INFO

‘Antigone edo ezetzaren beharra’ obrak eskuratu du XXII. Donostia Antzerki Saria

Horman Poster konpainiaren ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ obrak irabazi du «begirada umoretsu bezain tragikoz» mendeetako gatazka ebatzi gabeak eszenaratzeko izan duen moduagatik. Hilaren 27an jasoko du XXII. Donostia Saria, Victoria Eugenian, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean.

‘Antigone edo ezetzaren beharra’ lanak irabazi du Donostia Antzerkia Saria (Maialen ANDRES | FOKU)

Bere burua konpainia ertain-txikitzat duen Horman Poster-ek onartzen du: ez da erraza ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ bezalako proposamen «garaikidea eta «esperimentala» taularaino eramaten, antzerki programazioetan zirrikutu bat bilatu eta publikoarengana ailegatzen. Zailtasunak zailtasun, amaiera bakoitzarekin batera etortzen zitzaien zapore berezi bat ahora, sentitzen zuten funtzionatzen zuela, ailegatzen zela. Sena ez zuten erratuta: XXII. Donostia Antzerki Sariak eman die arrazoia.

Astelehen honetan eman da jakitera ebazpena, prentsaurrean. Saria hilaren 27an jasoko dute Victoria Eugenia Antzokian, Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Bidean aurrera egiten lagunduko dien 12.000 euroekin batera jasoko dute Oaia Peruarena artista beratarraren obra eta jarraian, antzezlanaren emanaldi bat eskainiko da.

Igor de Quadra konpainiako kideak azaldu duenez, Soflokesen ‘Antigona’ testutik eta honen beste bertsio garaikide batzuetatik edan dute egokitzapena egiteko. Anouilh, Brecht, Zambrano, Zizek… Abiapuntu poliedriko bat, bertsio erabat librea eraikitzeko.

Antigona tragedia klasikoa historian zehar gehien taularatua izan den klasikoa dela gogoratu arren, Euskal Herrian eta euskaraz oholtzara eraman den lehen aldia izan dela aldarrikatu dute. Eta, hain zuzen, hori izan da epaimahaiak, azaldu duenez, errekonozimendu hau esleitzeko eskuartean izan dituzten «arrazoi askotariko» bat. Obra klasikoa izan arren, «ezin garaikideagoa» dela iritzi du epaimahaiak eta haren oihartzunak «euskaraz entzunaraztea ezinbestekotzat» jo du. 

Mendeetako gatazka ebatzi gabeak «begirada umoretsu bezain tragikoz» planteatu izana estimatu dute epaimahaikideek: jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak… horiek denak «kolokan» jartzen ditu «pasioen salda odoltsu» batean.

Pertsonaiak «poliedrikoak» eta «indartsuak» dira, eta horrela burutu ahal izan da proposamen «oso ausarta». «Estetika eta iruditeria zeharo zaindua du eta ezohiko lengoaia darabil: irudi indartsuak eraiki dituzte obran zehar, plastikotasun handikoak», azpimarratu du ebazpenean.

Mediazio prozesua

Sortze prozesuaz galdetuta, ez dela batere lineala kontatu du konpainiako sortzaileetako bat den Matxalen de Pedrok. Taula gainean sortzen dituzte piezak, eta gero horri ondo josi ahal dakioken testuan pentsatzen dute. Besteetan alderantziz. Sortu, egokitu, moztu, zuzendu, erantsi, gehiago sortu… norabide askotariko prozesua da. «Mediazio prozesua da geurea», zehaztu du De Pedrok. Pieza guztiek bat egiten dutenean ematen da amaitutzat.

Igor de Quadra kideak hain zuzen talde lana goraipatu du, dela eszenografian dela dramaturgian. Kolektibotasunetik sortzen da Horman Posterren. Orain, sariak eman ahal dien oihartzunarekin itxaropentsu agertu dira, nahi baino «xumeagoa» izan den zirkuitua aberastuko dutelakoan. Edonola ere, XXII. Donostia Antzerki Saria aurretik, iazko azaroan, Azpeitian jaso zutenari batzen zaio. Orduan, Ikuslegoaren saria irabazi zuten Euskal Antzerki Topaketen baitan.

‘Souvenir’, etorriko dena

Bien bitartean, hamar urte bete dituen konpainiak lanean segitzen du; aurreratu dutenez ‘Souvenir’ lanarekin itzuliko dira Euskal Herriko antzokietara. Tragediatik komediara egingo dute salto, eta Arriaga antzokian estreinatuko da datorren azaroaren 10ean.

Funtsean bidaia extralurtar bat proposatuko dute, eta tartean nahastuko dira espaziora egiten den turismoa, kolonialismoaren bueltan sortzen diren auziak, arrotza egiten ez zaigun gentrifikazioa… «Zer dago beste planeta batean eraikitzeko nahiaren atzean?», galdegin du Xanti Agirrezabala antzerki kideak.