INFO

Berdea da etorkizuna


Rem Koolhaas arkitekto aski ezaguna da munduko izarren konstelazioan. Kritikari batzuek Kolhaas Le Corbusierren maila berean jartzen dute dagoeneko. Eta arkitekturaren historian gertatu ohi den bezala, halako pertsonaiek manifestuak maite dituzte. Rem Koolhaasek ospea eskuratu zuen mundu zabalean orain hamarkada batzuk argitaratu zuen ‘Delirious New York’ liburuarekin. Koolhaasek atzerako manifestu gisa aurkeztu zuen bere liburua. XX. mende hasierako manifestu gehienek eraginik ez zutela zioen arkitektoak. Eta garai hartako nekea zela eta, Koolhaasek Manhattanen sorrera etorkizuneko kontakizun gisa aurkeztu zuen, kongestioaren kultura goratuz. Egiteko modu berri hori, Manhattanen eraikuntza, alegia, manifesturik gabeko froga amaigabea zela defendatu zuen Koolhaasek.

Orduz geroztik, urteak eman ditu hiri eta megalopolien arteko eztabaida eta arkitektura produkzioan. Orain, berriz, ‘Countryside: The Future’ (ikerketa) proiektu museizatua aurkeztu du. 2021ean izan zen estreinaldia New Yorkeko Guggenheim museoan. Dirudienez, hiriak ez du jada XX. mende amaierako arkitekto nabarmenena asetzen.

Landagunea –The Countryside– da, arkitektoaren aburuz, arkitekturaren eraldaketa fronte berria. Han-hemenka, bere hitzaldietan esan duenez, garai eta sasoiek agindutako nekazaritza modu batek lekua utzi die esperimentu genetiko, zientzia, migrazio klimatiko, lur salerosketa handi eta halako gertaerei. Orokorrean, berdez margotzen dugu mapetan urbanoa ez den beste lurralde guztia. Berde homogeneo horretan eraldaketa handiak gertatu dira hiriak hazi diren garaian. Bitarte horretan, landagunearen eta hiriaren arteko dikotomia sinplistaren jokoan ñabardura gehienak galdu ditu eremu berdeak.

Melbourneko diseinu eskolan emandako hitzaldian honela zioen Koolhaasek: «Arduragabea da gure gaurko obsesioa hiria izatea, ezin baituzu hiria ulertu landagunea ulertu gabe».

Uste dut gehienok bat egin genezakeela esaldi horrekin. Arazoa agertzen da geure buruari galdetzen diogunean nork eta nondik begiratuko duen landagunearen etorkizuna. Koolhaasen proposamenari egin zaizkion kritiken artean nabarmentzekoa da hiriaren aparatu ekonomikoaren ikuspegi soiletik egin duela ikerketaren proiekzioa.

Tira, uler dezagun Koolhaasen jatorria Herbehereak direla. Eta Herbehereetan egiten den lurzoruaren kudeaketak ikuspegi hiritar batek gidatutakoa da, hiriaren inguruan kokatzen diren nekazaritza eremuen errealitateak eta lurraldearen etengabeko lautasuna baitira oinarri. Bigarren problematika oinarrizkoagoa dator ondoren: landagunea ulertzeko manerak lokalak dira; ezin dira marko global batean aztertu eta galbahe beraren bitartez aplikatu politika territorialak. Alegia, landaguneak ezberdinak dira herrialde bakoitzaren morfologia, kultura edota gizarte baten iruditeria mentala dela medio. Harritzekoa da Koolhaas eta bere ikerketa taldeak gai honi heldu ez izana.

Hala ere, egia da, kaletarrok ezer gutxi dakigula landagunean gertatzen ari denari buruz. Hiriaren atzealde gisa ulertu ohi dugu eta hiriaren soberakinak kokatu dira azken garaian eremu berdean.

Prolog + 1

Zentzu horretan bideratu zuten gaia iazko Veneziako Arkitektura Bienaleko Poloniako pabiloia komisariatzeko lehia irabazi zuten Prolog+1 (Mirabela Jurczenko, Bartosz Kowal, Wojciech Mazan, Bartłomiej Poteralski, Rafał Śliwa and Robert Witczak) arkitekto-kolektibokoek. Bienaleko lelo nagusiak ondorengo erronka botatzen zuen: ‘How Will We Live Together?’. Elkarrekin nola biziko garen aztertzeko, Poloniako pabiloian, Prolog+1 kolektiboak herrialde ezberdinetako sei talde gonbidatu zituen herrialdeko landagunea irudikatzeko.

Egindako lanaren erakusketa eta argitalpenari ‘Trouble in Paradise’ izenburua jarri zioten. Arazoa lehen lerroan, hiritarrek landagunearekiko duten pertzepzio okerra. Paradisuan galtzeko asmoz egiten dugu kaletar askok landagunera. Eta hori beraien herrialdean azaleratu eta birpentsatzera eramaten du erakusketak. Nabarmentzekoak dira Kosmos arkitekto-talde errusiarrak iradoki dituen muturreko proiektuak. Landagunea hiriaren bestetako espazio gisa ulertzen da, Kosmos arkitekto taldearen arabera. Aldiz, landagunea, gaur egun, negutegi, biltegi, faktoria, korta eta bestelako artefaktuek osatutako paisaia jarrai bat da; hots, hiri edo herrien artean gertatzen den paisaia hori, eremu berdea, dentsoa da. Ondorioz, haien aburuz, egina dagoen horretan, batik bat azpiegituretan, dentsifikatu beharko lirateke landaguneak behar dituen eraikuntza eta bestelakoak. Nolanahiko arkitektura lineal infinitu bat proposatzen dute iruditeria naif bat erabilita, ustez, apropos infantilizatua.

Manifestu baten antza du ‘Trouble in Paradise’ proiektuak. Eta manifestu batean agertzen diren proposamenak debatea berotzeko aitzakiak besterik ez dira, baina eztabaida sustatzen dute bederen. Alegia, berriz ere manifestuen inguruan eztabaidatzeak, akaso, ekar lezake begirada sakon eta kokatu bat. Beste ertzean, ‘Countryside’ deritzon ikerketa globalizatuak, orokorki, batetik eta bestetik aukeratutako datu, ebidentzia, arriskugune eta irudi sugerenteak besterik ez ditu azaldu. Kasu honetan, Herbehereetako aparatu hiritarra baino, nahiago aukeran Poloniako etorkizun berdea eta euren manifestu infantila.