INFO

Prekarietateak osasun mentalaren okertzean duen eragina salatu du Ernaik Opusen klinikan

Gazteek bizi duten prekarietateak osasun mentalaren okertzean duen eragina salatu du Ernaik Iruñean Opusek duen Klinika Unibertsitarioaren atarian eskaini duen hitzaldian.

Foruzainak agertu direnean bukatu dute hitzaldia Ernaiko kideek. (ERNAI)

Iruñean Opusek duen Klinika Unibertsitarioko atarian osasun mentalari buruzko hitzaldia eman dute Ernaiko hainbat kidek gaur arratsaldean. Ane Alava gazte antolakundearen bozeramailea eta Aimar Senosiain psikologia ikaslea aritu dira hizlari lanetan eta Foruzaingoa agertu denean hitzaldia bukatutzat eman dute. Gazteek bizi duten prekarietate egoerak osasun mentalaren okertzean duen eragina izan dute hizpide eta horri aurre egiteko «urgentziazko» neurriak aldarrikatu dituzte.

Ernaiko Ane Alava eta Aimar Senosiain, Opusen klinikaren aurrean hitzaldia eskaintzen. (ERNAI)

Osasun mentalaren atzean egiturazko arrazoiak daudela nabarmendu dute Ernaiko kideek. «Gazteak kapital metaketarako eskulan merkea diren heinean, haien bizitzen prekarizazio prozesuan sakontzen ari dira elite ekonomiko zein politikoak», ohartarazi dute. Egoera horren iturburuan kokatu dituzte «aldi baterako lan kontratuak, emantzipatzeko ezintasunak, bizitzaren garestitzea, pandemian zehar gazteenganako kriminalizazioa, hezkuntza prozesuetan izandako etengabeko oztopoak, lehiakortasuna, exigentzia sozialak eta bizi eredu normatiboak edota aisialdi eredu kapitalista».

Osasun mentalaren okertzeari aurre egiteko baliabide publiko «falta handia» dagoela salatu dute, eta sektore pribatuak osasun mentala «negozio» bilakatu duela erantsi: «Gutxi batzuk egoeraz baliatzen ari dira etekinak handitzeko». Osasungintza publikoaren «desegitea eta kolapsoa» ere interes horien pean kokatu dute. Gazte antolakundearen iritziz, egiturazko arrazoiei ez zaie jaramonik egiten eta «sasi-irtenbide paliatiboaren joera» nagusitzen ari da, «erroko erantzunak eman beharrean».

Ernairen aburuz, osasun mentala gazteen «prekaritatearen itzala» da eta irtenbidea ezin da «erdibideko proposamenekin» konpondu, «sistemaren baitan gazteontzako bizitza duinik ez baita posible».

Horregatik, «bestelako Euskal Herria eta jendarte baten aldeko eraikuntza lana eta borrokaren» aldeko apustua berretsi dute. «Gazteok geure egoera iraultzeko giltza geure eskuetan baita, eta ez beste inorenean».

Sozialismoa eta feminismoa ardatz izango dituen Euskal Herria aldarrikatu dute, eta burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka «gazteen ezinegonari eta prekarizazio prozesuei aurre egiteko tresna gisa». Horregatik, gonbita egin diote gazteriari «Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo mobilizatzailera batu eta elkarrekin borrokatzera».