INFO

Eraso bakar bat gehiago onartuko ez dutela aldarrikatu dute Tolosan eta Barakaldon

Jendetza bildu da astearte honetan Tolosan eta Barakaldon azken egunotan bi herri horietan jazo diren sexu erasoak irmo gaitzesteko.  

Jendetza bildu da Tolosan. (Jon URBE | FOKU)

Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte astearte iluntze honetan Barakaldon eta Tolosan, bi herriotan gertatu diren sexu erasoei erantzun sendoa emanez. 

Gipuzkoako udalerrian, Udalak, Tolosako Asanblada Feministak, Festa Batzordeak eta herriko bestelako eragileek deituta egin dute protesta, inauterietako igandean 18 urteko emakume bati kalean egin zioten sexu eraso «ankerra» gaitzetsi eta jazotakoaren aurrean «sumindura eta amorru handiena» adierazteko.

Udal korporazioko kideez gain, Gipuzkoako Aldundiditik Eider Mendoza, Miren Elgarresta eta Jose Ignacio Asensio gerturatu dira elkarretaratzera eta Emakundetik, Izaskun Landaida. 

Biktimari eta bere inguruneari babes eta elkartasun guztia helarazteaz gain, haren eskubideak eta intimitatea ere babesteko eskatu dute. Era berean, argi aldarrikatu dute jaien inguruan denak ez duela balio eta «erasotzaileek ez dutela tokirik gure herrian».

Barakaldon ere, nazkatuta

Barakaldon, aldiz, Argitan plataformak deituta egin dute elkarretaratzea, herrian emakume bati taldean eginiko sexu erasoa gaitzesteko. Aldean zeramatzan gauzak ere lapurtu zizkioten biktimari.

Elkarretaratze jendetsua Barakaldon ere. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gogoratu beharra dago eraso honi lotuta igandean atxilotu zituzten 20 eta 23 urteko bi gizonezkoak espetxeratu egin dituztela eta beste bi ikertzen ari dela Ertzaintza.

Hori dela eta, indarkeria matxista ororekin nazkatuta daudela azpimarratu dute eta plazan zabaldu duten pankartak zioen gisan, ez dute erasorik utziko erantzunik gabe.  

«Emakumeok eraso matxista oso larrien epidemiari egin behar diogu aurre. Kezkagarria iruditzen zaigu ikustea, berdintasunean aurrerapausoak eman diren arren, emakume izateagatik sistematikoki erasotuak izaten jarraitzen dugula», salatu du Argitanek.

Plataforma feministak, halaber, neurri integralak eta erakunde publikoen apustu «ausartak» eskatu ditu. «Neurri estetikoez eta gaitzespen-adierazpen publikoez gain, emakumeen babes sozioekonomikoko eta prestakuntza feministako jarduera eraginkorrak behar ditugu gizartearen eremu guztietan», gaineratu du.

Erakundeak «behingoz politika feministak eta indarkeria matxistaren gaitzari aurre egiteko benetako neurriak bultzatzeko» eskatu die Barakaldoko Udaleko agintariei, baita Aldundiko eta Lakuako Gobernuko agintariei ere.

Elkarretaratzearen ostean, Beatriz Artolazabal sailburuak «animo eta elkartasun mezua» helarazi die Barakaldoko eta Tolosako biktimei.

Adierazi duenez, «espazio publikoetan askatasunean ezin bizitzea» da gizonen eta emakumeen arteko «desberdintasunaren adierazpen garrantzitsuena», eta «funtsezkoa» iruditzen zaio «gizartea oro har jabetzea onartezina dela emakumeen aurkako indarkeriazko edozein jarrera, gutxienekoa izanda ere».