INFO

Erronka klimatikoen aurrean herri gisa erantzuteko ituna aurkeztu du EH Bilduk

EAEn zein Nafarroan aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren legeak eztabaidatzen ari direla, herri gisa ibilbide-orri komun bat zehaztea proposatu du EH Bilduk aurkeztutako Klimaren Aldeko Herri Itunarekin.

Klimaren Aldeko Herri Ituna aurkeztu du EH Bilduk; irudian Lauara Aznal. (EH Bildu)

Gasteizko Abastos Merkatuan egindako ekitaldi baten bidez, EH Bilduk ezagutzera eman nahi izan du klimaren aldeko herri itun baten aldeko apustua: «Datozen hilabete eta urteetako politika klimatikoak ezartzeko beharrezkoak diren adostasun instituzional eta sozialak eraikitzea ahalbidetuko duen kontratu sozial bat».

Aurkezpenean hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduko Programa Zuzendaria, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea eta Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako Parlamentuan.

«Euskal Herriak bat egin behar du une historiko honek eskatzen duen ekintza klimatikoarekin», adierazi du Otxandianok. «Horretarako, lidergo instituzionalarekin batera, gizarte-mobilizazioa funtsezkoa izan behar da konpromiso tasatu eta lotesleak planteatzen dituen ibilbide-orri bat garatzeko euskal erakunde guztientzat eta klima-aldaketaren aurkako borrokan interesa duten eragileentzat», erantsi du.

Gogoratu duenez, bai EAEn zein Nafarroan aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren legeak eztabaidatzen ari dira, eta «lege horiek neutraltasun klimatikora heltzeko ibilbide-orria ezarriko duen herri itun baten tresna normatiboa izan behar direla», nabarmendu du.

Horregatik, Otxandianoren aburuz, ibilbide-orri horren oinarriak formulatzeko unea da, «berehala martxan jarri beharko liratekeen ardatz estrategikoek mugatutako jarduera-eremu bat». Hala, herri itun bat adostearen garrantzia azpimarratu du: «Belaunaldien arteko itun zabal bat, datozen hilabete eta urteetako politika klimatikoak ezartzeko beharrezkoak diren adostasun instituzional eta sozialak eraikitzea ahalbidetuko duena».

«Une erabakigarria»

Mikel Oterok eta Laura Aznalek, Gasteizko eta Iruñeako parlamentuko ordezkari gisa, erronka klimatikoei lehenbailehen heltzeko beharra nabarmendu dute. Oterok Euskal Herrian prozesu honen gakoak zeintzuk diren aipatu aurretik adierazi duenez, «erronka klimatikoa begirada globala baina, analisi esparru eta jardun lokala dituen ekinbide bat izan beha da». Argudiatu duen bezala, klima-aldaketaren aurkako borroka ekonomiaren deskarbonizaziotik igarotzen da (beste aldaketa askoren artean); «hau da, erregai fosilak energia-ekuaziotik kanpo ateratzetik».

EH Bilduk datuek egoera «konprometituan» gaudela baieztatzen dutela gogoratu du, bai klimari dagokionez, bai energiari dagokionez ere. Orain arte egindako lanak «oso emaitza txarrak» izan dituela azpimarratu du: «1990 urtea erreferentziatzat hartuta, EBk plangintza guztietan egiten duen bezala, ikusi dezakegu isurketen murrizketa, Hego Euskal Herri osoan, % 4,5ekoa izan dela azken 30 urteetan, eta EBk, denbora tarte berean, isurketak % 24 murriztu dituela».

Horregatik guztiagatik, Oterok azpimarratu du EAEn zein Nafarroan, klima eta trantsizio energetikoari buruzko legeak egingo diren une hau, une «erabakigarria» dela «ate joka dugun horri guztiari aurre egin eta dagozkien lege, estrategia eta planetan islatzeko».

Bost puntu

Hain zuzen ere, egoera politiko horri erantzuteko aurkeztu du koalizio soberanistak Klimaren Aldeko Herri Ituna. Bost puntu dauzka: Anbizio klimatikoa Europarekin sinkronizatzea; gastu publiko orokorraren eragin klimatikoaren ebaluazio sistematikoa, hala nola, martxan dauden azpiegituretako inbertsioarena, zein Europako funtsetatik eratorritako inbertsioarena; gobernantza klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan; politika birbanatzaileak eta finantza-tresna trantsizionalak; eta aurrekontu-politikan gizarte-ongizate eta aurrerapenaren adierazleak.

Hari beretik tiraka, Laura Aznalek EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan egindako lana azpimarratu nahi izan du. «Gobernuak aurkeztutako proposamenak ez zuen anbiziorik ezta zehaztasunik», salatu du. Hala, prozesu parte hartzaile bat sustatu ostean, zeinetan hainbat kolektibo, gizarte eragile eta ingurumen adituek parte hartu duten, 123 zuzenketa aurkeztu zituen EH Bildu Nafarroak.

«Helburuak betetzeko epe zehatzak zehaztu ditugu, ehuneko zehatzak ezarri ditugu, data zehatzak ezarri ditugu... ezer ez zegoen tokian», azpimarratu du Azanalek.