INFO

Handienen pare jarri da Battitta Ducassou, seigarren txapela uste baino errazago jantzita

Hazparnen jokatutako historiarik gabeko finalean itsasuarra goitik behera nagusitu zaio bere mailatik urrun aritu den Ospitali (40-11).

Battitta Ducassou, Frantziako Buruz Buruko seigarren txapela buruan duela. (Guillaume FAUVEAU)

Duela ez horrenbeste, harrapaezinak ziruditen manu Martiarena eta Agusti Waltaryk. Gaurtik ordea, trinketearen Olinpo horrek badu maizter berri bat, Battitta Ducassou itsasuarra, Mathieu Ospitali 40-11 gailenduta, beste biek bezala bere seigarren Frantziako seigarren txapela jantzi baitu Hazparnen.

Gainera itsasuarrak erakutsitako maila fisiko, mental eta teknikoari erreparatuta, inork ezin lezake esan bere palmaresa bere horretan geratuko denik, aurtengo finalean uste baino errazago gailendu baitzaio azken urteetan izan duen aurkaririk handienetako bati.

Emoziorik ez

Garaziko Superprestigioko finalean ikusitakoaren ostean, lehia parekatua espero zen aurtengo partidarik garrantzitsuenerako, baina usteak erdi ustel eta kolore bakarreko, txapeldunarena, partida izan dugu. Halako emaitzak ematen diren bakoitzean gertatu ohi den bezala, garailea perfekziotik gertu aritu da galtzailea, kasu honetan Urepelekoa, ez da berak eman ahal duen mailara gerturatu ere egin. Partida aztertzerako orduan Ducassouk sakez eginiko 14 tantoez mintza gintezke, eta asko, izugarri izanda, anekdota bat gehiago izan dira itsasuarra erabat nagusitu baita jokoaren alor guztietan.

Ospital ezinean aritu da partida osoan eta txapelak ihes egingo ziola ikusi duenean erabat amildu da. Pentsa, 20-11koan egin du bere azken kintzea eta Ducassouk jarraian egin ditu garaipenera eraman duten beste 20ak.