INFO

Berdinna saria, desgaitasunen alorrean berdintasunaren alde egiten duen COCEMFE elkartearentzat

Nafarroako Gobernuak COCEMFE elkarteari desgaitasunaren esparruan berdintasunaren alde lurraldean egiten duen lana aitortuko dio Berdinna 2022 sariarekin. Emakumeeak ahalduntzeko tailerrak eta indarkeria matxista kasuak detektatzeko programak ditu, besteak beste.

COCEMFE Nafarroa elkartea pozarren agertu da saria haiei emateko erabakiarekin. (COCEMFE Nafarroa | Twitter)

Nafarroako Gobernuak 2022ko Berdinna saria COCEMFE Nafarroa elkarteari eskaintzea onartu du foru dekretuz «gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren alde egiten duen lanagatik, bereziki, desgaitasunen alorrean». Nafarroako herri ezberdinetan garatzen ditu programak eta, hain justu, hori ere modu positiboan baloratu zaio, alegia, duen izaera deszentralizatzailea. Iruñean aritzeaz gain, Lizarran, Erriberrin, Tuteran eta Zizur Nagusian jarduten du.

Exekutiboak nabarmendu duenez, goraipatzekoa da elkarteak emakumeen errekonozimenduaren alde egiten dituen merituak, zehazki, «desgaitasunaren esparruan emakumeen aurkako indarkeria matxistari dagokionez, kasu hauetan «are eta isolatuagoak baitaude eta are eta gehiago zailtzen baitu gertatzen zaiena kontatu ahal izatea».

Ohar baten bidez, era berean, elkarteak kolektiboaren ikusgarritasuna eta sentsibilizazioa lantzeko egindako lana zoriondu zaio, helburu horiekin 15 kanpaina dibulgatzaile egin baititu, baita dokumentalak ere.

COCEMFE Nafarroak 2006an eman zituen lehen urratsak desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetu, aukera berdintasuna bermatu eta kolektiboaren giza eskubideak betetzen direla ziurtatu asmoz. Horretarako, zerbitzu propioak izateaz gain, zenbait elkarte ordezkatzen ditu. Nafarroan soilik 17 talde jasotzen ditu eta 6.000 bazkide babesten ditu.

16 urteko ibilbidean egiten dituen eskuhartze guztietan genero ikuspegia txertatzen du, eta besteak beste modu zuzenean laguntzen ditu desgaitasuna duten emakumeak ahalduntzeko tailerrak baliatuz eta egon daitezkeen indarkeria matxista kasuak detektatuz.

Maria Chivite Nafarroako lehendakariak emango dio COCEMFE Nafarroa elkarteari saria datorren martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Berdinna saria 2018. urtean eman zen aurrenekoz eta 3.000 euroko diru-saria da. Helburua, modu publikoan gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona zein erakundeen ahalegina aitortzea da.