INFO

Zaldibarko zabortegiaren kasuan erantzukizunak eskatu dizkio ELAk Lakuari

ELA sindikatuak elkarretaratzeak egin ditu asteazken honetan bere egoitzen atarian, duela bi urte gertatutako Zaldibarko zabortegiaren luizia gogoratzeko eta erantzukizunak eskatzeko.

ELAren elkarretaratzeak Zaldibarko zabortegiaren kasuan erantzukizunak eskatzeko. (ELA)

Zaldibarko zabortegia behera etorri zeneko bigarren urteurrenaren harira, ELAk elkarretaratzeak egin ditu bere egoitzen atarian ‘Zaldibar: gogoratu eta argitu’ lelopean. 2020ko otsailaren 6an gertatu zena ez ahazteko eta erantzukizunak argitzeko.

«Zaldibarreko zabortegiaren luiziaren bi urte pasa direnean oraindik ez dira erantzukizunak argitu. Argi geratu da Eusko Jaurlaritza noren interesak defendatzen ari den. Gertatutakoa argitu eta desastre honetan izan duen erantzukizuna aitortu ordez, ahalik eta irabazi handienak lortzea naturaren eta pertsonen bizitzaren gainetik jarri zituen enpresaren interesak babestu ditu», adierazi du sindikatuak.

Verter Recycling enpresak hildako langileen gainean zuzeneko erantzukizuna duela frogatuta geratu dela azpimarratu du: «Euren erantzukizuna onartu dute espetxean ez sartzearen truke, eta enpresak biktimen familiei kalte ordain ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa hartu du. Langileen heriotzak merke ateratzen zaizkio patronalari».

Baina ELAk dioenez, Zaldibarko zabortegia behera etortzearen erantzukizuna «ez da enpresara mugatzen». Izan ere, administrazio publikoek azpiegitura hauetan zuzeneko erantzukizuna dutela gogoratu du. Zaintza eta kontrol lana egin behar dutela adierazi du eta Zaldibarko zabortegian ez zutela egin beharrekoa egin, «eta horregatik, garrantzi berezia du erantzukizunak argitzeak, baita erantzukizun politikoak ere».

«Erantzukizun politikoak argiak diren arren, Eusko Jaurlaritza ez dago akusatuen aulkian. Eusko Jaurlaritzak, ezagutzen zituen irregulartasunak kontrolatu eta enpresari legea betearazi beharrean, behin eta berriz ezkutatu zituen, zabortegia behera etorri arte», gehitu du Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak.

Era berean, Lakuako Gobernuaren ingurumen politikek eta hondakinak kudeatzeko politikek «patronalaren interes neoliberalak eta bizitzaren aurkakoak» defendatzen dituztela salatu du ELAk: «Politika horiek ez dituzte langile klasearen premiazko arazoak konpontzen, ezta tokian tokiko edota mundu mailako emergentzia ekologikoari erantzunik ematen ere. Politika bidegabe hauek aldatzeko garaia da, alternatibak badaude. Baina borondate politikoa falta da bizitza eta osasuna beste guztiaren gainetik jartzeko».