INFO

‘Geuretik sortuak’ ekimenari esker egindako obra artistikoak ezagutzera eman ditu Udalbiltzak

Udalbiltzak ‘Geuretik Sortuak’ ekimenenak izan dituen fruituak aurkeztu ditu ostiral honetan Uztaritzen. Bost antzezlan, ‘Hamazazpigarrenean aidanez’ literatur bilduma eta bost film laburrez osatutako ‘Bost teilatu’ luzea. Horiek ezagutarazteko Euskal Herrian zehar emanaldiak antolatzen ari dira.

Jabi Asurmendi Udalbiltzaren lehendakaria Uztaritzen. (GUILLAUME FAUVEAU)

‘Geuretik Sortuak’ egitasmoan parte hartu duten hainbat artista eta hautetsi elkartu dira prentsarekin bat Uztaritzen ostiral honetan egin den aurkezpenean. Udalbiltzak sustatutako proiektuaren fruituak aurkeztu dituzte, bost antzezlan, 16 idazleren obrak biltzen dituen ‘Hamazazpigarrenean aidanez’ bilduma eta bost laburmetraiez osatutako ‘Bost teilatu’ luzemetraia.

2021. urtean zehar artistek egindako lanak aurkezteko urtea da 2022a. Etxetik urrunduta Euskal Herriko beste udalerri batzuk ezagutzeko egonaldiak egin dituzte 26 artistek beraien obrak sortzeko. Horrela, proiektuak «39 udalerriren gaur egungo historia, arte bilakatuta», ageri dela adierazi dute Udalbiltzatik.

Aurkezpenean, hitzartzeekin batera arte obra horien dastatzeko zatitxoak eskaini dituzte. Iban Garro poetak bere obraren zati bat irakurri du Olatz Rojo musikariak lagunduta, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek ‘Sexberdinak’ obraren zati bat, eta ‘Bost teilatu’ luzearen trailerra aurkeztu dituzte.

Artistek, eta egonaldiak egin dituzten herrietako hautetsiek, esperientziaren aberastasuna nabarmendu dutela baieztatu du euskal erakundeko Lide Hernando Muñozek.

Sortu diren bost antzezlanetatik lau jada estreinatu dira, gaur aurkeztutakoa, Oier Zuñigaren ‘Eresia’, Lore More konpainiaren ‘Trapu Zikinak’ eta Metrokoadrokak egindako ‘Bidaide’. Bonbon Beltz konpainia zuberotarrak egindako ‘Harri Minak’ otsailaren 25an estreinatuko dute, harrera herria duten Oñatin. Denek Euskal Herrian zehar bidaiatzen jarraituko dute.

Hamasei idazlek egindako obrak bi liburutan bildu dituzte, ‘Hamazazpigarrenean aidanez’ izenburupean, Anjel Lertxundik idatzi zuen ‘Hamaseigarrenean aidanez’ obrari erreferentzia eginez, «hamasei lanek hamazazpigarren bat osatzen dutelako». Bertan aniztasuna da nagusi, formari dagokionez, esaterako, narrazioa, komikia, ipuin ilustratua eta poesia elkartzen dira. Obrak liburudendetan daude salgai.

‘Bost teilatu’ luzemetraia martxoaren 31tik aurrea izanen da ikusgai jendaurrean. Izenburuan bezainbeste laburmetrai dira bertan: Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak Tafallan errodatutako ‘Krak’, Josu Martinezek Baigorrin egindako ‘Hitzak’, Eñaut Castagnetek Beran eta Lesakan sortutako ‘Muga’, Leire Egañak Galdakaon grabatutako ‘Erlojipekoa’, eta Hernanin grabatutako ‘Arnasa’ Raul Barrenasen eskutik.

Historia arte bilakatuta

‘Geuretik Sortuak’ ekimenean parte hartu duten 39 udalerriek «gaur egungo historia arte bilakatuta» jaso dutela nabarmendu nahi izan du Udabiltzak, izan ere hori izan da desmartxaren oinarrietako bat, egonaldia egiten zen herriaren presentzia izatea egindako sorkuntza artistikoetan.

Egitasmoan parte hartu duten idazleetako bat da Itxaro Borda, eta horrela deskribitu du esperientzia: «Gurutzatzeak biziki interesgarriak izan dira, liburuetan gaurko Euskal Herriko hirien eta herrien erradiografia bat bezala ikusiko dugu. Zein egoeratan diren herriak, zein arazo dituzten, bai eta zein poz puntu ere».

Herrien presentziaz gaineratu du: «Idazle bakoitzak beretik erakutsi du, batzuetan herria aitzakia da, eta batzuetan herria pertsonaia bat gehiago da. Nik pertsonaia bat gehiago bezala tratatu dut Usurbil».

Edorta Jimenezek ere parte hartu du ekimenean, eta berak Uztaritzen egin du egonaldia: «Lotu nahi izan ditut Bizkaia eta Lapurdi, biak kontakizunaren haria dira, Bilbotik Uztaritzera joaten da misterio baten argitizera eta misterioa Lehen Mundu Gerlan kokatua da. Gaur egungoa eta iraganekoa tartekatzen dira, covida ere agertzen da».

Bi Estatuen arteko mugak duen eragina nabaria egin zaiola baieztatu du idazle bizkaitarrak: «Ez dakit euskal herritarrok zenbateraino ezagutzen dugun gure historia eta gure euskara. Konzientzia hori betidanik daukat, eta nolabait kontatzen da kontakizunean».

Ttittika Rekalt zuberotarra Oñatin egiten ari da egonaldia Bonbon beltz konpainiarekin. Obra bukatzen ari dela ziurtatu du: «Borobiltzea falta zaigu bakarrik».

«Jaso ditugun oharren arabera ematen du Oñati herri perfektoa dela, dena badutela, auzolana, elkartasuna, kooperatiba… erraten genuen orduan herri honetan ez dela zulorik, ez itzalik... eta hortik bilatu dugu gure ilbilbidea», azaldu du aktoreak. Obra zentzu horretan abiatzen da, Oñatiko itzalen bidean, «pixka bat luzatuz Euskal Herriko itzalak ere badirenak, eta pertsona bezala ditugunak ere bai, itxura baten azpian zer edukitzen ahal den».

Mezuak

Adierazpen artistikoekin batera, Jabi Asurmendi Udalbiltzaren lehendakariak egitasmo hau bakarrik aurrera atera badute, ez dela hautua izan nabarmendu du: «Ez da gure ateak itxita egon direlako; are gehiago, hainbat aldiz jo ditugu Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskal Elkargoaren ateak proiektu honen parte izan zitezen».

Lehenak, atea «aurpegian itxi» ziela adierazi du, eta beste biek ateak ireki eta harreman estuak izan baziren ere, azken momentuan «ezagutzen ez dugun arrazoiengatik» parte ez hartzea erabaki zutela baieztatu du.

Hori dela eta egitasmoan parte hartu duten 39 udalerrien laguntza eta ekarpena garrantzitsua izan dela nabarmendu du, horren oparitan, eta artisten bitartez, sortu diren obretan «Euren historia oparitan» jaso dutela baieztatu du.