‘Miñan’, migrazioa alde askotatik lantzeko pizgarri Hernaniko Institutuan
Hernaniko ikasle talde batek ikuspegi zabal batetik landu du migrazioa: ‘Miñan’ irakurri dute, Amets Arzallusekin topatu, migrazioari buruzko saio bat eta «Aita Mari» dokumentala ikusi, Ahmer-en bidez herriko errealitatea ezagutu eta Irunera bisita egin.
Ibrahima Balderen istorioa kontatzen duen ‘Miñan’ liburuarekin hasi zen dena. Hernaniko Bigarren Hezkuntzako Institutuko Batxilergoko 1. mailako ikasleek “Miñan” irakurri zuten Euskarako ikasgaiaren baitan, eta Balderen istorioa ezagutu. Eleberria, ordea, migrazioa ikuspegi anitzago batetik lantzeko oinarria bilakatu zen. Amets Arzallus idazlea institutuan izan zen, migrazioari buruzko begirada bat eskaintzen.
EiTBko ‘Ur handitan’ saioko migranteei buruzko atala eta ‘Aita Mari’ dokumentala ere ikusi zituzten 16-17 urteko gazteek, eta Hernaniko Ahmer elkarteko kideekin izan zuten hartu-emana, herriko errealitatea sakonago ezagutzeko. Kontatu zieten, esateralp, zein zailtasun eta oztopo izaten dituzten atzerritarrek Estatu espainiarrean beraien egoera legeztatzeko. Eta ‘Aita Mari’ dokumentala ikusi zuten herriko Biteri Kultur Etxean, Salvamento Maritimo GKEko lagunen eskutik itsasoan bidaian diren pertsonak erreskatatzeko atunontzi zaharraren istorio oztopoz jositakoa.
Mikel Mendizabal Hernaniko institutuko euskara irakasleak onartu du hasieran ez zeukatela asmorik gaia horrenbeste «handitzeko», baina beste pauso bat ere eman zuten. Ahmer-eko kideen bitartez Irungo Harrera Sarearekin jarri ziren kontaktuan eta bertan, mugaren sinbolo ere baden udalerrian, hartu zituzten Harrera Sareko kideek Hernaniko institutuko gazteak.
Ez iristeko leku bat
«Irungo Harrera Sarea sortu zenetik gure helburua izan da egoeraren gaineko zabalkundea egitea eta, noski, krisi humanitarioari erantzun bat ematea, beti eraldaketara bidean», esplikatu du Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko kideak.
Irungo errealitatea salatu eta gizarteratzeko hainbatetan hartu du parte Harrera Sareak foro, mahai-inguru edo bestelako ekintzetan, eta ikastetxe ezberdinekin ere egin dute lan, bereziki Gipuzkoan eta Nafarroan. Hau guztia bide informaletatik egiten dute, hau da, ez dago tarteko proiektu pedagogikorik edo unitate didaktikorik. Harrera Sarearen lanaren berri ematen dute doazen tokian.
Doazen tokian, zeren, normalean, sareko kideak joaten dira ikastetxeetara. Galardik esan du lehen aldia dela ikasle talde bat Irunera mugitzen dela, migrazioaren zati baten errealitatea bertatik bertara ezagutzera.
Otsailaren 17an eta 18an joan zen Hernaniko ikasle taldea Irunera. Trenez joan ziren, «migranteak trenez edo autobusez joaten diren bezala», dio Mikel Mendizabalek.
Irungo Harrera Sareko kideekin egin zuten topo eta esplikatu zieten nola trantsituan dauden migranteak Gurutze Gorrira joaten zirela, Belaskoeneara. Ikasleek ere hara jo zuten. «Oso urruti dago. Konturatu ginen jarrita dagoela migranteentzako toki bat, baina dela, azken finean, ez iristeko toki bat», kontatu du institutuko irakasleak.
Handik San Juan plazara joan zen taldea, ikustera nola antolatzen den Harrera Sarea herrira iritsi diren migranteei informazioa emateko, dela beraien eskubideen inguruan dela Santiagoko mugari buruz.
Mugan bromarik ez
Polizia frantsesaren ohiko kontrola topatu zuten ikasleek Santiago zubira iritsi zirenean. Konturatu ziren, ordea, ezkerretara oinezkoen pasabidea zegoela. Hesiz betea, hori bai. Irunera iritsi zirenerako, ikasleek jada landua zuten migrazioaren gaia eta mugan gertatzen denaren jakitun ziren. Hala ere, bertatik bertara ikusteak harritu egin zituen. «Gerturatu ginenean mugara, 50 ikasle inguru, atera ziren bi polizia kotxe, oihuka hasi ziren, galdezka ea eskolakoak ginen edo ez. Ikusi zutenean eskolakoak ginela bakean utzi gintuzten. Baina ni horrela sentitu banaiz, migrante bat... ez dut imajinatu ere egin nahi», diote Aitana Montero eta Joana Garcia ikasleek. «Irungo Harrera Sarekoek esan ziguten: guri gertatu bazaigu zuriak izanda, ezin dezakezue imajinatu nola den hau Afrikatik etorri den norbaitentzat».
