INFO

Jon Crespo euskal presoaren gradu erregresioa salatu du manifestazio batek Galdakaon

Jon Cresporen senideek eta lagunek euskal presoa etxeratzeko eskatu dute Galdakaon, Entzutegi Nazionaleko Fiskaltzak El Duesoko Tratamendu Batzordeak irailean emandako hirugarren gradua atzera bota ondoren.

Ehunka pertsonak salatu dute Galdakaon Jon Crespo euskal presoaren egoera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sarek larunbat eguerdi honetan salatu du Jon Crespo euskal presoa berriz ere espetxeratu dutela, Entzutegi Nazionaleko Fiskaltzak irailaren amaieran Kantabriako El Duesoko Kartzelako Tratamendu Batzordeak emandako gradu aurrerapena atzera bota ondoren. Joan den ostegunetik, Crespo berriro kartzelan dago, oraingoan Basaurin.

Galdakaon, Cresporen herrian, euskal presoa etxeratzea eskatzeko eta kartzelara itzultzea kritikatzeko hamarnaka lagun atera dira gaur. Ibilaldiaren hasieran Cresporen senide eta lagunak joan dira pankarta eramaten. Esan dutenez, ezin dute ulertu Galdakaon egondako lau hilabeteak «ispilatze» bat baino ez direnik izan.

«Jon falta zaigu. Berriro ere gure artetik eraman dute. Nola da posible lau hilabetez gurekin, bere lagunekin, familiarekin eta senideekin egon ostean? Egoera hau ulertezina da», azaldu dute Cresporen kuadrillako bi ordezkarik. Gainera, salatu dute «hemen lan egiten dutenek, Basauriko espetxean bertan», esan dutela «Jon gurekin egon daitekeela eta egon behar duela» baina «hemendik 400 kilometrora, Madrilen, dagoen beste pertsona batek espetxera itzuli behar duela» agintzea.

Adierazi dutenez, Galdakaoko presoak «bere garaian ezarritako baldintza guztiak bete» ditu, beti aurrera begira eta jarrera positibo batekin. «Guk ere, bere lagunek, senideek, Galdakaoko herritarrek ere jarrera positiboa eta aurrera begirakoa izan nahi dugu; Jonek lau hilabete hauetan egunero izan du jarrera bera. Eta ez lau hilabete hauetan bakarrik, hemeretzi urte eta hiru hilabetetan izan duen jarrera positibo bera», esan dute lagunek, Crespok kartzelan eman duen ia hogei urteei erreferentzia egiten.

Azkenean, hizlariek bildu diren guztiei «eskerrak eman eta besarkada handi bat» bidali dizikiete Cresporen partez. Euskal presoak goiz honetan gurasoekin hitz egin ahal izan du eta «berariaz» eskatu die Galdakaon bildu diren guztiei eskerrak emateko.

Hurrengo ostegunean, otsailak 17, Galdakaoko Herriko Bentan bilera bat egingo da «indarrak batzeko» eta Jonen etxeratzea berriro aldarrikatzeko. «Badakigu gure herriaren gehiengoa horrela pentsatzen duela, eta guztion artean borondate hori eramango dugula behar den tokira», adierazi dute.

Ekitaldia hasi baino lehenago, Arkaitz Estiballes Galdakaoko bertsolariak bertso batzuk bota ditu Jon Crespo eta euskal presoen omenez.

Crespo eta Fano, egoera bera

Bere aldetik, Sarek salatu du «El Duesoko tratamendu batzordeak Jon Crespo euskal presoari hirugarren gradua emateko erabakia hartu ondoren, Entzutegi Nazionaleko Fiskaltzak erabakia atzera» bota duela, eta horren ondorioz Galdakaoko presoak «espetxera itzuli behar izan du hirugarren graduan izateko baldintza legal guztiak bete arren». «Erabaki honek bizikidetzarako bidea oztopatzen du», gaitzetsi du Bego Atxa Sareren bozeramaileak.

Izan ere, Cresporena ez da kasu bakarra. Aurrez, Unai Fanori ere egoera bera bizitzea tokatu zitzaion. «Errepikatzeko beharrean gaude: espetxeetako tratamendu batzordeek gradu progresioak edo espetxeko baimena onartzen dituztenean irizpide profesionalaren arabera hartzen duten erabakia da, lege arrunta aplikatuz. Irizpide horiek dira baimenak lortzeko kontuan izan beharrekoak, baina fiskaltzak eta Entzutegi Nazionalak tratamendu batzordeei muzin egiten die eta presoak dauden espetxe bilakaeraren berri izan gabe bere irizpide propioak ezartzen ditu», ohartarazi du Atxak.