Euskal Selekzioaren norabidea argitzeko, alde guztien arteko bilera «aterabide» izan daiteke
Euskal Herria Kirola ekimenak lau euskal jokalari elkarrizketatu ditu Euskal Selekzioaren afera dela-eta. Murua, Etxezarreta, Balentziaga zein Illarramendi bat datoz aterabide bat «elkarren artean» bilatu behar dela iritzita. Guztiak penatuta agertu dira selekzioa «bere unerik onenean ez dagoelako».
Garai batean Euskal Selekzioaren inguruan sortzen zen ilusioa «itzaldu» egin delakoan daude Mikel Balentziaga, Ane Etxezarreta, Asier Illarramendi eta Garazi Murua futbolariak. Kontziente dira selekzioa ez dagoela bere unerik gozoenean, nahiz eta 2020. urte bukaeran, Federazioak FIFA eta UEFAren aurrean eskaera formala aurkeztu zuen.
Athleticeko kapitain Muruaren ustetan, bide horretan «insistitu behar da, gure bidea egiten segitu behar dugu instituzioetan eta partidak jokatzen jarraitu». Bizkaitarrak bereziki baloratu du pasa den urtean berriro partida bat jokatu izana, lau urtean geldirik egon ostean.
Ane Etxezarretak selekzioaren «jarraikotasunean» jarri du arreta, bere ustez beharrezkoa baita antolamendu egoki bat: «Garrantzitsua izango litzateke urtean behin edo bitan partidak jokatzea, beti ere antolamendu egoki batekin. Azken batean horren inguruan sortzen den giroa oso polita izaten da eta oso erakargarria».
«Gustatuko litzaiguke Euskal selekzioarekin jokatzeko aukera izatea euskaldunak garen heinean, zaletuen babesa jasotzea», azpimarratu du Beasaingo erdilariak eta penatuta azaldu da Euskal Selekzioaren afera «geldirik» dagoela sumatzen duelako.
«Jokalariok beti egongo gara Euskal Selekzioarekin jokatzeko prest, oso kuttuna den zerbait da guretzat eta ilusio handiz hartuko ditugu datozen partidak ere», gaineratu du Etxezarretaren bide beretik Muruak.
Jokalarien ilusioaren haritik tiraka, Mikel Balentziaga Athleticeko jokalariak gako bat eskaini du, izan ere onartu du berari betidanik gustatu izan zaiola Euskal Selekzioarekin jokatzea «baina Panamako partida hura eta gero, egia esan, jokalarion aldetik behintzat, ilusio asko galdu zen eta horrekin batera partidak jokatzeko gogoa eta harrotasun hori ere». Era berean, kontziente da gizartea bera ere aldatu egin dela eta agian selekzioaren aldeko atxikimendua ere apaldu egin dela.
Uste du antolakuntza aldetik gauzak ez direla «ondoegi egin», eta horrek ez duela laguntzen ilusioa eta konpromisoa sustatzeko. «Partida jokatzea gustatzen zaigu, baina gauzak ondo egin behar dira. Sarritan oso berandu iritsi zaigu deialdia, klubek ere oso berandu jakin izan dute… Badakigu aurkaria topatzeak zailtasun handiak dituela baina gauzak ondo egin behar dira. Jokalarien deialdia ere, ez dira sarritan ondoen egin. Bazirudien, jokalarien gogoaren baitan zegoela konbokatoria, eta hori ez zait oso serioa iruditzen, ez jokalarien aldetik ez antolatzaileen aldetik».
Klub, Federazio eta jokalarien artean bilera baten beharra ikusten du Zumarragako futbolariak, «gutxienez alde bakoitzak euskal selekzioa noraino eraman nahi dugun jakiteko».
Asier Illarramendi mutrikuarrak ere antolakuntza aldetik gauzak hobeto egin zitezkeela uste du eta horregatik, bilera baten beharraz ere mintzatu da. Are gehiago, jokatzen diren partidek «norabide bat markatu» behar dutela uste du, ez duela balio «edozein partidak, edonola jokatzeak», alegia.
«Realeko jokalariok, orain hiru bat urte hausnarketa kolektibo bat egin genuen. Guretzako inportantea da Euskal selekzioaren proiektua. Beti egongo gara hori babesten. Aurrera egiteko egokien iruditu zaigun alea jarri dugu beti. Eta jarriko dugu. Jokalari ikuspegitik, eta hain zuzen proiektuari garrantzia ematen diogulako, garbi ikusten genuen partidak jokatzea inportantea dela, baina ez edozein partida, ez edonola. Gure ustez, partidak norabide garbi bat behar du. Ez du zertan izugarrizko aurkari baten kontra izan behar, baina bai festa bat eta aldarrikapen bat…norabide bat marrazten duen partida bat. Gutxienez jokalariak eta zaletuak proiektuarekiko atxikimendua handitzeko balioa duena», hausnartu du Realeko kapitainak.
Balentziagak ez du izkutatu Euskal Selekzioa urtero jokatzen ikustearen nahia eta ahal bada, «urtean hiruzpalau alditan. Euskal Herria nazio txikia izanik, jokalari oso onak izatearen zortea dugu, eta partidak onak ikus genitzake».