Milaka lagun mobilizatu dira Bilbo, Gasteiz eta Donostian Osakidetzaren defentsan
Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, milaka herritar mobilizatu dira Bilbo, Gasteiz eta Donostian Osakidetzako Lehen Arretaren «kolapsoa» eta ospitaleetako «gainkarga» salatzeko.
Osakidetzako Lehen Arretako grebaren biharamunean, milaka lagun mobilizatu dira larunbat honetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian zerbitzu horrek pairatzen duen «kolapsoa» eta erietxeetako «gainkarga» salatzeko xedez. Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGTk era bateratuan deitu dituzte hiru hiriburuetako manifestazioak eta Lakuari «berehalako neurriak» har ditzala exijitu diote.
Manifestazioak hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago, sindikatu guztietako bozeramaileek ostiraleko lanuztea «guztiz arrakastatsua» izan zela azpimarratu dute. Hala ere, jarraipenaren datuen aferan, Lakuari greba «zapuzteko» ahalegin batean «datu manipulatuak» argitaratu izana leporatu diote.
Izan ere, sindikatuen esanetan, Lakuak eta Osasun Sailak %100eko zerbitzu minimoak ezarri zituzten anbulategi batzuetan eta, horrela, ez zituzten grebara atxiki nahi, baina ezin izan zuten beharginen greba eskubidea eta atxikimendu nahia kontuan hartu. Dena den, sindikatuak baikor daude astelehenean, otsailaren 28an, Osakidetza osoan deituta dagoen lanuzteari begira, jarraipen zabalekoa eta «kristoren greba eguna» izango dela sinetsita baitaude.
Eneko Pascualek, Osakidetzako LABeko arduradunak, negoziazioen erritmoa gaitzetsi du: «Negoziazioetan ez dugu inolako aurrerapenik izan eta ezin dugu onartu daukagun prekarietatea. Lan baldintzak jasanezinak dira Osakidetzan eta behin-behineko langileak egonkortu behar dira». Zehazki, sindikatuen eskaera plantillak kontsolidatzea eta 24.600 langilek pairatzen duten behin betikotasunarekin amaitzea da, %8ra arte jaitsiz.
Iñigo Garduñok, EAEko CCOOko Osasun eta Sektore Soziosanitarioen Federazioko idazkari nagusiak, bere aldetik, salatu du ostiralean ez bezala, larunbatean herritarrei egin dietela EAEko hiriburuetako kaleetara irteteko deia: «Gizarte guztiari eragiten dioten murrizketak dira, eta horregatik daude guztiak manifestazio honetara deituta». Izan ere, Garduñok ohartarazi du Osakidetzaren «eraispenaren» aurrean gaudela eta, bere adierazpenak berresteko, Basurtoko ospitaleko kirurgia kardiakoaren zentralizazioa eta Gasteizko Santiago erietxeko larrialdi zerbitzuen itxiera gogorarazi ditu.
EAEko UGTko osasun arduraduna den Ana Vazquezek arazoa berria ez dela salatu du. Izan ere, Vazquezek gogoratu du «hamarkada bat baino gehiago» daramatela osasun sistema publikoaren murrizketak salatzen eta Osakidetzak «larderiarekin» eta «kasurik egin gabe» erantzun diela langile zein pazienteen aldarrikapenei.
Esther Saavedrak, ELA sindikatuko osakidetzako arduradunak, aldiz, konponbide estrukturalak eta berehalakoak eskatu ditu. «Azpimarratu nahi dut hau ez dela lan gatazka bat soilik, gure osasun sistema publikoaren etorkizuna jokoan dago. Lan baldintza duinik gabe ez dago kalitatezko zerbitzurik», abisatu du. Era berean, konponbideak martxan jartzen ez baldin badira, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du.
Bukatzeko, Satseko bozeramaileak, Amaia Mayorrek, Osakidetzari zein Osasun Sailari beraien jarrera «berbideratzeko» eta langile zein gizartearen aldarrikapenak «kontuak hartzeko» eskatu die. Era berean, mobilizaziora aurkeztutako herritarren eta gizartearen babesa eskertu du.
Pentsiodunak, grinaz
Pentsiodunen mugimenduak zerbitzu publikoekiko duen konpromisoaren erakustaldi bat egin du beste behin ere. Bilboko manifestazioaren bukaeran kokatuta, eta ohikoak dituzten kamiseta gorri zein bozgorailuen laguntzaz, ‘pazienteak gara, ez bezeroak’ eta ‘Osakidetza adi, publikoa ez dago salgai’ bezalako leloak grinaz oihukatu dituzte bertaratu diren ehundaka pentsiodunek.
Horregatik, manifestazioko azken irakurketaren ostean, sindikatuek bereziki eskertu diote pentsiodunen mugimenduari osasun publikoaren defentsan izan duen inplikazioagatik.