INFO

Arabarako Uztaraba plan agroalimentarioa aurkeztu du EH Bilduk

EH Bilduk Uztaraba aurkeztu du, 2050erako Araban kontsumitzen diren elikagaien hiru laurden tokikoak eta jasangarriak izatea ahalbidetuko duen plan agroalimentarioa.

EH Bilduko bozeramaileak Eva Lopez de Arroyabe eta Kike Fernandez de Pinedok. (EH BILDU)

EH Bilduk Uztaraba plan agroalimentarioa aurkeztu du astelehen honetan. Plan horren helburua da 2050ean Araban kontsumitzen diren elikagaien hiru laurden gutxienez tokikoak, jasangarriak edo ekologikoak izatea. Horretarako, 2030, 2040 eta 2050erako helburuak eta neurriak proposatzen dira, baita bost urteko talka plana ere, norabide horretan lehen urratsak egiteko.

EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabe prokuradoreak plan honen xehetasunak azaldu dituzte, eta orain sektoreko eragileekin partekatuko da.

Lehen, 2030erako, lurraldeko kontsumoaren %30 tokikoa, osasungarria eta jasangarria izatea lortu nahi da, trazabilitate ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bermatuz; nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien erdiak sistema agroekologikoetarako trantsizio ibilbide orri batean sartuta egotea, eta energetikoki autonomoak izatea; eta nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenaren %30 ekologikoa izatea, eta ongarri kimikoak (fitosanitarioak, etab.) erdira murriztea.

Helburu horiek lortzeko, 41 neurri hartzea proposatzen dute, ekoizpenari, transformazioari, banaketari, kontsumoari eta gobernantzari eragiten dietenak. Neurri horien artean, honako hauek azpimarratu dituzte: lurraldean Elikadura Kontseilua sortzea, nekazaritzako lurra babesteko Arabako agentzia bat sortzea, nekazaritzako eta ingurumeneko trantsizio ekologikoak sustatzea, Eskalmendin berrikuntzan eta prestakuntzan erreferentzia zentro bat jarriz, tokiko elikagaiak jantoki publiko guztietan sartzea ekoizpen eta kontsumo kooperatiben bidez, eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi guztiak mantentzeko eta belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko plana.

Horretarako, «ezinbestekotzat» jo dute administrazio publikoen laguntza. Izan ere, plan horren arabera, leihatila bakarra sustatu behar dute, ekoizleei aldaketa horietan laguntzeko, eta lehenengo sektorean landa inguruneko bizitza aukera bat ikusteko bideratze taldea sortu.

Fernandez de Pinedok eta Lopez de Arroyabek azaldu dutenez, Arabak baldintza egokiak ditu plan hau ezartzeko. Lurzoruaren %32 nekazaritzakoa da, 95.000 hektarea baino gehiago ditu landatuta, abeltzaintza ustiategiak 3.000tik gorakoak dira eta 187 ekoizle ekologiko daude. Hala ere, sektorea krisi iraunkor batean bizi dela ohartarazi dute: «Ekoizpen-kostuen azpitik saltzen da, eta elikadura ohitura berrien ondorioz, erosketaren %60 supermerkatu eta hiperkermatuetan egiten da».

Hala ere, badira agertoki horretara mugitzen lagunduko luketen faktoreak. Lehenik eta behin, larrialdi klimatikoak dagoeneko esku hartzera behartzen du, eta co2aren emisioak urtean %7 murriztea planteatzen da. Bigarrenik, EBk abiarazitako «baserritik mahaira» estrategia, non 2030erako bete beharreko zenbait helburu planteatzen baititu.