INFO

Udalaren traben aurrean, Zaldibarren gertatutakoa oroituko duen eskultura baten aldeko kanpaina

Zaldibar Argitu ekimenak duela bi urte zabortegian gertatutakoa oroituko duen eskultura bat jarri nahi du Eitzaga auzoan. Udalaren trabak salatu dituzte eta hau gauzatu ahal izateko herritarren artean kanpaina berezi bat abiatu dute.

Zaldibar Argituk eskulturaren aldeko kanpainaren berri eman du. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Iragan otsailaren 6an bete ziren bi urte Zaldibarko zabortegian ezbeharra gertatu zenetik. Bertan zendu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Azken honen gorpuzkiak ez dira oraindik agertu. Bigarren urteurren hori baliatu nahi zuen Zaldibar Argitu plataformak Eitzagan oroigarri bat, eskultura bat, jartzeko.

«Gertaera haren oroigarri fisikoa, bizia galdu zuten bi langileen omenez, beraien familia eta lagunen omenez, hondamendiaren eragina gertutik bizi duten auzokideen omenez, horrelakorik berriro gerta ez dadin aldarrikatuz kalera atera ziren herritarren omenez. Eitzagan gertatu zena inork ez dezan ahaztu», ezarri nahi zuten oroigarria. Baina Udalaren partetik trabak aurkitu dituzte eta ezin izan zuten jarri.

Gaur egindako agerraldian azaldu dutenez, urtarrilaren 4an aurkeztu zuten Zaldibarko Udalean eskultura Eitzagan jartzeko baimen eskaera. «Eskaeran zein lekutan jarri nahi genuen zehaztu genuen: auzoko errepidea eta oinezkoen gunea banatzen duen belarditxo batean. Belardi berean Udalaren panel bat ere badago. Inolako erabilerarik ez duen espazioa da», jakinarazi dute.

Eskari hark, baina, ezezkoa jaso zuen. Alkateak, dekretu bidez, ukatu zuen baimena. «Harriduraz hartu genuen erabaki hau, are gehiago ematen zuen arrazoia irakurrita». Gaur jakinarazi dutenez, honela zioen dekretuak. «Udal baimenik gabe jabari publikoan ezin dela oroigarririk jarri». Hori izan zen, ordea, baimena eskatzeko arrazoia.

Bestetik, Udalak hondamendia gogoratzeko oroigarri bat jartzea erabakita daukala dio dekretuak. «Oraindik ez dutela erabaki non, noiz eta zein motatako oroigarria jarriko duen. Baina jartzen denean, ohartaraziko digula bertan egon gaitezen», nabarmendu du plataformak, mezu hau «adar jotzea» dela eta «sentsibilitate gutxi» erakusten duela kritikatuz. «Herritarronganako errespetu falta itzela da, lotsagabekeria eta boterekeria».

Egoera horren aurrean erabaki dute herrian kanpaina martxan jartzea. «Eitzagan gertatutakoak izan dezakeen oroigarririk sentikorrena eta egiazkoena herritarron eskutik datorrena izango delako, herritarren ekimena delako, eta eskultura Eitzagan gertatutakoa oroitzeko bereziki sortua izan delako».

Aurreko astean atez ate hasi ziren eskulturaren erreplika txikiak banatzen eta herriko hainbat taberna eta dendetan ere eskuratu ahal izango da. Era berean, datozen asteetan hainbat ekintza egingo dituztela iragarri dute, «herritarren babesa lortzeko». «Alkateari eta udal gobernuari hartutako erabaki horretan atzera egin dezala exijitzen diogu, eta herritarron borondatea errespeta dezala».