INFO

Amets Azcue Etxepare lizeoko ikasle ohiak egin du aurtengo Baionako besten afixa

Amets Azcue Etxepare lizeoko ikasle ohiak sortu duen diseinuak bildu du boto gehien. Parisen ikasketak egiten dituen gazte zuraidarraren afixa baliatuko dute, beraz, aurtengo Baionako bestak iragartzeko.

Amets Azcue Baionako besteei begira eginiko afixaren ondoan. (Guillaume FAUVEAU)

Gaztea izanik ere bere lana aski ezaguna zen, hainbat gaztetxek bere diseinuak baliatu dituztelako. Izan ere bere izena askoz ezagunago eginen da hemendik aurrera.

22 urte ditu Baionako besten afixaren egileak. Amets Azcue du izena, zuraidarra da eta Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle ohia da. Egun Parisko Boulle eskolan jarduten du.

Martxoaren 1ean iragarri zuten Baionako Herriko Etxeak eta Besta Batzordeak bi urteko geldialdiaren ostean heldu den uztailaren 27 eta 31 artean iraganen diren bestak iragartzeko balio izanen duen afixa hautatzeko zabaldu zen lehiaketak utzitako emaitza.

Internet bidez eginiko bozketa horretan bozen %30,83 jaso zuen Azcueren lanak. Bigarren heldu zen Elodie Ganne, bozen %27,04 eskuratuta.

Aurten 16.898 lagunek parte hartu dute sei afixen artean onena hautatzeko lehian.

Euskal Herritik soilik ez mundu zabaletik ere heldu dira botoak. Hala Argentina, Quebec, Hong-Kong, Turkia, Italia... Lapurdiko hiriburutik zinez urrun bizi diren lagunek lehiaketan parte hartzeko hautua egin dute. Bistan da Baionako bestetako itzala luzea da.

Azcuek sortutako lanaren hiru laurdenak, arauek agindu bezala, bestetako ikurrek osatzen dute. Hiriko gakoak, dantzariak, Sainduizpirituko zubia, Herriko Etxearen fazada, katedrala... Osagai horiek guztiekin jokatu du sortzaileak zapi gorria fondo gisa baliatuz.

Handik aurrera artistak askatasunari bide eman dio. «Nire gisara moldatu ditut koloreak», azaldu du Baionako afixa ofizialaren aurkezpen ekitaldian Amets Azcuek.