‘Amez’, amatasunari buruzko narrazio-bilduma, plazaratu du Goiatz Labandibarrek
Udal Liburutegiko Mandaseko Dukearen aretoan, Goiatz Labandibar idazleak, Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak lagunduta, ‘Amez’ liburua aurkeztu du, ama izateko modu ez hain ohikoei buruzko narrazio-bilduma.
Goiatz Labandibar idazleak ‘Amez’ narrazio-bilduma (Alberdania, 2022) aurkeztu du ostegun honetan Donostiako Udal Liburutegiko Mandaseko Dukearen aretoan. Egilearen bosgarren liburua da gaur aukeztutakoa.
Idazleak berak azaldu du, Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editorearekin solasean, non kokatzen den ‘Amez’ ipuin-bildumaren abiapuntua: «Ohituta gaude denok amei buruz, amatasunari buruz, kontzeptu mota jakin baten arabera pentsatzen. Nik saiatu nahi izan ditut amatasunari buruzko kontzeptu sozialagoak, eta, nahi baldin bada, baita politikoagoak ere jokoan jartzen kontakizun hauetan».
Argiro ondorioztatzen da, beraz, modu erabat kontzientean hartutako erabakia izan dela Goiatz Lanbandibarrena: hasiera-hasieratik pentsatu eta erabaki zuen amei eta, bereziki, ama izateko modu ez hain ohikoei buruzko narrazio-sorta bat idaztea.
Egileak berak azaldu du bulkada horren barruan dagoen funtsezko gogoeta: «Gizarteak ‘ama ona’ren kontzepzio bakar bat onartzen du; dirudienez, ez gaude prest ama izateko beste modu batzuk aintzat hartzeko, edo kosta egiten zaigu, behintzat, eredu ezberdin horiek badirenik ere onartzea. Ipuin hauek idazterakoan, gizarteak ia aho batez onartzen duen ‘ama ona’ren kontzepzio monolitiko horretatik urrundu nahi izan dut, hain zuzen ere, azken finean aldarrikapen argi bat egiteko: amatasunari heltzeko, ama izateko, beste modu ezohiko bat aukeratzen dutenak ez dira, inola ere, ama okerragoak, eredu ezberdin bat aukeratu eta gauzatzeagatik bederen».
Idazleak uste duenez, orain arte ez da agian asko idatzi amei buruz, are gutxiago amatasunaren modu ezberdinei buruz, akaso beste kontu batzuei buruz aritu delako literatura. ‘Amez’ liburuak ez du, jakina, hutsune edo gabezia hori betetzeko asmorik, ezta amatasun ereduen arteko balizko dialektika batean jarrera teoriko edo praktiko bat aldarrikatzeko helburua ere; literatur sorkuntzak berez dituen baliabideak darabiltza idazleak pertsonaien kontzientzian arakatzeko.
Teknikari dagokionez, erregistro eta giro ugari erabili ditu Labandibarrek literatur ariketa honetan. Editoreak adierazi duenez, «ironia darie, neurri batean edo bestean, liburuko hainbat kontakizuni. Goiatzek sarkasmoa saihesten du, bai, baina jokaerak eta jarrerak leundu edo edulkoratu gabe. Beste zenbaitetan, ordea, historian aztarnarik utzi duten emakumeak datoz kontakizunetara, edo kronikaren kutsua hartzen du narrazioak… Estilo-lanabes ugari eta trebetasunez erabiliak, irakurlearen jakin-mina bizirik mantentzeko».
«Hogeita bost narrazio bildu ditu Goiatzek liburu honetan, eta asmo zehatza dago guzti-guztietan literatur: irakurleari aurkezten zaizkion pertsonaiengana, amak gehien-gehienak, beste begirada batez hurbiltzea, gizartean sakon erroturiko ‘ama ona’ren eredu bakarra goraipatzen duen jarreratik aldenduta», jakinarazi du Gimenez Bechek.
Amak dira, beraz, kontakizunon gai nagusia, baina ez bakarra. Emakumeen bizimodua ardatz hartuta, ama izateko nahiz ez izateko erabakiaren uneari begiratzen dio, arreta bereziz, idazle oiartzuarrak, eta, arketipoetatik ihesi, «haragizko» emakumeak deitzen ditu kontakizunetara, kontraesan eta guzti, argi-itzalak barne.
Idazlea aurkezterakoan Gimenez Bechek adierazi duenez, bosgarren narrazio-bilduma da gaur aurkeztu dena, «honen aurrekoa, ‘Hori zen dena’ izenburukoa, 2019an argitaratu zuen Alberdaniak, eta oso harrera ona izan du irakurleen aldetik».
Narrazio-liburu horiez gain, poema-bilduma bat ere argitaratu du Labandibarrek, eta Kafe Bar Bilbao antzerki gidoien lehiaketan saria eskuratu du.