INFO
Entrevue
Oihane Otaegi eta Mikel Unanue
Curling-eko kirolariak

«Olinpiar Jokoetara joateko ametsa eduki dugu baina ezinezkoa litzateke etxean geratu bagina»

Oihane Otaegi eta Mikel Unanuek hamazazpina urrezko domina kolkoratu dituzte. Zilarrezkoak eta brontzezkoak kontatu gabe. Zerrenda luzea daukate,  ondo gordea. Otaegi 2005ean hasi zen eta hiru urte beranduago, igeriketa utzita, batu zen Unanue. Txuri-Berri taldean lehiatzen dira. 

Oihane Otaegi eta Mikel Unanue, zenbait garaikurrekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hvidovreko Kopan zilarrezko domina izan da Oihane Otaegi (Donostia, 1977) eta Mikel Unanueren (Donostia, 1982) azken lorpena. Espainiako txapelketa mistoa ere irabazi dute, baina onartu dute oraindik ere ez dutela kendu Olinpiar-aurreak utzi zien sentsazio gazi-gozoa. «Asko disfrutatu dugu eta ondo pasa dugu, behintzat», esan du Otaegik. Joan den asteburuan ekin zioten Espainiako txapelketa misto bikoitzari eta «hor gauzak ondo egiten baditugu, ez dut esaten irabaztea, segur aski kenduko dut arantza hori», onartu du Unanuek. 

Basque Team-ek eginiko erreportajean aipatzen zenuten bidaiatzea ezinbesteko bihurtu dela zuentzat kirolari gisahobetzeko.

Oihane Otaegi: Donostian, zorionez, patinajean zein hockeyan talde oso onak ditugu eta denok nahi dugu ordu gehiagoz entrenatu eta izotz hobe bat. Hockey eta patinajearen kasuan, nik uste dut izotz ona dutela, baina hain maila ona dute, ezen guretzat kontrakoa suposatzen du, izotza izorratu egiten dela. Hor erabaki genuen ezin ginela Donostian entrenatu; alde batetik, ordu gutxi zirelako eta, bestetik, lortu dugun mailarako ezinbestekoa genuelako izotz ona. Izotz ona da xafla batekin zapaldu gabekoa. Hori orain bertan, Espainia mailan, Jakan soilik daukagu eta bestela atzerrira joan behar dugu. Horregatik esaten nuen bidaiatzea ezinbestekoa dela bai lehiaketetan parte hartzeko eta baita entrenatzeko ere. Espainia mailan badaude lehiaketak, baina orain bertan Espainia mailan talde onenetarikoak ditugu, bai mistoan, bai misto bikoitzean, baina kanpora ateratzen garenean beste maila bati egin behar diogu aurre eta hor ikusten da ez dela nahikoa egiten duguna.

Zuen helburua da nazioartean maila ona lortzea? 

Mikel Unanue: 2008-2009. urte horietan Espainia mailan aurkitzen genituen gure mugak. Horregatik, oso garrantzitsua izan zen Txuri Urdin izotz jauregia hain gertu edukitzea, entrenatzen hasteko. Gero, Espainiako txapelketak irabazten hasi ginen, nazioarte mailako txapelketetan lehiatzen –2010-2011. urteetan– eta hor bai ikusi genuen ezinbesteko irteera bat: Europa mailan, Suitza edo Eskoziara, eta gero Espainian Jakakoa genuen pistarik gertukoena.

Bestalde, maila igotzeko, beste helburu batzuk lortzeko, zure konfort zona horretatik atera behar zara eta hasi behar zara Europa edo mundu mailan txapelketak egiten. Orain oso normala da guretzat Espainia mailan irabaztea, eta atzerrira joandakoan gure benetako aurkariak eta erronkak iristen dira. Uste dut kirol gutxituan, neguko kiroletan ere bai, erabakia etxean geratzea bada, ziurrenik ez dituzula lortuko beste helburu batzuk. 

«Guretzat Espainiako txapelketak dira giltzak nazioarteko mailan ibili ahal izateko. Gure helburua kanpoan dago eta horretarako badakigu Espainiako txapelketak irabazi behar ditugula»

Zuek ez zineten konformatu Espainiako txapelketetan emaitza onak lortzen. 

O.O.: Guretzat Espainiako txapelketak dira giltzak nazioarteko mailan ibili ahal izateko. Gure helburua kanpoan dago eta horretarako badakigu Espainiako txapelketak irabazi behar ditugula. Batzuetan lortzen dugu, beste batzuetan ez; ez pentsa txapelketa guztiak irabazten ditugunik. 

M.U.: Pixkanaka-pixkanaka hasi ginen emaitza batzuk lortzen, domina bat hemen beste bat han, eta azken urteetan Espainia mailan urrezko dominak lortzen ari gara jarraikitasun batekin. Europa mailan, hasi ginenean, oso zaila zen guretzat garaipen bat lortzea, eta gero, pixkanaka, postuak irabazten hasi ginen. 2018an mistoan, adibidez, zilarrezko domina lortu genuen Munduko Txapelketan. Guretzat pentsaezina zen. Azken bi urteetan Olinpiar Jokoetara sailkatzeko amets hori eduki dugu, baina hori ezinezkoa litzateke, etxean geratu bagina.  