Bi egunetan, bertatik bertara ikusi zuten ikasleek zein den Irun eta Hendaia arteko muga igarotzen saiatzen diren migranteen egoera. Modu pedagogiko batean, betiere. «Ez genuen joan nahi parke tematiko batera, joan nahi genuen alderdi pedagogiko batetik, ez genuen morborik edo espektakulu baten bila joan nahi. Hori garbi gelditu zen», agertu du Mikel Mendizabalek.
Oihana Galardi Harrera Sareko kidearen ustez, Irunera gerturatzearekin batera migrazioaren errealitatera gerturatu ziren ikasleak. «Beraiek jada lanketa bat egiten ari ziren. Orduan, landutako hori lurreratzea bezala izan da. Gure asmoa ez zen migranteak ikustea, baizik mugan zer gertatzen den ikustea. Beraiek ohartaraztea ez duela ematen kontrolatutako espazio bat, badirudi dena lasai dagoela, baina hor dagoen hesia ukitzen bada, nola polizia frantsesa gainean duzun. Modu bereziago batean konturatzen dira mugak zer suposatzen duen».
Zifren atzekoa
Aitana Montero eta Joana Garcia dira Hernaniko Institutuko ikasleetako bi. Azaldu dute nola, migrazioa ikuspuntu anitzetatik landuta, errealitatea ulertu eta, are, iraultzeko bideak ikasi dituzten. «Ez bagenu hau dena egingo, agian ez genuke ikusiko benetako arazoa», nabarmendu du Garciak.
Lortu baitute, finean, «ezabatzea zifra bat diren ideia hori», gehitu du ikasleak: «Telebistan ikusten dugunean migranteei buruzko edozein albiste, zenbakiak ematen dizkigute. Baina zifra horien atzean pertsona bat dago, familia bat dago, eta istorio bat».
Istorio bat, ‘Miñan’ eleberriak jasotzen duena bezalakoa. «Ez da fikziozko liburu bat, benetan gertatu da. Harrigarria da, zeren ez duzu espero pertsona batek horrelako bizitza izatea. Ibrahima bat da, baina horrelako kasuak asko dira. Uste dut liburu horrekin eta Ametsekin izan genuen elkarrizketaren bidez lortu genuela kontziente izatea hau arazo erreal bat dela, egunero gertatzen dela. Milaka egoera desberdin daude. Eta kontziente izatea gure pribilegioetaz. Orain pentsatzen jarrita, gure kurtsoko inork ezingo zuen horrelako egoera bat bizi», agertu du Monterok.
Irunera iritsi zirenerako, ikasleek jada landua zuten migrazioaren gaia eta mugan gertatzen denaren jakitun ziren. Hala ere, bertatik bertara ikusteak harritu egin zituen. «Esan ziguten Hendaiako mugan Polizia zegoela terrorismoaren aurkako operazio batengatik. Baina ez da horregatik. Gerturatu ginenean mugara, 50 ikasle inguru, atera ziren bi polizia-kotxe, oihuka hasi ziren, galdezka ea eskolakoak ginen edo ez. Ikusi zutenean eskolakoak ginela bakean utzi gintuzten. Baina ni horrela sentitu banaiz ez dut migrante bat imajinatzen», dio Aitana Monterok, eta Garciak gaineratu: «Irungo Harrera Sarekoek esan ziguten: guri gertatu bazaigu zuriak izanda, ezin dezakezue imajinatu nola den hau Afrikatik etorri den norbaitentzat».
Motxilak eta mobilak
Harrera Sareak Irungo Kale Nagusian duen arropategia ere ezagutu zuten batxilergoko 1. mailako ikasleek. Trantsituan dauden pertsonek behar dituzten arropa, motxila edo tresnak banatzeko tokia da arropategia, eta gazte zein irakasleek erabaki zuten beraiek ere lagundu nahi zutela.
Horretan ari dira orain, institutuan motxilak eta mugikorrak biltzen. «Hasi gara motxilak biltzen eta ikusten duzu guretzako motxila sinple bat, ez duguna erabiliko, behar-beharrezkoa izan daitekeela beraientzat», azpimarratu du Monterok.
Bestalde, bi ikasleek dei egin diete herritarrei Irungo Harrera Sarearekin kontaktuan jartzera eta ahal duten modura laguntzera: «Harrera Sarekoek eskertuko dute».