INFO

Elezkano eta Zabaletak euren lana ondo osatu dute eta besteen akatsen zain egotea dagokie

Aspaldiko euren partidarik libreena eta onena jokatu arren, batez ere atzelariak, Jaka eta Mariezkurrenak agur esan diote aurtengo txapelketari.

Jose Javier Zabaletak datorkionerako prest dela erakutsi du. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Irribarria-Rezustak edo Altuna-Martijak euren partida galtzen ote duten zain geratu beharko dute Elezkano eta Zabaletak baina, euren lanak ondo eginda, datorkienerako, play offa edo finalerdietako ligaxka prest daudela erakutsi dute egungo txapeldunek batere aukerarik gabe geratu diren Jaka-Mariezkurrenari Azkoitian 22-18 gailenduta. 10 punturekin finalerdietan zuzenean ez sartzeko arriskua dute Zaratamokoak eta etxarrendarrak eta hala balitz, garesti ordainduko lukete orain aste batzuk izandako txakalaldia, batez ere arerio zuzenen aurka galdu izana, baina euren onera itzulita, txapelaren lehian izateko osagai guztiak dituen bikotea da Aspekoa. Emaitza honekin, gaur Zallan Urrutikoetxea-Arangurenek eta Ezkurdia-Tolosak jokatuko duten partidak kanporaketa hutsaren izaera izango du, irabazten duenak play offa jokatuko du eta galtzailea kanpoan geratuko da.

Txapelketa hasieran faboritoen artean ziren ere Jaka-Mariezkurrena, baina gutxitan erakutsi ahal izan dute gaurko joko maila eta lehen kanporatuak izan dira lau punturekin. Binakako honen balorazio onik egin ez dezaketen arren, gaur bederen euren aurpegia garbitu ahal izan dute, batez ere partida ona jokatu duen Jon Mariezkurrenak. Lehen partidan eskuina izorratu ostean, berriozartarra bere mailatik oso behera aritu da zenbait astez, baina txapelketa amaitzeko partida handia jokatu du, Zabaleta bezalako jotzaile handi bati eutsi eta tarteka bizkarra ere erakutsiz.

Euren aukerak aurretik ere oso urriak zirela jakinik, presiorik gabe, inoiz baino solteago ikusi ditugu Jaka eta atzelari nafarra, aspaldiko partez kantxan gozatu eta erasora beldurrik gabe joz. Aukeran, Lizartzako aurrelariak huts gehitxo pilatu ditu, baina egindakoak mordoxka bat izan ditu, batez ere partidaren amaiera aldera.

Bi zatiko partida

Izan ere Azkoitiko lehiak bi zati nahiko desberdin izan ditu. Hasierako lehen tantoen salbuespenarekin, gorriek azkar xamar hartu dute markagailuaren ekimena, batez ere Jose Javier Zabaletak atzean egindako zuloei esker. Lehen bi tantoetan pixka bat kosta zaion arren, hirugarrenerako pilota errebotean jarri du etxarrendarrak eta asko agindu du, Elezkanok ondo lagunduta, azkar xamar 9-4 eta 13-7 aurreratuta.

Hortik aurrera, dena galduta ikusi dutelako edo, Baikokoek gora egin dute eta partida dezente gogortu da. Jon Mariezkurrenak nabarmen egin du gora, atzeko lehia asko orekatu da eta jokoan eta markagailuan ere askoz oreka handiagoa izan da. Gerturatu dira gipuzkoarra eta nafarra, baina berandu xamar eta partida irauli ezinik, agur esan behar izan diote txapelketari.

 

FITXA TEKNIKOA

Elezkano-Zabaleta: 22

Jaka-Mariezkurrena: 18

Pilotakadak: 520. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-4, 9-4, 9-5, 10-5, 10-7, 13-7, 13-9, 14-9, 14-1, 16-10, 16-11, 18-11, 18-13, 19-13, 19-16, 20-16, 20-17, 21-17, 21-18, 22-18. Sakeak: Falta 1 Elezkanok eta 1 eta falta 1 Jakak. Egindakoak: 4 Elezkanok, 5 Zabaletak, 7 Jakak, 3 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Elezkanok, 3 Zabaletak, 8 Jakak, 4 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Binakako txapelketako lehen faseko azken jardunaldia Azkoitiko Gurea pilotalekuan hasi da.