Euskara, aniztasuna eta bizikidetza dira Hezkuntza Hitzarmenaren Oinarrien ardatz nagusiak
EAEko Hezkuntza lege berria egikaritzeko bidean, Parlamentuko Hezkuntza lan taldeak behin-behineko txostena du dagoeneko esku artean. Bertatik pasa diren eragileen iritziak jasota, euskara ardatz duen hezkuntza eredu eleaniztuna hobesten du, bizikidetza bermatu eta segregazioari aurre egingo diona.
Hezkuntza Lege berria adostu eta onartzeko bidean, iragan udazkenean eta neguaren hasieran ehun eragiletik gora pasa ziren Gasteizko Legebiltzarretik, auzi honen gainean duten iritzia emateko. Oso lan saio interesgarriak izan ziren Hezkuntza lan taldean, eta horien fruitua da gaur goizean aurkeztutako txosten mardula, lege berria ezaugarrituko dituen lerro nagusiak marrazten dituena.
«Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak» izeneko dokumentuak bi hilabete luze horietan Ganberan esandakoak jasotzen ditu, eta heldu diren asteetan taldeek egindako ekarpenekin osatuko da. Horrela, otsailaren 28an erabakiko da zer onartuko den eta zer ez, eta behin galbahea pasata, Parlamentuko Osoko Bilkurak.
Oinarrien txostenean zehazten denez, «XXI. mendeko Euskal Hezkuntzaren aldeko legea behar dugu, gure herriaren bilakaera historikoari eta euskal gizartearen aukera-aberastasunari justizia egingo diona, betiere balio publikoen marko berriari eusten, zerbitzu publikoa eskaintzen dutenek eguneratuko dituzten eskubideak eta betebeharrak birpentsatu eta birformulatuta izaera publiko horri dagokion eran».
Ildo honetan, eta hizkuntzari dagokionean, lege berriak Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartutako proposamenak jasoko dituela iragartzen du, «euskarari buruzko diskurtso partekatua sortzeko eta euskararen aldeko giro egokia indartzeko, Lanbide Heziketan eta hezkuntza ez-formalean euskararen presentziaren jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa bultzatzeko, hezkuntzako profesionalen komunikazio-gaitasuna hobetzeko eta hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera bideratzeko modu berriak ikertu eta garatzeko».
Txostenean aipatzen denez, «Euskal Hezkuntza Sistemak proiektu eleaniztun batean inbertituko du, dimentsio guztietan», eta gaineratzen du Hezkuntza dela egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren berreskurapenerako «ardatz nagusia», «belaunaldi berriek gaitasun egokia lor dezaten bermatzen duelako eta gizarte-kohesiorako giltzarria ere badelako».
Euskararen ikaskuntzaren berme
«Helburua argia da, ikasle guztiek gaitasun komunikatiboa izatea ofizialak diren bi hizkuntzetan, egoera errealera egokituta, ikastetxeak euskararen arnasgune izan daitezen», nabarmentzen du Hezkuntza Batzordearen txostenak, eta gaineratzen du, alde horretatik, euskararen erabilera errazten duten neurriak kontutan hartuko direla, hala nola, ikastetxeko hizkuntza proiektua, eskola komunitatearen motibazioa suspertzea edota ikasleen arteko harremana euskaraz indartzea.
Hemendik abiatuta, eta hizkuntza ereduari begiratuta, lege berriaren oinarriak jasotzen dituen dokumentuak «Euskal Hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztuna» dela aipatzen du, eta «bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez» egituratzen dela. Horiek hala, eta gehiago zehaztu gabe, testuak dio legeak «ikasle guztiek, familiaren jatorria gorabehera, ikasketak amaitzean bi hizkuntza ofizialak maila berean ezagutzea eta gutxienez atzerriko hizkuntza baten ezagutza izatea ahalbidetzearen alde» egingo duela.
Gauza jakina da, izan ere, egungo legeak eta sistemak ez dutela hori bermatzen, eta, zentzu horretan, dokumentuak dio «urteetako esperientziak erakusten dituen indargune eta ahulezietan arreta osoa» jarri behar duela legeak, «ebaluazioen emaitzak faktore anitzekoak izanik, interpretazio sinplistetan erori barik».
Ikasle euskaldun eleaniztunak
Batzorde buruak taldeei igorritako txostenak azpimarratzen duenez, «Euskal Hezkuntza Sistemak euskararen ikaskuntzaren berme izan behar du, hizkuntza-proiektu integratuak abian jarriz». «Helburua –gaineratzen du– ikasle euskaldun eleaniztunak lortzea» da, «gainerako hizkuntzak eta kulturak errespetatuz gizarte kohesiorako eragile aktiboak izatea».
Hala ere, testu horretan bertan nabarmentzen denez, «euskara gizarte hizkuntza normalizatua izan dadin, eskolaren esku-hartzea ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa, hezkuntza komunitateko zein gizarteko beste eragile batzuek ere ezinbestekoak baitira».
Oro har, eta laburpen gisa, honako helburuak ezartzen zaizkio hezkuntza ereduari: «Ikasleak eleaniztasunean gaitzea, derrigorrezko hezkuntza amaitzean hizkuntza ofizialak ondo menderatzen dituztela eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean gaitasun nahikoa dutela eta gizarte eleaniztun eta kulturaniztun batean elkarbizitzeko gai direla bermatzeko»; «euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartzea eta ikasleen erabilera aktiboa sustatzea»; «ikaskuntza prozesua garatzerakoan, ikasleek duten gaitasun eleaniztuna erabil dezatela. Eta aldi berean euskal kulturaz jabetzen joan daitezela»; «atzerriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak ikastetxeetan agerian jartzea, elkarrekiko aintzatespena bultzatzea, aniztasunaren balio kulturala eta ekonomikoa nabarmentzea eta hezkuntza-integrazioa sustatzea, betiere, euskara eta euskal kultura ardatz direla»; eta «ikasleengan beste hizkuntza eta kultura batzuekiko jakinmina piztea, nolakoak diren eta nola funtzionatzen duten jakitea eta bizitza osoan horiek ikasteko autonomia izatea».