Bi mugarri aipatu dituzu; bata, 2018ko Munduko Txapelketan curling mistoan irabazitako zilarra. Hor lortu zenuten goi-mailako kirolariaren zigilua.

O.O.: Ordura arte, Europa mailan ibiliak geunden, baina bi maila bereizten dituzte; A maila, Europako hamar talde, eta B mailan, beste hamar talde –C maila ere badago–. Guretzat B maila horretan aritzea izugarria zen; Europako 20 talde onenen artean geunden. Hemen esaten ziguten ez zela nahikoa, goi-mailako kirolarien agiria lortzeko Europako hamar onenen artean egon behar ginela. Hor daude Eskozia, Norvegia, Errusia, Suedia… onenak. Hasieran eman ziguten agiri hori, baina entzun behar izan genuen akatsa izan zela, ez zirela ohartu B mailan geundela. 

Eta agiri hori da ondoren bekak eskatzeko txartela modukoa, ezta?

O.O.: Ez zaigu ahaztuko sekula 2018ko txapelketara joan aurretik, pare bat aste lehenago, Basque Team-ekoekin egon ginela elkartuta. Bilera horretan esan ziguten mundu mailan 9. egotea ez zela nahikoa, 8. geratu behar ginela, gutxienez, goi-mailako kirolari izendatuak izateko. Kanadara joan ginen 8. postu horren bila eta ziurtatu genuenean izugarrizko festa izan zen, ze ari ginen ospatzen bagenuela jada goi-mailako kirolariak izateko agiria, ondoren lanean aurkeztu ahal izateko. Gero joan ginen final-laurdenetara, finalerdietara… 

Hau da, gehiago ospatu zenuten 8. postua ziurtatzea?

O.O.: Bai, agiria izango genuelako.

M.U.: Eta ez hori bakarrik, baita horrek suposatzen zuen guztia ere. Horrek suposatzen zuen ezetz esaten ziguten horiei, nahikoa ez ginela esan ziguten horiei, nolabait erakustea gure beste emaitza on bat. Guretzat konfirmazio bat zen. Jendea ez da gai zer egin behar den ikusteko. Espainia mailan emaitzak lortzeko, agian erraza izan daiteke, kakotxen artean, baina ez da hain erraza. Talde kirol bat da eta talde on batean hasten bazara agian lor dezakegu, baina zerotik hasita ez dut uste. Gainera, pixkanaka, kirol guztiak bezala, indartsuago bihurtzen ari da. Gure arazoa ez dago Espainian, kanpoan dago. Kanadako albisteetan agertzen zen Espainiak 200 lizentzia baino gutxiago dituela eta Kanadan bi milioitik gora. Arazoa ez da 200 lizentzia horien artean onena izatea, baizik eta gero 2 milioiren aurka emaitza bat lortzea. 

«Orain, oso harro gaude, txapelketetatik etorri eta guk ezer idatzi gabe, jada prentsan azaltzen baita. Guretzat hori izan da garaipena»

2018tik gaur egunera igarri duzue prentsan zuen presentzia handitu dela? Zuen izenak jada ez dira hain ezezagunak…

O.O.: Hasieran Espainiako txapelketetara joan eta irabazten genuenean, igandean bertan, prentsa-ohar txiki bat idatzi behar genuen eta egunkari guztietara bidali. Orain, oso harro gaude, txapelketetatik etorri eta, guk ezer idatzi gabe, jada prentsan azaltzen baita. Guretzat hori izan da garaipena. Orain Basque Teamen babesa ere badugu eta desberdina da. Hasieran zaila egin zitzaigun. 

M.U.: Guretzat hori asko da. Esaterako, niretzat babesa da etxera iristea eta zuk lortu duzun hori irakurtzea, ze horrek esan nahi du idazteko behar dituzun 20 edo 30 minutu horiek ez dituzula egin behar. Babesa da ere udaletxean harrera egin digutenean, edo gauzak egiten ditugunean, baloratua sentitzea. Ni baloratua sentitzen naiz. 2018tik aurrera nabaritu dugu diferentzia hori, miresmen hori.

O.O.: Eta serio hartzen dugula ikusten dela. Hasieran jendearentzat arraroa da, barre egiten du… 

Onartu behar dut badaudela bideo xelebre batzuk… 

O.O.: Bai, eta inauterietan ere mozorrotzen dira… Baina ulertzen dugu, oso kirol bitxia delako. Hasieran, gure sentsazioa zen ez gintuztela serio hartzen, pentsatzen zutelako oso erraza zela Espainian irabaztea. Baina ez zuten baloratzen aurretik genituen zailtasun guztiak; ez daukagu pistarik entrenatzeko, kirola ez dago egituratuta… Dena da hutsetik hastea eta beste kirolekin alderatuta, askoz ere atzeratuago gaude. 

