INFO

Herriari emandakoa itzuli dio herriak Aierberi Ataunen: borroka grina eta maitasuna

Karmele militantea eta Karmele alaia. Karmele presoa eta Karmele eskuzabala. Karmele euskalduna eta feminista. Karmele politikoa eta Karmele ama. Karmele etxekoa, batez ere etxekoa. Bere ertz eta birtute guztiak gogoan izan dituzte maite zutenek Ataunen. Asko eta askok.

Mukuru beterik izan da Ataungo frontoia, bai eta kanpokaldea ere. (Jon URBE | FOKU)

Ataungo San Gregorioko pilotalekua ez ezik, kanpoaldeko plaza ere lepo bete da asteazken honetan Karmele Aierberi azken agurra emateko. Ia 2.000 lagunek txiki utzi dute balkoietan krespoi beltzdun ikurriñak erakusten zituen herria. «Eskertzeko gaude hemen», aipatu da sarreratik bukaerara. Baina ez horretarako bakarrik: bere bidea jarraitzeko ere, nabarmendu du Arnaldo Otegik.

«Militante konprometituta, borrokalari nekaezina, ausarta, maitagarria, entzule ona, alaia, eskuzabala, zaintzailea, lanak fruitua ematen zuen sinisduna...» Gorputz bakar batean dohai asko bildu ditu Karmele Aierbek eta guztiak jarri dituzte oholtzan Ataungo agur-ekitaldi honetan, xumea baina aldi berean oparoa.

Juan Karlos Ioldik, familiaren lagun mina eta urte askotako borrokan bidelagunak, Karmele ez ezik Joxe senarra ere gorapaitu du azkeneko interbentzioan (berarentzat eta Ekhi semearentzat maitasun keinuak etengabeak izan dira hizlarien partetik). «Pertsona bakoitzak bere arrastoa uzten du bizitzan, batzuk sakonak dira, beste batzuk azalekoak, guztiek osatzen dute euskal komunitatea», aipatu du Ioldik. Ataunen bildutako jendetza ikusita eta ekitaldian esan den guztia entzunda, Aierberen arrasto hori ez da nolanahikoa izan.

Juan Karlos Ioldiren hitzartzea. (Jon URBE | FOKU)

Ataungo ikastolaren sortzaile bat mintzo da, esaterako, bertan Karmele Aierbek eginiko lana goraipatuz, bai eta herrian gazte-gaztetatik barreiatu zuen alaitasuna oroituz. Eta bera atxilotu zutenean hiru urte baino ez zituen orduko ikasleak kantua eskaini dio, trikitixari gaurkoan samin doinuak ateraz.

Ikastola, euskara, errepresioa...

Euskal Herrian Euskaraz-eko ikurra eskuan igo da oholtzara Joseba Alvarez, hizkuntzaren aldeko eginiko lan sutsua oroitarazteko eta euskararekiko zuen begirada berezi hura, «emakume eta langile bezala jasandako zapalkuntzatik zetorrena», nabarmentzeko.

UEMAren sorrera aipatu du Alvarezek Karmele Airberen lorpenen artean. Eta Ataungo herria erakunde horretan sartzean, barruan zuen arantzetako bat kendu zuela aipatu du Martin Aramendi alkateak. Bi legegintzaldietan zinegotzi izan da Karmele Aierbe, azkenekoan 2018. urtean hartutako gaitzak bidea moztu zion arren. Emozioz gogoratu du Haizeak, zinegotzi kide izan denak, bere irakaspenetako batzuk: «Egunez egun eraiki behar da herria, ez da egun magikorik etorriko. Ez dadila haria eten», eskatu du.

Errepresioa bere larrutan ezagutu zuen Aierbek, bestalde, eta bi errepresaliaturen mezuak entzun dira gaur San Gregorioko pilotalekuan: El Duesoko espetxean den Mikel Azurmendirena eta Miguel Angel Apalategirena. Hitz hauek zuzendu dizkio «Apala»k, dagoen tokitik Karmelek entzun ditzan: «Tortura eta espetxea jasan dituzu baina ez zara sekula bidetik aldatu, iraultzaile bat izan zara. Zuk utzitako hazia herrian geldituko da betirako».

Otegi: «Etxekoa»

Militantziak dakartzan sakrifizioez eta pozaz ere mintzatu da Arnaldo Otegi: «Gure bizitzaren zentzua Euskal Herriaren aldeko borroka egitea da, hori da gure hautua. Baina bizipoza ere aldarrikatzen dugu».

1997. urtean HBko Mahai Nazional osoa kartzeleratu zutenean Joseba Permachekin batera Euskal Herria zeharkatu zuela ekarri du gogora Otegik, mahaikide berrien bila. Besteak beste Karmele Aierberen atea jo zuten eta honek baietza eman zien, bi aldiz pentsatu gabe. «Horren truke ez zegoen administrazio kontseilurik, ez zegoen famarik… horren truke kartzela zegoen. Baina Karmele honelakoa zen: galdera gutxi eta konpromiso asko. Gaur egun ‘ista’ asko erabiltzen da militantzia definitzeko, baina guretzat hitz batean laburbiltzen da Karmeleren militantzia: etxekoa zen».

Dantzariak, ekitaldiaren une batean. (Jon URBE | FOKU)

Aierbek inoiz alboratzen ez zuen irribarreak argitu du Ataungo pilotalekua, ekitaldiaren hasieratik amaierara. Bertan egin zitzaion omenaldia 2019. urtean, gaixotasunak jada bete-betean jo zuenean, eta bertan eman zaio azken agurra gaur: tristea baina aldi berean goxoa eta ozena, mendi tontorretik aireratutako bere irrintzia bezalakoa.