Honekin batera, azpimarratzen da Curriculumek bermatu behar dutela «ikasleek bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, erabiltzaile aurreratu gisa erabat menderatzen dituztela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, Europako erreferentzia-marko bateratuaren adierazle bertsuetan», eta, era berean, aurreikusi behar dutela «gutxienez atzerriko hizkuntza bat behar beste ezagutu eta komunikazio egokia lortzea ikasketa-etapa beraren amaieran».
Gainera, lege berriaren arabera, Jaurlaritzak «ebaluazio tresnak jarriko ditu lortutako mailak balioztatzeko eta jarraipen sistema eraginkorra ezarriko du ebaluazioaren emaitzak hobetu eta helburuak lortzeko», eta «Euskal Hezkuntza Sistemaren baitan euskara lehenetsiko da jarduera-harremanetan zein profesionaletan baita ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere».
Bizikidetza eta aniztasuna
Bizikidetzak eta aniztasunak ere badute atal berezitua gaur ezagutarazitako txostenean. Izan ere, bertan aipatzen den legez, «Bizikidetza da etorkizuneko edozein proiektu jasangarriren ardatza». Alde horretatik, hiru bizikidetza maila daudela aipatzen da: «Gizarte anitz eta askotariko bateko bizikidetza; hezkuntza-sareen arteko bizikidetza eta eskolako bizikidetza».
Edonola ere, txostenean onartzen da gai honi ez zaiola beti «beharrezkoa duen ikuspegi transbertsalez eta integralez» heldu. «Arazo konplexua da, eskolak soilik ezin gainditu dezakeena, baina badira hezkuntza alorrean hobetu beharrekoak: ikasle etorkinak, gutxiengo etnikoetakoak, ikasteko zailtasunekin lotutako premiak dituztenak, gaitasun handikoak eta genero- edo sexu-bazterkeria arriskuan bizi direnak, besteak beste», gaineratzen da.
Zentzu honetan, erronka honek «esku-hartze komunitarioa» eskatzen duela esaten du oinarrien dokumentuak, «eremu bakoitzeko ikastetxeen eta administrazio publikoen arteko lankidetzazko esku-hartzea, alegia; betiere erakunde bakoitzaren eskumenen errespetuan eta familiek ikastetxea aukeratzeko askatasuna errespetatuz, desorekak gainditzeko neurri eraginkorrak adostuz eta berdintasun balditzetan eskolatzeko aukerak bermatuz».
Txostenaren egileen iritzirako, egungo eskolatze eredua eraldatu eta ikasle kalteberen kontzentrazioak ekiditeko «ezinbestekoa da barruti/eremu bakoitzean hezkuntza-proiektu integralak garatzea», eta, ildo horretan ezinbestekoa ikusten dute «eskola-mapa aztertu eta egokitzea, ekitateari eta errendimenduari erreparatuz; familien kontsulta- eta partaidetza-ereduak eraginkortzea; eta ikastetxeetako ikasleen arteko desorekak gainditzea hezkuntza-kalitatea bideratzeko».
Egungo euskal gizartea «justizia eta kohesio sozialarekiko sentibera» dela azpimarratzen du testuak, eta Euskal Hezkuntza Sistemak «sentiberatasun horiekin koherenteak diren egokitzapen egiteko ardura bere gain» hartuko duela iragartzen du. Hartara, azaltzen denez, ‘Euskal Hezkuntza Zerbitzua’ osatuko dute «legeak ezarritako printzipio eta helburuak betetzen dituzten ikastetxeak, legeak ezartzen dizkien konpromiso eta betebeharrak beren gain hartzen dituztenak, alegia».
Atal honetan ezarritako helburuak laburbilduz, txostenean aipatzen da «jatorrizko desberdintasunak gainditzen lagunduko duen eskolaren aldeko apustua eginez, Euskal Hezkuntza Zerbitzuak baliabide publikoez sostengatzen diren ikastetxeak» hartuko dituela, «dena dela bere izaera juridikoa, betiere segregazioa eta gizarte bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian».
Honekin batera, eta doakotasunari erreparatuz, Hezkuntza Batzordearen oinarrien dokumentuak gogora ekartzen du «arrakasta profesionalaren eta eraginkortasun ekonomikoaren baldintzatzaile» dela hezkuntzaren kalitatea, eta, beraz, «aukera berdintasunetik hurbilen dagoen elementua» dela pertsona guztiei kalitatezko prestakuntza eskaintzea.
«Herri mailako planifikazioa, eskolaratze prozedura bateratuak eta finantziazio publikoa jasotzen duten titularitate ezberdineko ikastetxeetako ikasleen matrikulazio eta eskolaratze-planifikazioa, tresna egokiak izan daitezke helburuok lortzeko», gaineratzen du, eta azpimarratzen du Lakuak «doakotasun erreala bermatuko» duela «eskolaratze kuotak desagerraraziz».
Atal eta hausnarketa gehiago jasotzen ditu txostenak, baina, esan bezala, hau ere osatzen joango da datozen asteetan taldeek eta eragileek egindako ekarpen berriekin. Martxotik aurrera, Exekutiboak hartuko du lanaren lekukoa, eta, dena ondo bidean, heldu diren hilabeteetan Hezkuntza lege berriaren egitasmoak azken faseari helduko dio.