelaiagatik beragatik, «mailako deserosoenetakoa», eta batez ere aurkariarengatik. Kostata irabazten dute Huelvakoek baina kostata gainditzen dituzte aurkariek ere, Athleticek berak lehen itzulian Lezaman jokatutako partidan ikusi zuen bezela. «Talde borrokatua da. Partida bakarra irabazi du baina jokatu dituenen erdia berdindu du. Bere atea ere sei aldiz utzi dute hutsean; guk lautan besterik ez», azpimarratu du Iturregik, «oso partida gogorra espero dugu».

Itxasok eta Yulemak deialditik kanpo jarraituko dute, Naroarekin, Istillarterekin eta Monenterekin batera.

Alavesek Sevilla jasoko du (12.00)

Zauriak sendatzeko gogoak dituzten bi talde hartuko ditu bihar Ibaiak, bestetik. Jipoia hartu zuen Alavesek Betisen kontra asteazkenean eta are gogorragoa izan zen Sevillak sufritu zuena, Vila-realen kontra nabarmen galdu baitzuen etxean. Aurkari biek, edozein kasutan, sailkapenean duten egoerak eskaintzen dien lasaitasunarekin ekingo diote neurketari.

Horrek ez du esan nahi garrantzirik ez duenik. Mikel Crespok gogoratu duen bezela, «helburua oso gertu daukagu baina oraindik ez dugu lortu» eta, beraz, ezin dira aukerak alferrik galdu, batez ere Ibaian, non «taldea oso eroso sentitzen da». Izan ere, partida bakarra galdu dute bertan babazorroek, Realaren kontra.

Oraingoan Sevillaren kontra saiatuko dira etxeko dinamikari jarraitutasuna ematen eta, bide batez, azken aldi honetan moteldu den erritmoa bizkortzen. Ez du espero Crespok biharkoak lehen itzuliko partidarekin –Alavesek galdu zuen 85.minutuan jasotako golarekin– zerikusi handiegirik izatea baina zaila izango delakoan dago, hala ere. «Partida luzeak egiten dizkie Sevillak aurkariei. Baloia lapurtzen eta azkar irtetzen saiatzen da eta, aldi berean, oso zaila da eurei gola sartzea. Oso fin egon beharko gara baloiaren zirkulazioarekin», azaldu du.

Aurkari gaindiezina bisitatuko du Eibarrek (12.00)

Fin bakarrik ez eta bikain aritu beharko da Eibar. Eta, hala ere, ia ezinezkoa izango du punturen bat eskuratzea. «Bartzelona garaiezina da, Ligan zein Europan. Baina denok pasatu behar gara dentistaren kontsultatik», onartu du Ana Junyentek. Helburua, izan ere, «ahal den eta azkarren pasa dadila» da. «Ez dugu gustokoa partida hau jokatzea, ez daukagulako inolako aukerarik eta entrenatzaile guztion ustea delakoan nago».

Txarrena partidak sailkapenean izan dezaken ondorioa da. Hilabete osoak izan dezakeena, hain zuzen ere, egutegiaren zati zailenetakoari ekiten ari baitzaio talde armagina, jaitsiera postuekiko oso alde txikiarekin. «Bagenekien otsaila oso gogorra zela. Lasaitasuna mantendu behar dugu, erraza ez dela izango jakinez baina baita gure lana hor dagoela jakinez. Ezin dugu burua makurtu partida zailak datozelako. Aurkari garaiezin bakarra Bartzelona da eta notak kurtso amaieran hartzen dira. Beraz, lasaitasuna mantendu eta lehiatzen jarraitu behar dugu».

Zoritxarra borobiltzeko, Arola Lezaman lesionatu zen. Oraindik ez dago mediku-txostenik baina bere entrenatzaileak «luzea izango» dela onartu du. Aurrelariarekin batera, Noeliak eta Morerak jarraitzen dute deialditik kanpo. Llompart, Gantxegi eta Bernabe, berriz, bueltan daude.