BRICS taldeko herrialdeek Ukrainako gatazkarekiko duten jarrerari buruzko gakoak
Ukrainako gatazkak nazioarteko diplomazia astindu du eta herrialde eta erakunde askok Errusiaren aurkako neurriak hartu dituzte. Hala ere, nabarmentzekoa da Errusiarekin batera BRICS delako taldea osatzen duten herrialdeen jarrera desberdina izan da.
Nazio Batuetako 193 estatu kideetatik 141ek babestu zuten asteazkenean Errusiak Ukrainari egindako erasoa gaitzesten duen testua, eta bostek soilik bozkatu zuten aurka: Errusiak berak, Bielorrusiak, Siriak, Ipar Koreak eta Eritreak. Abstentzioaren alde egin zutenak 35 izan ziren, horien artean India, Hegoafrika eta Txina. Hiru hauek, Errusia eta Brasilekin batera, munduko ekonomia emergente handiak biltzen dituen BRICS izeneko blokea osatzen dute.
Txina
Txinak gatazka konpontzeko Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioen jarraipena babesten duela berretsi du. Bi herrialdeen lurralde-osotasunarekiko errespetua azpimarratzen du, baina Errusiak egindako «bidezko segurtasun-eskaerei» arreta jartzeko ere eskatzen du.
Bere abstentzioa azaltzeko, adierazi zuen ebazpenak «ez zuela gatazkaren testuinguru osoa kontuan hartzen». Era berean, mendebaldeak Errusiaren aurka hartutako erabakiak ere nabarmendu zituen.
Horrela, Txinak alde baten edo bestearen aldeko jarrera argia hartzea saihestu du. Azken hamarkadetan, geoestrategikoki, Errusiarekin lerratu da askotan, baina bere esportazioak Europaren mende daude Kremlinen mende baino gehiago. «Ukrainako egoera eta Errusiarekin ditugun harremanek eztabaidatzen ditugun bitartean, Txinaren interes legitimoak ez kaltetzeko eskatzen diegu guztiei», esan zuen bozeramaileak.
Brasil
Errusiak Ukrainaren aurkako erasoak hasi zituenetik, Brasilgo Gobernua gatazkarekiko nolabaiteko urruntze diplomatikoa mantentzen saiatu da. Baina horrek polemika sortu du Jair Bolsonaroren Gobernuan.
Lehen erreakzioan, Kanpo Harremanetarako Ministerioak «irtenbide diplomatikoa ekarriko duten» negoziazioen hasiera defendatu zuen, «Inplikatutako alde guztien bidezko segurtasun-interesak» kontuan hartuta. Hala ere, Hamilton Mourao presidenteordea argi eta garbi agertu zen Ukraina babesteko indarra erabiltzearen ale.
Atzo NBEn Brasilek Errusiaren erasoa gaitzestearen alde bozkatu zuen, baina bere jarrera zuhurra da oraindik. Gogoratu behar da Brasilgo nekazaritza-sektore boteretsua Errusiatik iristen diren ongarrien mende dagoela neurri handi batean.
India
Indiak, neutraltasun jarrerari eutsiz, «Ukrainako egoera gertutik begiratzen ari dela» adierazi du ostegun honetan. Errusiaren jarrera gaitzestea saihestu du, aliatu estrategikoa baita defentsaren eta ekipamendu militarraren arloan.
Bi herrialdeen arteko harremanak areagotu egin ziren joan den abenduan. Narendra Modi Indiako lehen ministroa eta Vladmir Putin bildu ziren, eta aliatu gisa zuten posizioa indartu zuten armei dagokienez.
«Gure kezka sakona adierazten dugu. Gatazka hau kontu handiz tratatzen ez bada, eskualdeko bakea eta segurtasuna ahuldu ahal da. Berehalako deseskalatzea eskatzeb dugu eta egoera okertu dezakeen edozein ekintza gaitzezten dugu», adierazi du Indiako ordezkari batek.
Hegoafrika
Hegoafrikak ez zuen Errusia gaitzestearen alde bozkatu NBEren Batzar Nagusian, argudiatuz proposatutako ebazpenak ez duela elkarrizketarako «ingurune egokia» sortzen. «Tamalez, ebazpena ez da zubiak eraikitzeko plataforma gisa erabiltzen ari», adierazi zuen Mathu Joyini Hegoafrikako ordezkariak NBEn.
Hegoafrikaren ustez, arreta handiagoa eskaini behar zitzaion aldeen arteko elkarrizketa bultzatzeari. Hala, gogoratu behar da Afrikako herrialdeak otsailaren 24an eskatu ziola Moskuri berehala erretiratzeko indarrak Ukrainatik.