INFO

Autoa erostea, atzeratzen jarraitzen den erabakia

Egoera ekonomikoaren eta teknologia berrien inguruan sortu diren zalantzek eragin zuzena izan dute urtarrileko salmentetan izan den %20ko beherakadan. Bigarren eskuko merkatua, ordea, gorantz doa.

Joan den urtean %17 auto berri gutxiago saldu zen Hego Euskal Herrian, eta aurtengo urtarrilean jaitsiera %20ra iritsi da. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Autoen salmentek burua altxatu ezinik jarraitzen dute urte hasiera honetan. Iazkoa errekuperazioaren urtea izango zela uste bagenuen ere, salmentak %17 jaitsi ziren Hego Euskal Herrian, eta aurtengo urtea bide beretik hasi da, iazko urtarrilean baino %20 auto berri gutxiago saldu baitira.

Arrazoiak zeintzuk diren galdetuta, sektoreko iturriek zergati asko daudela diote: mikrotxipen eskasia, matrikulazio zergaren igoera, erregaien garestitzea, teknologia berrien inguruko zalantzak… Lurauto BMWko zuzendari Luis Miguel Garciak dioenez, «datuak txarrak dira. Matrikulazio zergaren igoerak eta produkzioan gertatzen ari diren atzerapenek zulo handia egiten ari dira matrikulazio aurreikuspenetan».

Baina arrazoi guztien gainetik, pandemiak egoera ekonomikoan duen eragina nabarmentzen dute, etorkizuna oraindik zalantza handiarekin ikusten delako eta bezeroek errekuperazio ekonomikoa ez dutelako argi ikusten. Hortaz, autoa erosteko erabakia atzeratu egiten dute.

Espainiar Estatuko auto saltokiak elkartzen dituen Faconauto erakundeak azaldu duenez, «urtarrileko datuek berretsi egiten dute automobilgintza beste sektore batzuen susperraldi orokorretik kanpo geratzen ari dela. Eta autoak saltzen ez badira, jarduera ekonomikoaren zati handi bat ere geldiarazten ari da».

Stock arazoak

Gainerako arrazoiei dagokienez, mikrotxipen krisia oraindik ere eragin zuzena izaten ari dela baieztatu dute sektoreko iturriek. «Egia da saltokietara aurreko hilabeteetan egindako eskariak iristen ari direla, baina atzerapenak oraindik ere handiak dira eta stock arazoak oraindik ez dira konpondu», diote Ancove elkartetik.

Lurautoko zuzendariak gaineratu duenez, «bezeroei entregatzeko dugun eskaera-zorroa oraindik oso handia da eta horrek ezkutatu egiten du gaur egun bizi dugun egoera. Gure kasuan, adibidez, urtarrilean egindako eskaeren kopurua %36 erori dela esan dezakegu».

Matrikulazioen zergaren igoerak ere zerikusia izan du eskaeraren jaitsiera horretan. Izan ere, urtarrilaren 1ean isurketen arabera eguneratu zen matrikulazio zerga, eta orain WLTP protokoloa erabiltzen denez, isurketa mailak errealagoak eta, aldi berean, altuagoak dira. Ondorioz, zerga horretatik kanpo geratzen ziren auto askok orain ordaindu egin behar dute zerga, eta horrek batez beste 1.000 euroko garestitzea ekarri du.

Azkenik, autoen teknologian gauzatzen ari den elektrifikazioa ere eragina izaten ari dela dio sektoreak. Ancove elkarteak dioenez, «aldaketa teknologikoek nahasmen handia ekarri dute eta garestitu egin dute autoen erosketa, gero eta produktu eskuraezinago bihurtuz gizartearen zati handi batentzat».

Bigarren eskukoak, gora

Egoera honek zerbaiti mesede egin badio, bigarren eskuko merkatuari izan da. Iaz saldu zen auto berri bakoitzeko, erabilitako 2,3 saldu ziren.

Gehien saldu ziren autoak 5 eta 8 urte bitartekoak izan ziren (%34,2 gehiago), baina 15 urte baino gehiagokoek ere %22,7 egin zuten gora. Ondorioz, espainiar Estatuko autoen batez besteko adinak dagoeneko 13 urte gainditu ditu.

Horrek auto-konponketen gorakada ekarri du, baina jarduera horrek ez du errentagarritasunik tailerrentzat, auto zaharren jabeek ahalik eta konponketa txikienak egitera eramaten dituztelako.