INFO

Errefuxiatuekin egingo den mentoretza programaren hirugarren edizioa hastear dago Gipuzkoan

Gipuzkoako SOS Arrazakeria eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteetatik hasiera eman nahi diote ‘Izan Harrera’ ekimeneko hirugarren edizioari, pertsona errefuxiatuekin egiten duten mentoretza sozial programa.

Errefuxiatuen aldeko elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘Izan Harrera’ ekimeneko hirugarren edizioa martxan jarri nahi dute Gipuzkoako SOS Arrazakeria eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteek. Programa honen bitartez, mentoretza soziala egiten dute pertsona errefuxiatuekin. Aurten, proiektua Irun, Errenteria, Villabona, Pasaia eta Tolosan gauzatuko da, baina horretarako, parte hartu nahi duten pertsonak behar dituzte.

Azaldu dutenez, mentoretzak pertsona errefuxiatuei laguntza praktiko bat eskaintzen die, «tokiko bizilagunekin harreman bat eraikiz».

SOS Arrazakeriak hitzaldi bat antolatuko du, non pertsona mentoratuek oinarrizko formakuntza bat jasoko duten, eta prozesuan zehar ere baliabideak eta laguntza izango dituzte.

Aurten, mentoretzak pertsona errefuxiatuentzako harrerarako duen balioan sakonduko du, beste arloekin batera, I. Mentoretza Sozial Kongresua Iruñean antolatuko da, maiatzaren 4tik 6ra. Kongresuari buruzko informazio gehiago, ekimenaren webgunean topatu daiteke.

Begoñak, aurreko edizioan Errenterian parte hartu zuen mentoreetako batek, bere esperientzia azaldu du: «Mentora naiz, eta mentoretzak biziago sentiarazi nau, gizaki bezala dudan potentziala garatzeko balio izan dit, onura emozional asko ekarri dit. Komunikazio eta entzumen aktiboa lantzea ahalbidetu dit, elkarbizitza eta gizarterako funtsezkoak diren gaitasunak. Honekin batera, dibertsio asko, emozioa, goxotasuna, maitasun desinteresatua, beste kulturen inguruko jakintza. Batez ere mentora naiz kodizia eta besteak irentsi nahia mundu honen irizpide nagusiak direla dirudielako, baina nik ere erruki, ontasun eta jatortasun asko dagoela sentitzen dut, eta horren parte izatea gustoko dut».

Yolanda, mentoratuak, bere bizipenak azaldu ditu ere: «Nire mentorearekin oso pozik sentitzen naiz, benetan esker onekoa. Mentore bat eukitzeaz gehien gustatu zaidana izan da horren akonpainamendu polita, bera zenbat entregatu den. Pila bat lagundu dit, ez soilik hiria eta guneak ezagutzeko, edo kulturaz ikasteko, baina baita maila pertsonal batean berarengandik jaso dudan babesa. Eta noski beste pertsonak proiektu eder honetan parte hartzera gonbidatuko nituzkeela, eraikitzailea delako, ni bezala iritsi berri dauden pertsonentzako izugarrizko garrantzia duelako, eta nik izan dudan aukera polit hau pertsona gehiagok gozatzea nahiko nuke».