Litekeena da dagoeneko Nafarroako gazte gehienek covida pasata izatea
Nafarroako biztanleen herenak baino gehiagok eman dute dagoeneko positibo covida atzemateko testen batean, eta batezbestekoa %45ekoa da 15 eta 34 urte artekoen artean. Kontuan izanda kasu asko ez direla detektatu, ziurtzat eman daiteke gazte gehienak dagoeneko kutsatu direla.
Omicron aldaerak bultzatuta, koronabirusaren kutsatzeak inoiz baino azkarrago eta gehiago hedatu dira azken olatuan. Horren isla dira abendu bukaeran eta urtarril hasieran izan ziren intzidentzia datu ikusgarriak, baita asteon Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jakinarazi dituen datuak ere. Horietan aipatzen denez, pandemia hasi zenetik biztanleen herenak baino gehiago kutsatu dira dagoeneko covidarekin Nafarroan.
Oso zenbaki altua da, baina are deigarriagoa da gazteei dagokiena, izan ere, 15 eta 34 urte arteko nafarren artean, %45era heltzen da kopurua. Beraz, Nafarroan adin tarte horretan daudenen ia erdiek positibo eman dute covida atzemateko testen batean (edo gehiagotan). Kontuan hartu behar da, gainera, proba batean positibo emandako kasuak jasotzen dituela Osasun Publikoaren Institutuaren txostenak, eta badagoela jende asko covida izan arren ofizialki zenbatuta ez dagoena, besteak beste, sarri gaixotasuna sintomarik gabe igarotzen delako. Gauza jakina da lehen olatuan, 2020ko martxotik apirilera bitartean, kutsatze gehienak ez zirela atzeman –Osakidetzak, adibidez, onartu zuen zazpi kasutik bakarra soilik detektatu zuela–, eta azken oldarraldi honetan ere litekeena da kutsatze asko oharkabean pasa izana, positibitate tasak oso altuak izan baitira.
Horiek hala, eta datuak eskuan, ziurtzat eman daiteke Nafarroako gazteen gehiengoa jadanik covidarekin kutsatu dela.
Udan bezala, olatu honetan ere jende gaztea izan da covidak gehien kolpatu duena, eta, urteko lehen astean, intzidentzia metatua sei mila kasutik gorakoa izan zen ehun mila biztanleko. Baina ez hamalau egunetakoa, zazpi egunetakoa baizik.
Beste adin taldeetan kasuak ez dira hain ugariak izan. Hala, 75 urtetik gorakoen %21ak eman dute positibo, gazteen erdia baino gutxiago. Arazoa da kolektibo horretan kutsatzeek dituzten ondorioak askoz larriagoak direla, eta adinekoen artean bost lagunetik batek covida pairatu izana asko da; horren ondorio dira azken bi urteotan izandako hildako kopuru altuak.
Datu izugarrion alde ona, birusaren zabaltzeko aukera murriztu egin dela da. Izan ere, birkutsatzeak ematen diren arren –omicronekin gehiago– ez dira ohikoak. Horrela, biztanleen gehiengoa txertatuta egonik, kutsatu direnen batezbestekoa hain handia izateak aurrera begira babes gisa jokatuko luke.