Korrika babesteko eskatu diote Burlatako Udalari oposizioko talde guztiek
Oposizioko talde guztiek eskatu diote Navarra Sumari errespeta dezala Udalbatzaren erabakia eta Burlatako herritar gehienena Korrikari dagokionez. Izan ere, Udaleko agintea duen alderdi honek uko egin dio euskararen aldeko ekimenaren 22. edizioa bultzatzeari, biztanleen eskaerei entzungor eginez.
Burlatako Udaleko oposizioko talde guztiek eskatu diote agintea duen Navarra Sumari errespeta dezala Udalbatzaren eta herritarren gehiengoa Korrikari dagokionez.
Navarra Sumak uko egin zion Korrikaren 22. edizioari babesa emateari Burlatako Udalean, eta, horren aurrean, EH Bilduko udal taldeek, Cambiando Burlada-Burlata Aldatuz-ek, Podemosek eta Geroa Baik mozio bat aurkeztu zuten joan den osteguneko Osoko Bilkuran. PSNk babestu egin zuen mozioa, eta gobernu taldeari eskatu zioten Burlatako Udalak kilometro bat eskura zezala.
Ikastetxeak, ofizialki parte hartu nahian
Taldeek gogorarazi dute Burlatako Udalak euskararen aldeko lasterketan parte hartu duela hainbat zeinu politikotako alkateekin, eta deitoratu egin dute Navarra Sumaren jarrera «aldebakarreko erabaki horrengatik». Erantsi dutenez, ez ditu aintzat hartuD ereduko Burlatako ikastetxeek Korrikaren hurrengo edizioan ofizialki parte hartzeko Euskara Sailean egin zituzten eskaerak.
Horregatik, oposizioko talde guztiek Navarra Sumari eskatu diote errespeta ditzala Udalbatzaren gehiengoaren eta Burlatako herritar gehienen iritziak, eta «utz diezaiola euskara alderdikeriaz erabiltzeari».