INFO

Hezkuntza hitzarmenerako oinarriek «sistema duala betikotzen dutela» uste du Ehigek

Asteartean Gasteizko Legebiltzarrean jakinarazitako hezkuntza hitzarmenerako oinarriek «sistema dual publiko-pribatua betikotzen dute» euskal eskola publikoko gurasoen elkarteak biltzen dituen Ehigeren aburuz.

Eskola publikoaren aldeko mobilizazioa. (Marisol Ramirez | Foku)

Erreakzio ugari eragiten ari da asteartean ezagutzera eman ziren hezkuntza hitzarmenerako oinarrien dokumentua. Euskal eskola publikoko gurasoen federazioak batzen dituen Ehigek ez du gustuko hartu «lehen zirriborroa» eta balorazioa aurreratu du, aurrerago ekarpenak egiteko prestutasuna agertzearekin batera: «Hasteko, dokumentuak argi uzten du egungo sistema dual publiko-pribatua betikotzeko presa dagoela, hezkuntza-sistema publikoa eraikitzearen alde egin beharrean, Europako herrialde gehienen antzera» esan du.

«Ehige hezkuntza-sare publikoa eta sare pribatua parekatzen dituen hezkuntza zerbitzu baten aurka dago erabat, dokumentu horrek proposatzen duen bezala. Gogoratu behar da gaur egungo sistema dual publiko-pribatu hori porrotaren eredu dela, Hezkuntza Sailak egiten dituen diagnostiko-ebaluazioek erakusten duten bezala, eta eskola-segregazioaren kausa nagusia dela», adierazi du ohar batean.

Honezaz gain, «dokumentuak, eskola-segregazioaren arazoaz hausnartu eta horri heldu beharrean, sistema duala indartzea proposatzen du, sare pribatuaren finantzaketa hobetuz. Urte hauetan guztietan gizarte-kohesioarekin inolako konpromisorik izan ez duten itunpeko ikastetxeen finantzaketa berrikusi beharrean, handitzea eta titulartasun publikoko zentroak eta titulartasun pribatuko zentroak maila berean finantzatzea proposatu du», ziurtatu du Ehigek.

«Gainera, ez du inolako konpromisorik hartzen eskola publikoa indartzeko –kexu da–, hala nola bere eskaintza hobetzeko edo nahi duten ikastetxe pribatuen publikotasuna ahalbidetuko duen arau-esparrua garatzeko». «Azkenik, ez dugu ikusten hizkuntza-ereduak gainditzeko eta murgiltze-eredu bat garatzeko konpromisorik, irakaskuntza publikoko hezkuntza-eragileok eskatzen dugun bezala», erantsi du Ehigek.

Prozedurari dagokionez, zorrotz jokatzeko asmoz agertu du Ehigek, baina salaketa hau ere egin du: «Legebiltzarreko ponentzian parte hartu dugun eragileok 10 egun besterik ez ditugu 30 urte irauteko asmoa duen itun politikoari ekarpenak egiteko».