INFO

Burgosen irabazita, Bilbao Basketek bere inoizko boladarik onena berdindu nahi du

FIBAk antolatzen duen Kontinenteen Arteko Kopako txapelketan aritu zen Gaztelako taldea joan zen asteburuan eta hargatik, asteazken gaueko 21.30etara atzeratu da beltzezko gizonen partida. ACB Ligako Top 8an lekua egiteko murgiltzea izango dute xede Alex Mumbruren gizonek.

Bilbao Basketek Manresaren aurka zazpigarren garaipena kateatu zuen ACB Ligan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Gezurra dirudi, baina badaude covid-19a dela-eta atzeratzen ez diren partidak! Esaterako, Surne Bilbao Basketek asteazken gaueko 21.30etan San Pablo Burgosen kantxan jokatu behar duena. Izan ere, Gaztelako taldeak FIBAk antolatzen duen Kontinenteen Arteko Kopan parte hartu du joan den asteburuan eta finalera iritsi ere bai, Flamingo talde brasildarraren aurka 62-75 galdu arren.

Burgosek zer egiten zuen begiratzeke, Bilbao Basketek «atseden hartzeko» eta Coliseumeko partida prestatzeko lanetan ekin dio. ACB Ligako azken zazpi neurketak irabazi ditu talde bizkaitarrak eta horren ondorioz mailari eusteko borrokatik at dagoela dirudi. Burgosek baino sei garaipen gehiago ditu Alex Mumbruren taldeak, Betisek baino bost gehiago, eta tartean Obradoiro, Fuenlabrada, Unicaja, Morabanc Andorra, Basket Zaragoza eta Kanaria Handia ere hor daude, denak ere talde bilbotarrak baino garaipen bat gutxiagorekin.

Egun, 10-9ko balantzearekin, hamargarren lekuan dago Bilbao Basket, bere aurretik dauden Breogan eta UCAM Murtziak adina garaipenekin eta Saski Baskonia, Joventut eta Lenovo Teneriferengandik garaipen bakarrera. Hau da, esan liteke beltzezko gizonek maila mantentzeko erronka patrikan dutela eta beren hurrengo helburua ACB Ligako Top 8an sartzen ahalegintzea eta, beraz, play-offetarako sailkatzea izan beharko litzatekeela.

Horrez gain, Bilbao Basket bere boladarik onenetik gertu dago. ACB Ligara iritsi zenez geroztik, bilbotarrek zortzi garaipen josi dituzte gehienez eta Burgosen irabaziko balute, errekor hori berdinduko lukete.

«Berdin zazikit bolada onak eta nahiago dut partidaz partida joan. Egoera onean gaude, bai, baina zeinek esan hemendik pare bat aste barru berriz ere porrotak pilatzen ez ote garen hasiko». Balizko euforiari izotz apur bat bota dio Alex Mumbruk kazetarien aurreko agerraldian. Gogoan izan behar da Bilbao Basketek 2021/22 denboraldia 0-5 balantzearekin hasi zuela.

«Burgos gosez iritsiko da partida hau jokatzera eta garaipen behar larrian dago. Hobe da, bai, garaipen bat eskuratu eta gero partida bat prestatzea galdu eta gero baino, baina bestalde oraindik egiteko asko geratzen da», ohartarazi du Badalonako entrenatzaileak.

«Joaldiei eutsi»

San Pablo Burgos Ligako azken postuan badago ere, oraindik Coliseum pabilioira jende asko darama. Bilbora ere tropelean etorri ziren aurreneko itzulian, eta partida hura bizkaitarrek 87-81 irabazi bazuten ere, Burgosko zaleen ahotsa azkenera arte entzun zen.

«Hasieratik partidan sartuta egon behar dugu. Burgosko zaleak gizalegetsuak dira, bai, baina beti beren taldearekin daude. Hargatik hasiera gogorra egin dezakete gure aurka, eta joaldiak izango dituzte partidan zehar. Joaldi horiek eusten egin behar dugu ahalegina, zaleen laguntzaz airean joan daitezkeelako», gaineratu du Alex Mumbru entrenatzaileak.

Egia da, bestetik, aurreneko itzulitik bigarrenera asko aldatu dela San Pablo Burgos. Nahikoa polemikoa izan zen Paco Olmos entrenatzaileak Lugoko Breogan utzi eta Burgosera egin zuen jauzia; azken batean talde bateko zein besteko jokalari eta entrenatzaileak BeoBasket agentziara lotuta daude, Misko Raznatovic agente ezagunari lotuta, alegia.

Bada, Burgosek Zan Tabak kargutik kendu eta Paco Olmos jarri zuen bere lekuan, eta horrez gain, Tarik Phillip edo Landry Nnoko –Baskoniatik joanda– jokalariak joan dira Gazteko taldera. Aldiz, Kravic pibota Burgostik Malagako Unicaja taldera joan da.

«Partidak ez du zerikusi handirik izango», azpimarratu du Alex Mumbruk. Egia da, Miribillan Kravicek sekulako mina eman baitzion Bilbao Basketi, azkenean bizkaitarrek irabazi bazuten ere.

Lointek Gernika Bizkaia

Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak bere webgunean adierazi duenez, Lucas Fernandezek Mario Lopezen entrenatzaile laguntzaile izateari utzi dio. Ciudad Realeko entrenatzaileak beste proiektu profesional bati heldu dio eta klub gernikarrak ez dio zailtasunik ezarri agur esateko.

Lointek Gernika Bizkaiak bere «lana, pasioa eta hurbiltasuna eskertu nahi dizkio duela lau urte Gernikara heldu zenetik. Era berean, etorkizunari begira onena opa nahi dio arlo pertsonalean zein profesionalean», adierazi du bere webguneko prentsa oharrean.