M.U.: Eta komedia hori ere oso normala. Espainia mailan askotan esaten dugu maila altua dagoen kirolean, baina hori gezurra da. Zeren, zer da kirol maila altua izatea? Futbolean, saskibaloian eta beste bi kiroletan ona izatea? Niretzat, esaterako, Olinpiar Jokoak oso adibide ona dira kirol maila on bat izatea zer den ikusteko. Oraindik uste dut lan indartsuago bat egin behar dela kirol ezberdinak sustatzeko. Gure gazteek aukera izan beharko lukete edozein kirol aukeratzeko. Orain bertan, adibidez, curling-a eskaini nahi badut, ezinezkoa da, ez dago inongo azpiegiturarik. 

Mikel Unanue eta Oihane Otaegi, Espainiako txapelketa mistoan irabazitako urrezko dominarekin.

Zenbat zaudete Txuri-Berri klubean?

O.O.: Donostiakoak, oraintxe bertan, lau gara: bi neska eta bi mutil. Besteak dira Basauriko familia bat (aita, ama eta semea), Zaragozako neska bat, Leoneko beste bat, Bartzelonan bizi den kanariar bat eta Valladolideko beste neska bat. Jendea etorri da kanpotik gure taldea osatzera, ze hemen jokalari batzuek utzi egin dute ja zaila egiten zitzaielako erritmo hau mantentzea. Kanpoko jendeak ikusi du talde indartsua garela eta serio hartu nahi duten horiek atea jotzen dute. 

M.U.: Izugarrizko pena ematen dit egin dugun guztia, egin dugun ahalegin guztia, ezerezean geratzea. Kirolari baten bizitza da: hasi, egin, maila altuena lortzen saiatu eta gero transmititu. Transmititzeko modu asko daude –komunikabideak, blogak egin…–. Gure kasuan, gure kirolari bizitza bukatzean, transmisio hori oso zaila izango da.  Benetan uste dut aukera izugarria izango litzatekeela, hemen Euskal Herrian pista txiki bat edukitzea. Orain auostu egingo nuke –2018an Basque Teamekin apustu egin nuen bezala eta irabazi egin nuen–, pista bat edukiko bagenu Euskal Herrian, etorkizunean, Euskal Herriko curling kirolari batzuk Olinpiar Jokoetan egongo liratekeela. Daukadan guztia emango nuke. 

O.O.: Maialen Chourrrautek hiru domina olinpiko behar izan ditu Gipuzkoan kanala eraikitzearen proiektuaz berriro hitz egiten hasteko. 

M.U.: Neska edo mutil gazte batek bere gurasoengana jotzen badu eta esaten badu Maialen Chourrautek egiten duena egin nahi dut, aukera izan beharko luke, eta ez erantzutea Seu d’Urgell-era joan behar dela. Ez pentsatu kirolari olinpiko bat lortuko duzula azpiegiturarik eduki gabe. Kirolari asko daude baliabiderik ez dutenak. Zer da kirolak sustatzea Euskal Herrian? Nire ustez, azpiegiturak eta baliabideak ematea.

«Kirolari asko daude baliabiderik ez dutenak. Zer da kirolak sustatzea Euskal Herrian? Nire ustez, azpiegiturak eta baliabideak ematea»

Olinpiar Jokoetara sailkatzeko lehian izan zineten. Amorrua sentitu duzue?

O.O.: Bagenekien zaila zela. Gauzak hobeto egin genitzakeela argi daukagu. Badaude moduak helburuak ez lortzeko eta guk ez dugu lortu baina, gainera, ez dugu espero genuen bezain ondo egin. Guretzat hori da amorrurik handiena. 

M.U.: Bizi izan genuen esperientzia ez zen batere erraza izan.

Basque Teameko bideoa esaten zenuen buruan gauza asko zenituela…

O.O.: Ondo lehiatu nahi genuen baina, tamalez, bezperan motorrarekin erori egin nintzen, istripu txiki bat izan nuen eta ez nintzen ondo joan. Bagenekien %100 baino gehiago eman behar genuela aurkarien aurka partida onak egin ahal izateko, eta errenka iritsi nintzen, eta hor akabo. Ahal genuena egin genuen eta zaila izan zen. Honaino iritsi eta horrela egotea…

M.U.: Eta buruan gordetzen duzun gauza guztia. Ez da emaitza ez duzula lortu, baizik eta berez zure 100% hori ezin izan duzula eman, eta hor iristen da amorrua, haserrea, frustrazioa… Eta nik ez nuen hori ondo landu. Berriro beste erronka batean parte hartzen badut, beste helburu batzuk markatuko ditut. Emaitza hor egongo da, baina ez da gauza bakarra bihurtuko.