Azken dantzarako prest da Oinatz Bengoetxea Beotibar garaipen batekin agurtuta
Susto txiki bat ere izan badu ere –lehen atsedenaldian Bixente Artolak masaje bat eman behar izan dio zangoa zerbait kargatu zaiolako–, Zabaletak lagunduta 22-17 irabazi diete Altuna-Mariezkurrenari.
Hilabeteko atzerapenez izan beharko du azkenean baina larunbat honetan jokatuko du Oinatz Bengoetxeak bere azken partida frontoi industria batean, duela ia 20 urte debuta egin zueneko Labriten hain zuzen ere. Aurretik, ordea, horren gertukoa izan duen Beotibarren ere agur esan du Leitzarrak, pilotalekua goraino betea zela. Partida erdira aldera zangoa kargatu eta susto bat ere eraman badu ere, Bixente Artolak aldagelan emandako masajea eraginkorra izan da oso, Leitzarrak Markinan izandako lesioa ahaztu eta azken dantzarako prest dagoela erakutsi du, Zabaleta lagun, Altuna eta Mariezkurrenari 22-17 irabazita.
Korrika eta presaka bada ere, Tolosa ari da Ihauterietarako prestatzen, gaur bertan hasiak dira geltoki inguruko barrakak prestatzen eta astelenitarako aste bete falta den arren, Beotibar pilotalekua lepo bete da, azken 20 urtetan pilotazaleei horrenbeste gozarazi dien Oinatz Bengoetxearen azken partida bertatik bertara ikusteko. Asteburutik kanpo, jaialdian zehar ez da halako zaratarik sumatu, baina benetan sentitua izan da leitzarra azken sakea egitera joan denean, zutik jarrita, pilotazaleek eskainitako txalo zaparrada. Aurrelari nafarra ere ez da atzean geratu eta sakea bi paretak jota aterata erantzun die, jendearen gozamenerako. Garaipena eskuetan zuela, azken agurra ere soila baina sentitua izan da oso, aurreskua eta Tolosako Udalak eta Aurrera klubak eskainitako opari pare bat eta hamaika txalo harmailetatik.
Partida entretenigarria
Izan ere, txapelketako partiden tentsiorik izan ez badu, Bengoetxea VI.aren Beotibarreko azken partida entretenigarria izan da oso, bi aurrelariek jolasgura handiarekin eta bi atzelariak pilotakada handiak joz. Asteburuan garrantzi handiko partidak aurrera aterata, Binkakoaren finalerdietan kasualitatez ez daudela erakutsi dute Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaletak, bakoitza berean oso eraginkor arituz. Txapelketako presiorik gabe, Jon Mariezkurrena ere ondo aritu da oso eta deskantxatuta egon arren, Oinatz Bengoetxeak ere ez du atzean geratu nahi izan.
Atzo Astelenan emandako erakustaldiari jarraikortasuna emanaz, partidaren lehen txanpa horretan Jokin Altuna nabarmendu da, sekulako tanto sorta eskuratuz. Lehen atsedenaldi luzera 12-9 aurretik zirela heldu dira Altuna eta Mariezkurrena, eta barruan susto handi xamarra zuela egin du Oinatz Bengoetxeak aldageletarako bidea, zangoan molestia batzuk zituela nabaritu baitu, batez ere alboetara mugitu behar zuenean eragiten ziotenak. Zorionez, azken 20 urteetan bezala, hantxe zegoen Bixente Artola eta haren eskuetatik pasata, eraberriturik itzuli da leitzarra kantxara.
Eskuetatik txisparekin irten zaio pilota eta partida iraultzeko gai izan dira bera eta Zabaleta oso sendo bat, agurra garaipenarekin borobilduz.