INFO

Arantzazuko argazkia

Urrian birusaren transmisioa oso txikia zen, eta txertoaren estaldura ia erabatekoa, eta, hala ere, mila eta hirurehun lagun gehiago hil ditu


Gurasoen apalategietan kolore askotako bitxiak daude, “Gabai” komikiaren berde argikoak edo Lur Hiztegi Entziklopegikoaren gris urdindunekoak, adibidez, beraien etxetik gurerako saltoa noiz egingo zain. Eta, horiekin batera baina horiek baino hobeto sustraituak, ez baitira bertatik mugituko, familiaren argazki bildumak daude, bisitariren bat etortzean edo gazteminak jotzen gaituenean hasperentxo bat eginez zabaltzen ditugunak.

Bilduma horietako batean dago Arantzazuko argazkia. Oso polita iruditu zait beti. Jorge Oteizak zizelkatutako maisulanaren aurrean, aitite eta amama, aitaren aldeko izeko-osabak eta lehengusina-lehengusu denak. Eta, erdian, ia gu bezain haurra, hain zen gaztea, amaren ahizpa txikiena, gure izeko Oro.

Esan bezala, argazki polita da, ebokadorea. Argitasun berezia duela uste dut, eta ikusi dudan aldi guztietan sosegua eman dit.

Berrogei urte igaro dira, urtea gora, urtea behera, eta argazki horretan ateratzen garen asko iragan astean bildu ginen berriro, izeko Orori agur esateko.

Koronabirusak eraman du. Ez da bat-bateko kontua izan, kutsatu eta bi hilabetera zendu da, tartean hilabete eta erdi ZIUn eman ondoren, borrokan. Eta gu ezin sinisturik gaude, hain da sinesgaitza, hain ulergaitza kamerari bizitza-gosez begiratzen zion neskatila hura joan izana.

Azken olatuan Euskal Herrian hildako mila eta hirurehun lagunetako bat da bera. Urrian birusaren transmisioa oso txikia zen, eta txertoaren estaldura, ia erabatekoa, eta, hala ere, mila eta hirurehun lagun gehiago hil ditu. Ez da erraz ulertzen nola utzi zaion hainbeste zabaltzen, eta zailagoa da hildako kopuru izugarri horrek hain zirrara txikia eragiten duela azaltzea. Heriotzak dozenaka kontatzen ikasi ei dugu, ia zirkinik egin gabe.

Nekatuta gaude denak. Fisikoki, asko, eta psikologikoki zein emozionalki, guzti-guztiak. Gogoa daukagu, eta agian badugu ordua, leihoak ireki eta gure bizitzan bizipoz apur bat sartzen uzteko. Hala bedi. Baina burutik kendu ezinda nabil ez litzatekeela malko berririk isuri behar inoren Arantzazuko argazkian.